Esperimentua deitu diote hasieratik Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osatutako bikoteari. Esperimentua, bai, Altuna eta Ezkurdia lehen aldiz ari baitira jokatzen elkarrekin binakako txapelketa, eta, hori egiteko, arbizuarra atzelari ari baita. Esperimentuak edo arrakastatsuak dira edo porrot egiten dute. Bada, Altuna eta Ezkurdiarena arrakastatsua izan da erabat, finala jokatuko baitute.
«Balentria egin dute. Txapelketa aurkeztu zutenean, esaten zen bikote ederra osatzen zutela, baina finala jokatzea ezusteko txiki bat da. Nolanahi ere, merezita daude finalean. Bikain ari dira», azaldu du Abel Barriola pilotari ohiak (Leitza, Nafarroa, 1978). Haren ustez, Altuna eta Ezkurdia «lehiakortasunaren eredu» izan dira. «Denetik bizi izan dute: lehenik, erraz irabazi zituzten lehen bi partidak, eta pentsarazi ziguten haiena izango zela txapela; gero, behera egin zuten, aurkariek neurria hartu baitzieten. Oso larri ibili ziren, baina buruz indartsu izanda lortu zuten ez erortzea. Horrek agerian uzten du bi izar handi direla».
Ezkurdiak bereganatu du arreta handiena, postua aldatuta ari baita. Barriolak haren lana goratu du. «Josebak behetik gora egin du nabarmen, eta, gaur-gaurkoz, sasoirik onenean eta animoz gainezka dago. Irabazteak beti egiten du mesede, baina Joseba ondo dabil jokoz, eta horrek egiten du pilotari batek bere burua fisikoki hobeto ikustea. Joseba txinpartatsu dabil».
Ezkurdiaren gorakada
Barriolaren iritziz, Ezkurdiak jokamoldea «aldatu» du txapelketak aurrera egin ahala. «Lehen bi partidak bikain jokatu zituen, baina, hurrengoetan, irudipena nuen atzelari klasiko baten moduan jokatu nahi zuela. Lehen ligaxkako azken partidetan, ordea, jokamolde hori aldatu zuen. Ziurrenik zera pentsatuko zuen: 'Atzean ari naiz, baina ni aurrelari petoa naiz'. Orain, pilota aurrean duenean, laugarren edo bosgarren koadroan, saiatzen da hura mugitzen: angeluak bilatuta, abiadura emanda, erritmoa sartuta, eta molde ezberdinetako pilotakadak jota. Txapelketaren lehen erdi luzean aurrelari bat ikusten genuen atzean: laugarren edo bosgarren koadroan jartzen zen, eta nahiko zuzen jokatzen zuen, eusten-edo. Azkenaldian, ordea, aurrean ari den atzelari bat ikusten dugu; aurrean dagoenean azkar egiten du erasora».
«Oso larri ibili ziren, baina buruz indartsu izanda lortu zuten ez erortzea. Horrek agerian uzten du bi izar handi direla»
ABEL BARRIOLA Pilotari ohia
Barriolaren iritzi bera du Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997). Hark eta Javier Zabalak hirutan jokatu dute Altunaren eta Ezkurdiaren aurka. «Josebak sekulako gorakada izan du. Hasieran, lanak zituen pilota botean eskuinez jotzeko, eta airez pilota eraman besterik ez zuen egiten. Ulergarria zen, ez baita erraza postu berri batera egokitzea. Baina partidak jokatu ahala, hobetuz joan da, eta konfiantza hartuz. Oso eroso dabil: lehen bezala, airez jotzen du ia beti pilota, baina, orain, dominatzera igarotzen da, boleaz min handia egiten baitu. Ezker airez, berriz, kontrakantxara bidaltzen du pilota. Postura guztiak menperatzen ditu. Ia ezinezkoa da hari tantoa egitea».
Altunaren laguntza, «funtsezkoa»
Barriolak eta Martijak oso argi dute Ezkurdia horren ondo aritzeko «funtsezkoa» izan dela Altunak egin duen lana. «Jokinek dauzkan dohain onenetako bat da egoera guztietara aurreratu egiten dela: buruz oso azkarra da; beste pilotariek baino azkarxeago pentsatzen ditu gauzak. Nire ustez, bikote honetan Jokinen egitekoa ez zen ikaragarri distiratsu aritzea, baizik eta lan asko egitea, batez ere defentsan. Eta bikain ari da», esan du Barriolak. Martijak badaki zer den Altunarekin jokatzea, baita txapeldun izatea ere. «Denok dakigu zer-nolako pilotaria den Jokin: saiatzen da atzelariari asko laguntzen, pilota txarrak kentzen, eta, aurrean, bizi-bizi ematen dio pilotari. Oso bikote ona osatu dute Jokinek eta Josebak. Horregatik daude finalean».
Beste atzelariek Ezkurdia nahikoa estutu ote duten galdetuta, baietz erantzun du azkar Barriolak. «Kanporaketarako ez sailkatzekotan egon ziren. Larri egon dira, eta baliteke finalean ere une zailak igarotzea. Estutu dituzte, behartu dituzte, baina erakutsi dute bi pilotari oso lehiakor direla. Horri esker, ez dute behin ere kontrola galdu eta behera egin. Aurrera egin dute beti, fede handiz, eta begira non dauden orain».
Altunaren eta Ezkurdiaren aurkari guztiek esan dute «deserosoa» dela haien aurka jokatzea. Hori «sufritu» du Martijak. «Deserosoa da haien aurka aritzea, biak aurrelariak baitira. Askotan aurrean jokatzera behartzen zaituzte, eta, batzuetan, ez dakizu nola jokatu». Hori gertatzea «normala» dela dio Barriolak. «Jokinek eta Josebak beste jokamolde bat dute, berria, eta, horri neurria hartu arte, deserosoa da haien aurka jokatzea. Agian, urte guztian beste atzelariek Josebak atzean jokatzen duen bezala jokatuko balute, bikote klasiko horiek patxadatsuago ariko lirateke. Baina Jokinek eta Josebak beste jokamolde bat dute, eta horrek edonori eragiten dio, bai fisikoki, bai buruz, jokamolde horrek zer egin ez dakizula utz zaitzake eta».
«Deserosoa da haien aurka aritzea. Askotan aurrean jokatzera behartzen zaituzte, eta, batzuetan, ez dakizu nola jokatu»
JULEN MARTIJA Aspeko pilotaria
Ados daude Barriola eta Martija: Altunak eta Ezkurdiak egin dutena «oso gutxiren» esku dago. «Baina izarrak dira biak ala biak: ondo dakite zer egin behar duten; horrenbeste urtean horren goian egon badira, oso lehiakorrak direlako egon dira; eta esperientzia handia dute; finalerdietako ligaxkan ikusi da hori. Euren saltsan daude», adierazi du Barriolak. Are, azpimarratu du finalean direla arriskutsuen. «Lehen ligaxka oso luzea da, eta epe luzerako helburu bat ezartzeak gauzak pixka bat zailtzen dizkie pilotari beteranoei. Finalerdietako ligaxka, ordea, hiru partida baino ez dira; epe laburreko helburua da. Finala, azkenik, hil edo biziko partida da, eta horretan, ia ziur, Jokinek eta Josebak euren onena emanen dute. Ez litzateke inolako ezustekoa izango irabaztea».
Irabaziko balute, Ezkurdiak balentria egingo luke: aurrelari eta atzelari arituta izango litzateke txapeldun. Inork ez du hori egin. Hori aski ez, eta urtebete eskasean egingo luke, iaz Beñat Rezustarekin batera irabazi baitzuen txapela. 2020ean irabazi zuen lehena binaka, Martijarekin. «Finalera iritsi izana jada sari itzela da, eta Josebari kristoren indarra eman dio. Balentria egin dezake: aurrean eta atzean txapelduna izatea. Izugarri pozten naiz biengatik», esan du Martijak. Barriolak ez du dudarik: «Berdin zait Josebak finala irabazten duen edo ez. Nire ustez, berdin-berdin pasatuko da historiara».