FUTBOLA

Lehen izenak azaldu dira Athleticen: Josh Schirmer eta Ramon Planes

Aretxabaletak lehendakaritzarako hauteskundeak irabaziz gero, teknikari estatubatuarrak zuzenduko luke emakumezkoen harrobiaren metodologia, eta Barkalak irabaziko balu, kataluniarra izango litzateke kirol zuzendaria

Iñaki Aretxabaleta Athleticeko presidente izateko hautagaia. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 10a
13:10
Entzun

Beharrezkoak ziren bermeak lortu eta ofizialki Athleticeko presidentegai bihurtu ondorengo egunean hasi dira hautagaiak lehen izenen berri ematen. Hala, Iñaki Aretxabaletak hilaren 24ko hauteskundeak irabaziz gero, Josh Schirmer entrenatzaile estatubatuarrak zuzenduko luke emakumezkoen harrobiaren metodologia.

Schirmerrek Sparta Pragaren emakumezko taldea zuzendu zuen, eta, hura aulkian izanda, taldeak Txekiar Errepublikako liga eta kopa irabazi zituen. Horri esker, Txapeldunen Liga jokatu zuen. Sasoi honetan, gizonezkoen taldearen analista lanetan aritu da.

Ikusi gehiago:Uriartek lortu du berme gehien, eta Aretxabaletak gutxien

Hiru hautagaien artean, Aretxabaletak lortu ditu berme gutxien, baina, hala ere, baikor dago. «Bermeena langa bat pasatzea da, eta pasatu dugu. Orain, azken fasea da, eta horretan jokatzen da dena. Bermeak ez dira gerta daitekeenaren adierazle. Ezustekoa emango dugu».

Haren ustez, Athleticek «zorra» du zaleekin. «Haurrek ez dute Athletic txapeldun bat ikusi, eta zor hori kitatu behar dugu, eta kluba haren historiaren eta zaleen altueran jarri. Gure egitasmoa gaindiezina da, eta inori lotuta ez dagoen lantaldea dugu. Klubaren alde lan egitera gatoz. Jende zuzen eta garbia gara».

Kirol egitasmo «anbiziotsua eta ilusionagarria» eraiki nahi du, «profesional onenekin», eta Lezama «munduko harrobi onenen mailara igo». Egoera ekomikoa «ona» dela dio, baina zehaztu du «kontuak orekatu» behar direla, «jokalari garrantzitsuak saldu gabe talentuari eusteko».

Ricardo Barkalak, berriz, haren lantaldea aurkeztu du goizean, eta arratsaldean jakinarazi du hark irabaziz gero, Ramon Planes izango litzatekeela kirol zuzendari. Tottenhameko eta Bartzelonako idazkari teknikoa izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.