Aurrenekoa edo seigarrena

Ibai Martirenak lehen finala jokatuko du binaka, etzi. «Lasai» dago. Javier Urrizak zortzigarrena du: «Azken aukeretako bat da beste txapel bat lortu ahal izateko».

Binakako Erremonte Txapelketako pilota aukeraketa
Ansa, Martirena, Urriza eta Azpiroz atzoko pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Hamabost urteren eta bost txapelen aldea. Horixe da Ibai Martirenaren eta Javier Urrizaren artean dagoen aldea. Biak aurrez aurre izango dira larunbatean, Hernaniko Galarreta frontoian, Erremonteko Binakako Txapelketako finalean. Martirenak Imanol Ansa izango du bikotekide, eta Urrizak, berriz, Xabier Azpiroz. Final batean debuta egiten duen erremontista baten eta eskarmentua duen beste baten talaiatik aztertu dute partida, eta biek nabarmendu dute jokatzeko daukaten ilusioa. Norgehiagoka polita espero dute biek, eta uste dute erabakigarria izango dela nork izango duen jokoaren ekimena. Partida azkarra komeni zaie Ansari eta Maritenari; gogorra, berriz, Urrizari eta Azpirozi. Hala diote, behintzat, batak zein besteak. Finalera begirako azken egitekoa atzo egin zuten: pilotak aukeratu. 

Aurreneko finala izan arren, «patxadaz» helduko dio finalari Martirenak. «Berez, lasaia naiz. Behin materiala aukeratuta, bihar hasiko gara batez ere finalaz hitz egiten Imanol eta biok. Hura ni baino urduriagoa da». Txapelketako partida guztiak irabazi dituzte orain arte, eta horrek «konfiantza» ematen diela nabarmendu du. «Biei oso garai onean iritsi zaigu txapelketa hau. Oso ongi ezagutzen dugu elkar. Egun berean egin genuen debuta profesionaletan, nahiz eta elkarren aurka jokatu. Horrek asko lagundu digula uste dut». Emaitzei erreparatuta, «normaltzat» jo du adituek faboritotzat jotzea. «Gainera, Imanol egungo buruz buruzko txapelduna da. Baina haiek ere oso ongi daude; larunbatean jokatu zuten finalerdia ikustea besterik ez dago. Oso ongi ikusten ditut».

Larunbateko finalera begira, orain arte bezala jokatu behar dutela berretsi du. «Txinparta dugun bi erremontista gara, eta partida motza izatea komeni zaigu. Horretarako, bizi eta abiaduraz jokatu behar dugu. Gainontzean, Urriza tantoak luzatzen eta gogortzen saiatuko da, eta halakoetan oso ongi moldatzen da. Gainera, Xabi oso atzelari ziurra da, eta fisikoki oso ongi dago. Urrizari komeni zaion atzelari mota da. Bikote handia egiten dute. Final polita izango dela uste dut».

«Ilusioa egiten dit Imanoli [Ansa] urte berean bi txapelak irabazten laguntzeak. Niretzat ere handia litzateke, lan asko egin baitut hona iristeko. Txapelarekin izen ona lortzen duzu, eta partida gehiago jokatzeko aukera ematen dizu».

 IBAI MARTIRENA Erremontista

Argi du asko estutu beharko dituela hortzak. «Haiek Imanol jokoan sar ez dadin ahaleginduko dira. Baina ni prest nago. Txapelketako lehen partidetan kostatu egin zitzaidan jokoan sartzea, baina orain konfiantzaz nago. Ederra litzateke partidarik galdu gabe txapelketa irabaztea. Gainera, ilusioa egiten dit Imanoli urte berean bi txapelak irabazten laguntzeak. Niretzat ere handia litzateke lehen txapela irabaztea, lan asko egin baitut hona iristeko. Txapelarekin izen ona lortzen duzu, eta partida gehiago jokatzeko aukera ematen dizu. Hori ere garrantzitsua da».

Behetik gora

Urrizak, berriz, zortzigarren finala jokatuko du, eta bost aldiz jantzi du txapela. Lehena 2007an irabazi zuen, Iñaki Lizasorekin; azkena, berriz, 2019an, Iban Larrañagarekin. Nabarmendu du «ilusioz» helduko diotela biek finalari. «Are gehiago kontuan hartuta zenbat kostatu zaigun finalera iristea». Lehen bi partidak galdu eta gero, «ia txapelketetatik kanpo» zeuden. «Egoera iraultzea lortu genuen ligaxkako azken bi neurketetan, eta finalerdietan txapelketako partidarik onena jokatu genuela uste dut. Horrek indar handia eman digu. Larunbatean biribildu egin nahi dugu lana, txapela irabazita». Argi du zein izan den gakoa egoera iraultzeko. «Bakarka, gure ohiko jokora gerturatuz joan gara; bikote moduan, berriz, elkar gehiago ezagutu ahala, garbiago izan dugu zer egin aurkariei gauzak zail jartzeko».  

Final asko jokatu ditu, eta, horrek ematen duen esperientziarekin, nabarmendu du «funtsezkoa» izango dela «urduritasuna eta tentsioa» ondo kudeatzea. «Horretarako, erabakigarria izaten da partidari ondo eta arreta handiz ekitea. Horrek hasierako tentsio hori kentzen laguntzen dizu. Hortik aurrera, ausartak izan behar dugu, eta jokoaren ekimena izan. Izan ere, haiek izaten badute, oso arriskutsuak dira. Hori da haien indargunea. Irabazi nahi badugu, erasokor aritu beharko dugu, eta haiek arreta defentsako lanean jarrita eduki». Aurkariak jokoa atzean kargatzen saiatu daitezkeela uste du. «Litekeena da. Baina urteen poderioz zera ikasi dut, gauza bat dela aurretik buruan duzun estrategia edo taktika, eta bestea partidak hori gauzatzeko aukera ematen dizun. Hori da zailena. Gainera, lasai nago; Xabi sekulako txapelketa egiten ari da, eta ez dut uste ni saihestuta soilik irabazi egingo dutenik».

«Erabakigarria izango da partidari ondo eta arreta handiz ekitea. Hortik aurrera, ausartak izan behar dugu, eta jokoaren ekimena izan. Izan ere, haiek izaten badute, oso arriskutsuak dira. Hori da haien indargunea. Erasokor aritu beharko dugu». JAVIER URRIZAErremontista

Bere buruari ere erreparatu dio, eta onartu du txapelketa hasieran ez zela ondo aritu. «Zalantza askorekin hasi nintzen, eta ezin nuen nahi bezala jokatu. Baina, gogor entrenatuz, hobetu egin dut, eta uste dut ondo nagoela finala jokatzeko». «Debuta egingo duen jokalari baten pare» gozatu nahi du finalaz. «Jakitun naiz nire kirol ibilbidearen azken txanpan nagoela, eta hau izan daitekeela azken aukeretako bat halako txapel bat irabazteko. Izan ere, buruz buruz beste maila batean daude aurkariak. Urteek ez dute barkatzen». Hori bai, txapelak ez du obsesionatzen. «Espero nuena baino askoz gehiago lortu dut nire kirol ibilbidean, eta txapel bat gehiago edo gutxiago izateak ez du hori aldatuko. Egia da, hala ere, gero eta gehiago kostatzen zaidala jokoa hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.