Iazko finalista berak aritu dira aurten Ados Pilotak antolatzen duen sanferminetako lau eta erdikoan, Leire Oskoz eta Ane Mendiburu, eta, iaz bezala, Oskoz nagusitu da berriz ere: 22-11 oraingoan. Hasiera-hasieratik indartsu ekin dio, eta, iaz ez bezala, aurretik joan da partida osoan.
Indartsu hasi du partida Oskozek, 6-1 aurreratu baita markagailuan. Bere joko ona baliatuz, 16-4 jartzea lortu du, eta Mendiburuk ezin izan du erakutsi nola jokatzen dakien. Etena iritsi da, eta Mendiburuk partidan sartzeko zuen azken aukera zen hori. Etenetik bueltan, lehen tantoa Mendibururena izan da, eta 16-8 jartzea lortu du jarraian egindako tantoei esker. Oskozek markagailuan gerturatzen ikusi du Mendiburu, eta ondorengo hiru tantoak berak egin ditu, 19-8. Bazirudien hor bukatuko zela partida, baina Mendiburuk beste hiru tanto egin ditu, 19-11koa ipiniz markagailuan. Bolada hori eten, eta txapela lortzeko azken bi tantoak bi sake oni esker erdietsi ditu Oskozek.Â
Finala nola jokatu behar zuen argi zeukan Oskozek: «Pilota atzera bidaltzen saiatu naiz, Ane atzean uzteko». Pilota alde batetik bestera ondo mugitu du, eta abiadura handia eman dio jokoari. Horregatik, Mendiburuk ezin izan du bere jokoa gustura egin, eta defentsako lana egitea tokatu zaio denbora luzez. Hala ere, ondo moldatu da lan horretan: pilota zail asko eraman ditu, eta tantoak luzatzeko gaitasuna erakutsi du.
Ohiko moduan, giro paregabea izan da Labriten. Bertaratutakoen sarrerekin lortutako dirua Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearentzat izan da.
Oskozek aurtengo sanferminetako bigarren txapela lortzeko aukera izango du ostiralean. Binakako txapelketako finala jokatuko du, Oihana Orbegozorekin batera. Ostegunean jakingo da zeinen aurka jokatuko duten: Maddi Barrokal eta Ane Mendiburu Iera Agirre Iturriagaren eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka ariko dira, eta irabazten duen bikotea finalerako sailkatuko da.Â
Gizonezkoen finala
Bihar, San Fermin egunez jokatuko da Pilota Pro ligak antolatutako lau eta erdiko finala. Jokin Altuna eta Unai Laso arituko dira. Finalerdietan, Altuna III.ak 22-17 hartu zuen mendean Javier Zabala, eta Lasok, 22-6 Jon Ander Peña.
Â