Arrauna

ETE liga: lehia parekatua espero da

Asteburuan hasiko da emakumezkoen arrauneko bigarren liga. Larunbatean Astilleron ariko dira, eta igandean, Pasai Donibanen. Zortzi ontzi ariko dira lehian, aurreko sasoian baino bat gutxiago. Hondarribia, Zarautz eta Kaiku espero dira goiko lehian.

Zarauzko arraunlariak iaz. GORKA RUBIO/FOKU
2026ko ekainaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu dira egin beharreko probak eta esperimentuak. Larunbatean ekingo diote ETE Ligari Astilleron (Espainia), eta igandean Pasai Donibanen (Gipuzkoa) jokatuko den estropadarekin osatuko da asteburua. Joan den denboraldian bederatzi talde izan ziren; aurten berriz bat gutxiago, zortzi. Hamalau estropadak osatuko dute aurtengo egutegia, eta bi onenek Euskotren ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko aukera izango dute. Lehia estua espero da aurtengoan ere. 

Iazko emaitzei erreparatuta, Hondarribia, Zarautz eta Kaiku izango dira ziurrenik goiko lehian egoteko hautagai nagusiak. Hondarribia da Euskotren ligatik jaitsi zen taldea, hiru denboraldi gorenean eman eta gero. Zarautzek mailaz igotzeko kanporaketak jokatu zituen aurreko denboraldian, eta Kaiku atean geratu zen. Beste ontziak haien mailara gerturatzen eta haiek estu hartzen saiatuko dira: Deustu, Hernani, Isuntza, Ondarroa eta Portugalete.

Nahikari Osak (Zumaia, Gipuzkoa, 2005) hiru denboraldi daramatza Zarauzko traineruko patroi gisa. Orain arte ordezko moduan aritu da, baina aurten titular izango da. Ardura hori nola hartu duen kontatu du: «Arraunlariei konfiantza transmititzeko gogoz nago. Joan den denboraldiko akatsetatik ikasi nahi dut, eta horrekin batera gora egin». Joan den denboraldian liga irabazi zuten, baina ez zuten mailaz igotzea lortu. Hori «kolpea» izan zela aitortu du Zarauzko patroiak. Kontxan ez sartzea «gogorra» izan zela aitortu du, eta horrek eragina izan zuela kanporaketetan. «Hori izan zen gakoa. Bi aste gogor igaro genituen, eta San Juan ongi aritu zen».

Zarauzko ontziko arraunlariek 20 urte dituzte batez beste. Talde gaztea izanik ere, dagoeneko erakutsi dute gaia badutela. Joan den urteko oinarriari eustea lortu dute, eta horren garrantzia azpimarratu du Osak: «Hiru arraunlari izan ezik, gainontzekoak hemen izango gara aurten. Horrek traineruaren zati handi bat mantentzea esan nahi du, eta hori garrantzitsua da lortu nahi ditugun helburuei begira». Helburuen inguruan ere aritu da Zarauzko patroia: «Joan den urtean egindakoa berriz egitea gustatuko litzaiguke, eta, ahal bada, hobetzea». Hori lortzeko Osak lerro zuzenean joatearen garrantzia azpimarratu du: «Funtsezkoa izango da daukagun oinarriari eustea ahalik eta gehienetan. Estropada bakoitzean gehienez aldaketa bat edo bi egin behar ditugu».

«Hiru arraunlari izan ezik, gainontzekoak hemen izango gara aurten. Hori garrantzitsua da lortu nahi ditugun helburuei begira»

NAHIKARI OSA Zarautz Arraun Elkarteko patroia

Kaiku izango da lehian arituko den beste ontzietako bat. Hirugarren egin zuen joan den denboraldian, eta mailaz igotzeko kanporaketak jokatzeko atarian geratu zen. Jone Garcia de Andoin (Sestao, Bizkaia, 2001) da traineruan arraun luzea eramatearen arduraduna. Denboraldia aste honetan hasiko da, eta taldea nola dagoen azaldu du Kaikuko patroiak: «Taldea ongi eta bateratuta dago. Aspaldi hasi ginen atzerako kontaketa egiten». Hasteko, hala ere, joan den denboraldiaren balorazioa egin du Garcia de Andoinek: «Denboraldi irregularra izan zen. Ez genuen negu erraza izan, eta horrek eragina izan zuen». Zalantzaz betetako sasoi baten ostean, funtsezkoa da horiek lehenbailehen uxatzea. Kaikuko patroiak aurtengo denboraldiaurrea nolakoa izan den azaldu du: «Taldekide berriak etorri dira. Aurtengo negua iluna, hotza eta euritsua izan bada ere, etengabe eta ongi aritu gara lanean». 

«Taldea ongi eta bateratuta dago. Aspaldi hasi ginen atzerako kontaketa egiten»

JONE GARCIA DE ANDOIN Kaikuko patroia
Kanporaketak helburu

Aurtengo denboraldian taldeak ezarri dituen helburuez ere aritu da Garcia de Andoin: «Kanporaketak jokatzeko postua lortzea izango da aurtengo helburua. Hala ere, denboraldia luzea da, eta estropadaz estropada joan behar dugu». Helburu horiek betetzen hasteko lehen urratsak egiteko garaia heltzear den honetan, Kaikuko patroiak nola dagoen kontatu du: «Ongi nago. Seguru ikusten dut neure burua. Gogotsu nago». 

Ligan zortzi talde izango badira ere, guztiek helburu ezberdinak izango dituzte. Bi patroiek bat egin dute Hondarribia «koska bat gorago» dagoela esatean. Baina harekin batera euren taldeak ikusten dituzte lehian. Bestalde, adierazi dutenez, Ondarroa, Isuntza eta Deustu maila apalagoan arituko dira beharbada, baina «noiznahi» sartu daitezke lehian. Horri lotuta, Osak azpimarratu du litekeena dela lehia nahiko parekatua izatea: «Orain arte, ikusi da talde guztiek aurrerapauso bat eman dugula, eta baliteke hori lehian islatzea».

ETE Liga

Parte hartzaileak: Deustu, Hernani, Hondarribia, Isuntza, Kaiku, Ondarroa, Portugalete, Zarautz.

 

ete liga

Ekainak 20. Astillero Ekainak 21. Pasai Donibane 

Ekainak 27. Elantxobe 

Uztailak 5. Zarautz 

Uztailak 11. Camargo 

Uztailak 12. Lekeitio. 

Uztailak 19. Portugalete. 

Uztailak 25. Sestao. 

Uztailak 26. Zumaia. 

Abuztuak 1. Ondarroa. 

Abuztuak 8. Hondarribia. 

Abuztuak 15. Castro Urdiales

Abuztuak 22. IV. Zarautz. 

Abuztuak 23. Bilbo 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA