Itzuli handietan itzal handikoak izan dira Chris Froome, Nairo Quintana eta Simon Yates. Halako 11 irabazi dituzte hiruren artean. Julian Alaphilippe, berriz, errematatzaile gisa nabarmendu izan da, eta, besteak beste, birritan irabazi du Munduko Txapelketa, eta behin Milan-Sanremo. Garai baten ikur izan dira, baina itzaltzera egin dute kasurik gehienetan, txapeldun berriak agertzearekin batera, eta sasoi honetan esan diote agur ziklismoari. Primoz Roglic ere zerrenda horretan sar liteke urtea amaitzerako, zalantza baitu jarraitu edo ez jarraitu. Hark ere agur esango balu, beste bost itzuli handi eta monumentu bat gehitu beharko litzaizkioke aurten ziklismoa utzi duten txapeldunen bildumari. Euskal zaleen artean arrastoa utzi dute, baina haiek baino gehiago Pello Bilbaok eta Ion Izagirrek.
Chris Froome: gorenetik beheraino
Gailurrera iritsi ondoren, gainbehera luzea izan du Chris Froomek (Nairobi, Kenya, 1985). Ezbeharrek guztiz baldintzatu dute haren ibilbidearen azken zatia. 2019an erorketa larria izan zuen, eta ezinean aritu da geroztik. Egoskor jarraitu du, halere. Israel taldean, gehiegi atzeratu du erretiroa hartzeko tenorea. Azkenean, ez zaio beste aukerarik geratu, iaz auto batek harrapatu eta lesio larriak izan ondoren. Talderik gabe geratu zen sasoi honi begira, eta kirol ibilbidea bukatutzat eman zuen Tourraren aurretik. Hain justu, lasterketa horretan jo zuen goia Froomek, maillot horia lau bider irabazita. Vueltan, berriz, birritan nagusitu zen, eta behin Giroan. Sky ahaltsuaren buru izan zen, pedalei modu bitxi eta eraginkorrean eraginez. Itzuli handietako txapeldun handienen sailean dago.
Nairo Quintana: eskalatzaile petoa
Tourrean Froomeri aurre egiten saiatu zen Nairo Quintana (Combita, Kolonbia, 1990), baina alferrik. Hartara, ezin izan zuen bete askotan aipatutako amets horia. Dena den, hiru aldiz igo zen Tourreko podiumera, eta txapeldun izan zen 2014ko Giroan eta 2016ko Vueltan. Gazte iritsi zen World Tourrera, Movistarren eskutik, eta sekulako gaitasuna erakutsi zuen lehen urteetan. Gerora, apaldu egin zen haren maila, eta jarrera uzkurragoa erakutsi zuen errepidean. Dena den, mende honetako eskalatzailerik onenetako bat izan da Quintana. Mendateak igotzeko gaitasunari esker, 53 garaipen lortu ditu profesional gisa. 2013an Euskal Herriko Itzulian gailendu zen, eta astebeteko beste itzuli batzuk ere irabazi ditu World Tourrean: Erromandiako Itzulia, Kataluniako Volta eta Tirreno-Adriatikoa —bi aldiz—.
Julian Alaphilippe: erasoz eraso
Errematatzaile gisa, garaipen ugari lortu ditu Julian Alaphilippek (Saint-Amand-Montrond, Frantzia, 1992). Horietako batzuk, Euskal Herrian: 2018an Donostiako Klasikoa irabazi zuen, eta Itzulian lau etapa bereganatu ditu guztira. Txirrindulari oldarkor eta nekaezina izan da, erritmo aldaketa bizikoa, eta ezaugarri horiek Munduko Txapelketan nagusitzeko balio izan zioten, 2020an eta 2021ean. Ardenetan, lekukoa hartu zion Alejandro Valverderi, Fleche Wallonnen hiru aldiz nagusituta. 2019an Milan-Sanremo irabazi zuen, eta Tourrean hamalau egun egin zituen horiz jantzita. Sekula ez da hautagai izan itzuli handietan, baina bosgarren amaitu zuen Tour magiko hura. Grande Boucle-an sei etapa irabazi ditu, eta garaipen bana lortu du Giroan eta Vueltan. Onenak emanda zituela, aurtengo Tourra izan da lehiatu den azken lasterketa.
Simon Yates: arantza atera du
Hamahiru urteko ibilbidean mendate asko igo ditu Simon Yatesek (Bury, Ingalaterra, 1992), baina Finestrek utzi dio arrastorik handiena. Mendate horretan erabat hondoratu zen 2018ko Giroan, eta elastiko arrosa Froomeri eman behar izan zion, hamahiru egunez soinean eraman eta gero. Bada, zazpi urte geroago, Yatesek arantza atera zuen, eta Giroa irabazi; nola-eta Finestren eraso eginda, mendiko azken etapan. Espainiako Vuelta ere ageri da Yatesen garaipen zerrendan, eta hiru itzuli handietan bereganatu ditu etapak: sei Giroan, hiru Tourrean eta bi Vueltan. Erretiroa bat-batean hartu zuen, urtea hasi berritan, Visma taldearekin denboraldia prestatzen ari zela, eta artean Giroko txapeldun gisa. Tourreko etapa bat ere irabazi zuen iaz; hots, indar betean zen oraindik.
Pello Bilbao eta Ion Izagirre: beti fidagarri
Izen handienen itzalean, maila distiratsua eskaini dute Pello Bilbaok (Gernika, Bizkaia, 1990) eta Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Jokaeraz eredugarriak izan dira, eta emaitza aldetik, oso erregularrak. Bilbaok hamazazpi garaipen lortu ditu hamasei urteko ibilbidean; horietatik bi Giroan, bat Tourrean eta beste bat Itzulian. Horrez gain, Giroan hiru aldiz izan da sailkapen nagusiko sei onenen artean, eta Tourra bi aldiz amaitu du lehen hamar postuetan. Izagirrek ere hamasei urte egin ditu profesionaletan, eta hogei garaipen lortu. Bereziena, ziurrenik, 2019ko Itzulian eskuratu zuen, azken etapan sailkapen nagusia iraulita. Gainera, itzuli handi guztietan altxatu ditu besoak: bi aldiz Tourrean, eta behin Giroan eta beste behin Vueltan.
Ez batak ez besteak ezin izan dute Donostiako Klasikoa irabazi. Bai, ordea, Bauke Mollemak —2016an, hain zuzen—. Hura ere aurten erretiratu da, palmaresean monumentu bat duela: 2019ko Lombardiako Giroa. Bob Jungelsek, berriz, 2018ko Lieja-Bastogne-Lieja irabazita esango du agur.
Amanda Spratt eta Ashleigh Moolman: bidea urratu dute
Emakumeen tropelean ere hutsuneak izango dira datorren denboraldian. Handiena Amanda Sprattek (Penrith, Australia, 1987) eta Ashleigh Moolmanek (Pretoria, Hegoafrika, 1985) utzi dute. Erreferente izan ziren emakumeen ziklismoaren garapen eta profesionalizazio prozesuan, eta txirrindularitza hedatzen lagundu dute Ozeanian eta Afrikan. Errepidean, maila handiko igotzaileak izan dira biak, eta aurrean ibili dira itzulietan nahiz klasikoetan. Giroko podiuma birritan zapaldu dute, eta Emakumeen Bira irabazitakoak dira; Moolman 2017an gailendu zen, eta Spratt, 2018an.