Arrauna

Liga poltsikoan duela, Getariako Bandera ere eskuratu du Arraun Lagunak-ek

Hamalaugarren bandera eskuratu dute donostiarrek. Astillerok inoiz baino gertuago izan du bandera lortzea. Hurrengo astean amaituko dute Euskotren liga.

Ane Sanchez Arraun Lagunak-eko arraunlaria, estropadaren garaipena eta bere urtebetetze eguna ospatzen, gaur, Getarian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Sanchez Arraun Lagunak-eko arraunlaria, estropadaren garaipena eta bere urtebetetze eguna ospatzen, gaur, Getarian. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2026ko abuztuaren 16a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Matematikoki, atzoko estropadako sailkapenaren ondoren ziurtatu zuen Lugañene ontziak Euskotren ligaren garaipena, baina ez dira ase, eta gaurkoan ere borrokatu eta irabazi egin dute. Denboraldi honetan jokatutako estropada guztiak irabazi dituzte, hamalau. Adituak dira jada banderak astintzen eta xanpaina lehertzen.

Hasieratik hasi dira donostiarrak aurretik, ohi bezala. Hori bai, inoiz baino gertuago izan dute bigarren txandako Astillero: azkenerako, ohorezko txandako gainerakoek baino denbora hobea egin dute. 

Izan ere, Oriok, San Juanek eta Tolosaldeak lehia gogorra izan dute: segundo erdian eman dute ziaboga, eta hala segitu dute bigarren luzean ere, pare-parean. Erritmoa asko bizitu dute, eta amaieran Oriok hartu du aurrea. Handik gutxira heldu dira sanjuandarrak eta tolosarrak.

Lehenengo txandan, irteera azkarra egin du Hibaikak, baina Astillerok indartsu segitu dio atzetik, eta aurrea hartu dio ziabogara heltzerako. Ondoren, errenteriarrek segundo batzuk galdu dituzte, eta Donostiarrarekin izan dute lehia; gutxigatik lortu dute Bantxa ontziaren denbora hobetzea. 

Zumaiak gaurkoa ondo egin beharra zeukan, eta ez du lortu. Saregileak ontzia azken postu asko lortzen ari da azkenaldian, eta horrek isla du sailkapenean, eta arriskua kanporaketara begira. Gainetik du Donostiarra, zazpi puntu gehiagorekin, talde hori hobeto aritu baita azken hiru estropadetan. 

Donostiarra nagusi

«Idatzi historia», eskatu die Nagore Osoro patroiak estropadako azken metroak falta zirela, eta horretan ari dira Lugañene ontzikoak: bosgarren liga poltsikoratu zuten atzo, laugarrena erreskadan. «Edozein arraunlarik nahi du dena irabazi», aitortu du Jule Arkotxa arraunlariak estropada amaieran, eta horixe ari dira betetzen.

Datorren astean Zarauzko estropada garrantzitsua dute traineruek, eta orduan amaituko da Euskotren liga.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA