Lehenago behar zuten tokian

Berasaluze VIII.ak eta Bengoetxea VI.ak lau t'erdiko finalean lehen aldiz sartzea dute gaur jokoan, Iruñean

Bere burua kontrakantxara bota arren, Pablo Berasaluzek ezin izan du pilota bueltatu, Bilbon jokaturiko partida batean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaila da sinesten, baina Oinatz Bengoetxeak eta Pablo Berasaluzek gaur jokatuko dute euren ibilbideetako lau t'erdiko txapelketako lehen finalerdia. Kaiola jokorako dohain ezin hobeak izan arren, aurten iritsi dira biak aurrenekoz egun handiaren atarira. Berasaluzek 35 urterekin, eta profesionaletan hamalau urte egin ondoren, jokatuko du bere ibilbideko partida garrantzitsuena. Bengoetxeak, berriz, 28 urterekin; hamar urte behar izan ditu lau t'erdian behingoz bide esanguratsua egiteko. Gaurko irabazleak abenduaren 2an jokatuko du finala, Irujo edo Olaizola II.aren aurka.

Bi aurrelariek txapelketan ia urtero parte hartu duten arren, inoiz ez dute elkarren aurka jokatu lau t'erdian. Biak ala biak sasoi bikainean daude, eta erakustaldi fisikoak eman dituzte aurreko partidetan. Berasaluzek jokaturiko lauak irabazi ditu; Bengoetxeak, berriz, hiru, eta Olaizola II.aren aurka bakarrik galdu du. Gorpuzkera antzekodunak dira, ez dira 1,78 metrora iristen, ezta 80 kilora ere, eta erasokor jokatu dute txapelketan.

Lau t'erdiko jokoa asko aldatu da azken urteetan. Aire jokoak erritmoa bizitu du, eta bilakaera horrek mesede handia egin die biei. Berasaluzek urteak daramatza berdin jokatzen, baina pilotak aldatu ziren arte amore eman behar izaten zuen botera bizi jokatzen zuten aurkarien kontra. Berrizkoa primeran ari da sakatzen, hogei tanto lortu ditu lehen pilotakadarekin lau partidatan eta tanto asko sake-erremateari esker.

Bengoetxeak, aldiz, eskarmentua du alde. Gazteagoa izan arren, ohituago dago bakarkako partida handiak jokatzera, manomanistako lau finalerdi adibidez. Sarrera ona egongo da Labriten, baina ez da beteko, eta apustuak Bengoetxearen alde irtengo dira: 100-70i.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.