Beti Onak eskubaloi taldeari lotuta egon da beti Miguel Etxeberria (Iruñea, 1988). 9 urte besterik ez zituela sartu zen Atarrabiako klubean: hasieran jokalari, eta ondoren, harrobiko taldeetan entrenatzaile. Bada, orain, zazpigarren denboraldia amaitzear du lehen taldeko teknikari lanetan. Beste sasoi batez jarraituko du postuan, gainera, berriki kontratua berritu ondotik. Denboraldi ahaztezina izaten ari da hau Nafarroako taldearentzat. Izan ere, Europan lehiatu da aurrenekoz: «Esperientzia polita izan zen, baita irakaspen handia ere». Sasoiaren azken asteetan murgilduta daude, eta titulurako kanporaketak eta Espainiako Kopa dituzte aurrean: «Azken txanpa honetan edozer gerta ere, denboraldiaren balorazioa oso ona izango da». Gaur Eldari egingo diote bisita, liga erregularreko azken jardunaldian (19:00) —Bera Berak ordu berean jokatuko du etxean Valladoliden kontra—.
Liga erregularra amaitzear zaudete, eta ate joka dituzue titulurako kanporaketak eta Espainiako Kopa. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Uste dut aurrerapauso handia emango dugula. Joan den denboraldian hogei puntu lortu genituen, eta sasoi honetan dagoeneko 32 ditugu jardunaldi baten faltan. Aldea handia da. Gainera, taldeak patxada handiagoa du. Lehen, talde gazteagoa zen, eta orain, Europako Kopan jokatu ditugun zortzi partidek eskarmentu handia eman diote. Azken txanpa honetan edozer gerta ere, denboraldiaren balorazioa oso ona izango da.
Puntuetan agerikoa da aldea. Baina zertan egin du distira zure ustez taldeak?
Gu beti honetan nabarmendu izan gara: defentsan. Zaintzako lan horretan arreta jarri izan dugu beti, eta lasai jokatu dugu. Erasoan, berriz, hankamotz ibili izan gara, eta horretan aurrerapauso bat eman dugu... Erasoan indartsuago aritu gara sasoi honetan, eta baliabide gehiago ditugu. Aurrerapausoa emateko gakoetako bat hori izan da. Taldearen oinarria finkatuago dago igo ginen denboraldiarekin alderatuz. Pixkanaka goaz, baina aurrerapausoak ematen, eta denboraldiak pasatu ahala gutxiago sufritzen.
Jardunaldi hau amaitu ostean erabakiko da titulurako lehen kanporaketa noren aurka jokatuko duzuen. Nola helduko diezue kanporaketei?
Oraindik laugarren, bosgarren edo seigarren gera gaitezke. Larunbateko [gaurko] emaitzaren arabera, talde baten edo beste baten aurka jokatuko dugu. Irabazteko helburuz joango gara Eldara, behintzat bosgarren postuari eusteko; eta oxala laugarren amaituko bagenu. Hori lortuz gero, denboraldia biribilduko genuke. Taldea ondo dago, nahiz eta azken hilabetean fisikoki pixka bat larri gabiltzan. Europako Kopan aritu garenez, egutegi betea izan dugu, eta horrek zerikusia izan dezake. Hori kontuan hartuta, saiatuko gara entrenamenduen karga neurtzen. Gainontzean, eta jokoari erreparatuta, taldea prest dago.
«Nahiz eta azken hilabetean fisikoki pixka bat larri gabiltzan, taldea ondo dago. Saiatuko gara entrenamenduen karga neurtzen»
Nola ikusi duzu liga erregularra? Eta kanporaketak?
Uste dut azken denboraldietan izan diren liga erregularren artean lehia handienekoa dela hau. Emaitza oso estuak daude, eta jardunaldi guztietan ezustekoak gertatzen ari dira. Nahiko iragarri ezina izaten ari da. Orain, taldeen arteko indarrak parekatzen ari dira, eta kanporaketak politak, entretenigarriak eta oso irekiak izango dira.
Europako Kopa aipatu duzu. Hiru kanporaketa jokatu dituzue txapelketa horretan. Zer-nolako esperientzia izan da estreinakoz Europan aritzea?
Atarrabia bezalako herri batentzat sekulakoa izan da guk Europako lehiaketa batean parte hartzea. Amets bat izan da, eta zaleak oso gertu sentitu ditugu. Aurreikuspen eta presiorik gabe, disfrutatzeko asmoz aritu ginen. Hiru kanporaketa jokatzea lortu genuen, eta goi mailako sei partidatan aritzeko aukera izan genuen. Esperientzia polita izan zen, baita irakaspen handia ere.
Aurreko denboraldian txapeldunorde izan zineten Kopan. Oraingo honetan aurkari bera izango duzue final-laurdenetan: Guardes. Zer itxura du kanporaketak?
Joan den denboraldian itzalpean joatea oso ondo etorri zitzaigun. Esperientzia ahaztezina izan zen bigarren geratzea. Denboraldi honetan, Donostian jokatuko da Kopa, etxetik hurbil, eta, beraz, zaleen babesa izango dugu. Dena den, partida zaila izango da; baina titulu bat irabazteko aukera dugu. Hiru egun dira, edozer gerta daiteke, eta ausartak izan behar dugu. Guardes aurkari gogorra da. Kontuan izan hiru lehiaketatan ari dela oraindik ere: Ligan, Espainiako Kopan eta Europako Kopan. Hori zerbaiten seinale da. Baina gu ilusioz joango gara, eta dena emango dugu.
«Oso pozik nago kontratua berritu dudalako. Nahi dudan lekuan nago, eta gogotsu nago taldeari hazten laguntzen jarraitzeko»
Kelly Nzonzie Fonkengek taldea utziko duen arren, multzoaren bizkarrezurrari eustea lortu duzue datorren denboraldiari begira. Olaia Luzuriagak, Patri Encinasek, Maca Sansek, Mica Casasolak, Almudena Gutierrezek eta Libe Arruabarrenak, adibidez, kontratua berritu dute. Garrantzitsua da hori zuentzat, ezta?
Urteak daramatzagu batera lanean, eta multzoak jarraipena izateak gauzak asko errazten ditu. Gazteen eta eskarmentua duten jokalarien arteko nahasketa bat dugu. Jokalari gazteek hobetzeko tartea dute oraindik. Libe Arruabarrenak, Maialen Orbañanosek eta Estitxu Rodriguezek, adibidez, 20 urte dituzte. Talentu handiko jokalariak dira. Geroz eta ekarpen handiagoa egiten diote taldeari, eta datorren denboraldian jokalari garrantzitsuak izango dira. Patricia Encinasek edo Mariana Costak, bestalde, lasaitasuna ematen diote taldeari, entrenamenduetan iruzkinak egiten dituzte... Nahasketa hori ona da taldearentzat: gazteek ausardia ematen digute, eta helduenek, lasaitasuna eta eskarmentua.
Beste denboraldi batez luzatu duzu kontratua klubarekin. Gustura?
Bai, oso pozik nago etxean, egon nahi dudan lekuan nago. Baloratuta sentitzen naiz, jendeak oso ondo zaintzen nau. Oraindik badut indarra bete-betean aritzeko, eta gogotsu nago taldeari hazten jarraitzen laguntzeko.