Seguran jaio, txiki-txikitan Lazkaora joan, Zubietan hazi, eta, Armenia eta Poloniatik pasatuta, Lituaniara iritsi. Eleberri bat dirudi, baina Xabier Auzmendi (Segura, Gipuzkoa, 1997) futbolariaren bizitza da. Realeko harrobian eman zituen lehen pausoak, eta gaur egun Lituaniako Lehen Mailako Transinvest taldean dabil; eta ez edonola, ligako golegile nagusia izan baita, hamasei gol sartuta. Denboraldia amaitu berritan etxera itzuli da, eta, datorren denboraldian zer egingo duen jakiteko esperoan, gauza bakarra du argi: orain arte egin duen gisara, konfort eremutik ateratzeko prest dago.
Orain Lituaniako ligan zabiltza. Nolakoa izan da hara iristeko bidea?
Lazkaoko futbol taldean hasi nintzen, eta Antiguokora joan nintzen kadeteetako bigarren urtean. Gero bi aukera izan nituen: Donostian geratu eta Realak deitu arte itxaron, edo Soriara joan, unibertsitate ikasketak egin eta Numantzian aritu. Aitarekin Soriara joan nintzen taldearekin entrenamendu bat egitera, baina bueltako bidaian antzeman zidan ez nuela han geratu nahi. Donostian gelditu nintzen, eta Realak deitu zidan.
Realean hiru urte pasatu nituen. Hirugarren Mailan bi urte egin nituen, tartean urte erdi bat Beasainen utzita. Sentitzen nuen ezin nintzela beste urtebetez maila horretan egon, eta Calahorrara bidali ninduten utzita, Bigarren Maila B-n jokatzera. Han nengoela, Armeniara joateko aukera sortu zitzaidan, eta hara joan nintzen. Eta handik Lituaniara.
Nola ibili zinen Armenian?
Lehenengo eguna kolpe handia izan zen. Aireportuan zain egon behar izan nuen, Internet gabe, zeinekin harremanetan jarri behar nuen jakin gabe... Lehenengo eguna negarrez pasatu nuen; gero entrenatzen hasi nintzen, eta oso ondo.
Eta handik Lituaniara, nolatan?
Armenian nengoela, denak harrapatu ninduen: gerra hasi zen, eta horri COVID-19aren pandemia gehitu zitzaion. Pentsatu nuen horrela egoteko hobe nuela etxera bueltatu, eta hori egin nuen. Gero, Armeniako entrenatzailearen bitartez Lituaniako talde batera joatea lortu nuen.
Eta ordutik zabiltza Lituanian?
Hiru urte daramatzat Lituanian, baina tartean urte erdi egin nuen Poloniako Bigarren Mailan. Lituanian talde indartsuetan ibili nintzen, baina apustu egin nuen Poloniara joateko, Bigarren Maila izanda ere, liga hobea zelako. Baina apustua ez zitzaidan ondo atera, azkenengo hiru hilabeteetan taldetik aparte utzi ninduten.
Zergatik?
Batzuetan jokalarien esku egoten da, diziplinarik ez badaukate edo jarrera txarra izaten badute. Baina beste batzuetan entrenatzailearen gustuen araberakoa izaten da. Ni oso ondo ari nintzen jokatzen, taldeko beste asko baino hobeto; baina entrenatzailea aldatu zuten, eta akabo. Sentitzen nuen edozer gauza aprobetxatzen zuela ni baztertu edo besteak aukeratzeko. Eskerrak Varsovia oso gustuko nuela; horri esker aguantatu nuen.
Horrek arazoak sortu zizkizun talde berri bat topatzeko?
Ez jokatzeak asko zailtzen du beste talde bat bilatzea, bai. Ez dakizu fisikoki nola dagoen jokalaria, zergatik ez den jokatzen ari... Zalantza asko sortzen ditu.
Halere, Lituaniako beste talde batek deitzea lortu zenuen. Nola izan zen hori?
Transinvesteko entrenatzailea Sevillan eta Valentzian ibilitako jokalari bat da [Marius Stankevicius]. Deitu zidanean, Lituaniako Bigarren Mailan zeuden, baina dagoeneko lortuta zeukaten Lehen Mailara igotzea. Nik konfiantza behar nuen, eta berriro jokatzen hastea. Lehenengo partida jokatzen hasi baino bost minutu lehenago, sarrera bat egin zidaten, eta belaunean min hartu nuen. Beraz, Polonian aldenduta eman nituen hilabeteei gero lesionatuta pasatutakoak gehituta, ia urtebete eman nuen futbolean jokatu gabe.
Orain itzuli zara, eta ez edonola. Ligako golegile nagusia izan zara, hamasei gol sartuta. Zure boladarik onenean zaude?
Denboraldi honen helburua zelaira berriro itzultzea eta belauna probatzea zen. Eta uste baino hobeto moldatu naiz, ja guztiz sendatuta nago. Halere, Polonian egon nintzenean fisikoki hobeto nengoen, beste rol bat neukan. Orain gol gehiago sartzen ditut, eta, azkenean, futbolean horrek balio handia dauka.
Asiak jakin-mina pizten dit: Koreak, Malaysiak, Indonesiak... Hango ligek, bizitzeko moduak... Herrialde horiek modan daude.
Beti ibili zara aurrealdeko postuetan?
Beti ibili naiz aurkariaren atearen inguruan, baina ez aurre-aurrean, hamarraren postuan baizik. Nahiago dut aurrean beste erreferentzia bat eduki. Halere, erdi-puntaren postu hori galtzen ari da, eta gero eta talde gehiagok egiten dute barnealdeko bi erdilariren aldeko apustua. Nire taldeak 3-4-3 eskema erabiltzen du, eta aurrealdean eskuinetik ibiltzen naiz, baina barrurantz sartuz, hegalean gora egiten duen atzelariari tokia utzita.
Hemengoaren aldean ezberdina da Lituaniako liga?
Klima hotza dela eta, zelai guztiak belar artifizialekoak dira, eta jardunaldi batzuk zelai estalietan jokatzen ditugu. Horretaz aparte, azken urteetan futbolari garrantzia eman nahian dabiltza, eta neurri berri bat ezarri dute: talde bakoitzean gutxienez Lituanian jaiotako hiru jokalarik aritu behar dute jokatzen beti. Ondorioz, taldeek bi aukera dituzte: bertan jaiotako jokalaririk onenak fitxatu, edo jokalari gazteen aldeko apustua egin. Horrek asko hobetu du selekzioa. Halere, kirol nagusia saskibaloia da.
Denboraldia laugarren postuan amaitu duzue. Hori zen helburua?
Ligako txapeldunak Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzen du, eta ondorengo hirurek eta Kopako irabazleak, Konferentzia Ligaren atarikoa. Aurten liga eta Kopa talde berak irabazi dituenez, laugarrena sailkatu da Konferentziako atarikorako; hau da, gu. Talde igo berria izateko, oso ondo dago.
Futbola alde batera utzita, nolakoa da hango egunerokoa? Negua datorren honetan…
Ba, herrialdea oso polita da, berde-berdea eta lau-laua. Hori bai, klima oso gogorra da: udako eguraldi onak hiru aste edo hilabete bat irauten du, eta negua oso gogorra eta luzea da.
Eta nola bizi dituzu Realaren lorpenak urrutitik?
Izugarri pozten naiz. Jokalari batzuk ezagutzen ditut, batzuekin jokatu nuen, eta polita da ikustea zer lortzen ari diren.
Baten batekin topo egin zenuen Zubietan?
Ander Gebararekin aritu nintzen, eta oso txikitan Igor Zubeldiarekin ere bai. Eta bueno, Martin Zubimendirekin eta Beñat Turrientesekin ere bai. Reala B-rekin denboraldiaurrea egin nuenean, Imanol zen entrenatzailea, eta Sergio Franciscorekin ere denbora asko pasatu nuen. Oroitzapen oso onak ditut.
Datorren urteari begira, zer duzu buruan?
Aukera eman didate oraingo taldean jarraitzeko, eta urtarrilean hasiko dugu denboraldiaurrea. Baina iruditzen zait Lituanian egindako denboraldi on honen ondoren salto bat eman dezakedala, eta ikusi nahi dut zer iristen den.
Baduzu ligaren bat begiz joa?
Asiak jakin-mina pizten dit: Koreak, Malaysiak, Indonesiak... Hango ligek, bizitzeko moduak... Herrialde horiek modan daude. Ulertzen dut beste edonorentzat arraroa dela eta esango luketela: «Hau nora doa?». Baina futbolaren munduan beste modu batera ikusten da hori. Azken finean, iruditzen zait aukerak hartu egin behar direla. Hori jende askok ez du baloratzen; eroso daude, eta horrekin konformatzen dira. Nahiz eta ez iruditu kristoren aurrerapausoa denik, behintzat mugimenduan egon behar duzu; agian etorkizunean beste ate batzuk irekiko dizkizu horrek.