Hiru asteko geldialdiaren ostean, etzi itzuliko da Beti Onak lehiara. Ligako bigarren itzuliari ekingo dio, Malagaren aurka, etxetik kanpo. Miguel Etxeberria (Iruñea, 1988) taldeko entrenatzailearen hitzetan, taldea «ondo» dago bigarren itzuliari begira: «Min hartuta zeuden hainbat jokalari berreskuratu ditugu, eta lehiaketa guztietan bizirik jarraitzen dugu; taldea ondo ikusten dut». Bosgarren sailkatuak dira nafarrak, eta, liga oraindik luzea den arren, titulua irabazteko kanporaketak jokatzeko postuetan egonkortu nahi dute, eta «hortik abiatuta, denboraldi amaierara nola iristen diren ikusi». Denboraldiaren zatirik «politena» geratzen zaiela baieztatu du Etxeberriak.
«Oso ona». Horrela definitu du Etxeberriak taldeak ligan egindako lehen itzulia. Min hartutako zazpi jokalarirekin hasi zuten denboraldia, eta zalantza zeukaten gainontzekoek nola erantzungo zioten egoerari. «Hainbat jokalarik aurrerapauso bat eman dute, hutsune horiek betetzen jakin dugu, eta, azkenean, joan den denboraldian baino bost puntu gehiagorekin iritsi ginen Gabonetako oporraldira». Hemezortzi puntu dituzte nafarrek, eta, horrela, aurreko denboraldi amaieran zituzten puntuak berdindu dituzte kasik. Gauzak horrela, ligako lehen itzuliaren balantzea «oso ona» dela baieztatu du Etxeberriak.
Taldearen joera positiboa, ordea, ez da kasualitatea. «Oso talde orekatua osatzea lortu dugu, eta erasoko postu bakoitzean jokalari apartak ditugu. Hori dela eta, aurkariek sarritan ez dute jakiten zer egingo dugun, eta, horrela, akats gehiago egin ohi dituzte». Jokalari gazteak erakusten ari diren maila ere azpimarratu du Beti Onak-eko entrenatzaileak: «Gurekin jokatzen zebiltzan jokalari gazteek aurrerapauso nabarmen bat eman dute. Horrela, talde helduago bat osatu dugu, eta maila hobea erakusten ari gara, kasik jokalari berberekin». Etxeberriaren ustez, emaitza on horien gakoa «oldarkorrak izatea, defentsa gogorra egitea eta korrika egitea» izan da, lortu duten «heldutasun» hori ahaztu gabe.
Hala ere, haren ustetan, oraindik ere taldeak badu zer hobetua, entrenatzaileek beti «gehiago» nahi izaten baitute. Batetik, «jaurtiketen eraginkortasuna» hobetu nahi du, hau da, sortzen dituzten aukera guztiak, edo gehienak, «golean» amaitzea. Bestetik, defentsa lanean garrantzitsuak diren zenbait jokalari falta direnean, beste hainbat jokalarik «aurrerapauso bat» ematea nahi luke, hau da, zenbait jokalari min hartuta egonda ere, atzeko lanean «eraginkorrak» izatea.
Aitortu duenez, ligako bigarren itzulia lehenengoa bezain ondo joan dadin, garrantzitsua izango da «helburuak jartzea». «Geure buruari helburuak jartzea ezinbestekoa izango da ligari atxikita mantentzeko eta lehen itzulian lortutakoa berdintzen saiatzeko». Izan ere, nafarraren ustetan, ligako talde guztiek «aurrerapauso bat» eman ohi dute bigarren itzulian, urteko zati erabakigarrira heltzen ari baitira. «Maila hobetu egin ohi da, eta puntuak lehen baino garestiago egoten dira. Beraz, guk ere gure maila hobetzen ahalegindu behar dugu, ahalik eta lehiakorrenen aritzeko». Hori horrela, bigarren itzuli honetan taldeak jarri duen helburua argia da: «Lehen zortzi sailkatuen artean amaitzea».
«Geure buruari helburuak jartzea ezinbestekoa izango da ligari atxikita mantentzeko eta lehen itzulian lortutakoa berdintzen saiatzeko»
MIGUEL ETXEBERRIA Beti Onak taldeko entrenatzailea
Liga alde batera utzita, nafarrek badute joan den denboralditik oso gustuko duten beste lehiaketa bat: Espainiako Kopa. Joan den denboraldian lehen aldiz aritu ziren Kopan, eta bigarren postuan amaitu zuten. «Gure lehen aldia zen Kopan, eta inork ez zuen espero hain ondo arituko ginenik. Beraz, horrek lasaitasunez jokatzeko modua eman zigun». Aurten, ordea, «gertuagotik zainduko» dituztela uste du. Hala ere, aurkaria edozein dela ere, aukera izango dutela uste du. «Jokalariei asko gustatzen zaien lehiaketa bat da, eta edonoren aurka ondo aritzen saiatuko gara partida osoan zehar».
Europa ere, begiz jota
Urtarrilaren 17an, berriz, Europako Kopako final-zortzirenak jokatuko ditu Beti Onak-ek, Bursa Buyuksehir Turkiako taldearen aurka. Joaneko partida Atarrabian (Nafarroa) jokatuko dute, eta itzulikoa, berriz, Turkian. Lehen aldiz ari da Beti Onak lehiaketa horretan, eta, Etxeberriak azaldu duenez, «herri guztia ilusioz gainezka dago». Nafarrek ez dute inolako presiorik sentitzen; beraz, haien helburu nagusia «disfrutatzea» da.
Etxeberriak uste du kanporaketa «zaila» izango dela. «Aurkari gogor bat daukagu aurrean, Europan lehiatzen hainbat urte daramana. Gainera, itzuliko partida Turkian izateak are zailagoa egiten du kanporaketa». Final-laurdenetarako sailkatzeko gakoak huts «gutxi egitea, bi partidetan oso ondo aritzea, ausartak izatea eta baloiari abiadura ematea» izango direla azpimarratu du.
Etxeberriak, ordea, ez du denboraldia emaitzen arabera soilik neurtu nahi. Etorkizunean beste zerbait oroitu nahiko luke sasoi honetaz gogoratzean: «Taldea lehiaketa guztietan ausarta izan dela oroitu nahi nuke, duen estiloari eutsi diola eta une zailenetan ere ez duela nortasuna galdu». Azken finean, denboraldi «polita» izan dela oroitu nahi du, betiere «iazkoa hobetuta», ahal bada.