Pilota

Loreak loratu dira Etxekoren oroimenez

Etxekoren Omenezkoaren finala jokatuko dute bihar Hernanin. Mitxoletak eta Kuku-prakak taldeak ariko dira elkarren aurka. «Gogotsu» daude pilotariak zein bertsolariak.

Irati Betegi Mitxoletak taldeko pilotaria, errematatzear, Maialen Akizu eta Nerea Elustondo bertsolariak begira dituela. EDUARDO AGIRRE GOGORTZA
Irati Betegi Mitxoletak taldeko pilotaria, errematatzear, Maialen Akizu eta Nerea Elustondo bertsolariak begira dituela. EDUARDO AGIRRE GOGORTZA
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ados Pilota klubean lau lore mota dituzte oso kutunak: mitxoletak, eguzki loreak, bitxiloreak eta kuku-prakak. Urtero landatzen dituzte, eta egoki ureztatu, udaberrian, Etxekoren Oroimenezkoan lora daitezen. 

Adoseko kideek oso presente dute egunerokoan Naroa Elizalde Etxekolonea, iaz zendu zen klubeko pilotaria, eta urtean zehar hainbat ekintza egiten dituzte hura omentzeko. Horietako bat da haren izena daraman txapelketa antolatzea. «Txapelketaren izena aipatzen dugun aldiro korapiloa jartzen zaigu eztarrian. Oso gogoan dugu Etxeko. Txapelketa kutuna dugu, berezia, haren izena baitarama, eta gure kulturan oso errotuta dauden bi alor uztartzen baititugu: pilota eta bertsoak. Giro berezia sortzen da», azaldu du Iera Agirre Iturriaga Adoseko pilotari eta ordezkariak.

Bihar jokatuko dute Etxekoren Oroimenezkoaren bigarren ekitaldiaren finala, Hernaniko udal pilotalekuan (Gipuzkoa), 12:00etan hasita. Adosen Youtube kanalean eta Hamaika telebistan ikusi ahal izango da finala. Bi talde ariko dira elkarren aurka: Mitxoletak eta Kuku-prakak. Naroa Agirrek, Irati Betegik eta Iturriagak jokatuko dute Mitxoletak taldean, eta, Leire Oskozek, Olatz Ruiz de Larramendik eta Natale Aranburuk Kuku-prakak taldean. Bi modalitatetan ariko dira: lehenbizi, lau eta erdian, eta, jarraian, binaka.

Baina txapelketaren bereizgarri nagusia da pilota eta bertsolaritza uztartzen dituela. Bertsolari bat aritzen da talde bakoitzean botilero. Igandean, Nerea Elustondo ariko da Mitxoletak taldean, eta, Maialen Akizu, Kuku-prakak taldean. Hain zuzen, bertsolarien egitekoan dago aldaketa nagusia aurten: ikusleek erabakitzen dute zein bertsolari aritu den ondoen, eta haren taldeari beste bi tanto gehitzen zaizkio. Hala, bertsoaren ekarpena ere modu zuzenean islatzen da lehian, eta pilotaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa nabarmenagoa da.

«Itxuraz, oso lehiatua izango da finala. Erne egoteko esan diegu bertsolariei; agian presio pixka bat izango dute»

IERA AGIRRE Ados Pilota klubeko pilotaria eta ordezkaria

«Pozik» dago Agirre txapelketak izan duen bilakaera ikusita. «Kirol mailan, oso parekatua izan da lehia, eta, azken partidara arte egon da zerbait jokoan: azkenekoan argitu da zein bi taldek jokatuko duten finala. Horrek agerian uzten du oreka eta parekotasuna egon dela. Tartean, oso partida onak jokatu dira. Orain, final handia jokatzeko irrikaz gaude».

Adoseko pilotari eta ordezkariak nabarmendu duen parekotasun horren erakusle da finala. «Lehen jardunaldian jokatu genuen elkarren aurka, eta oso lehia gogorra izan zen [berdindu egin zuten]. Lau eta erdian, Leirek irabazi zuen, baina Naroa bikain aritu zen. Geroztik, Leirek gora egin du, eta lau eta erdian aldea egiten dabil. Zaila izango da puntu hori lortzea, baina konfiantza osoa dugu Naroarengan. Binakakoan, berriz, Iratik eta biok patxada gehiago dugu, baina Natale eta Olatz oso arriskutsuak dira, abiadura handia ematen baitiote pilotari. Egun ona badute, oso bikote gogorra dira. Itxuraz, oso lehiatua izango da finala». Horregatik, «erne» egoteko esan diete botilero-bertsolariei. «Agian, presio pixka bat izango dute».

Puntuak bertsolarien lanari

Elustondo eta Akizu ariko dira bertsotan finalean. Akizuk «oso gustuko» du txapelketa honetan aritzea. «Poz-pozik aritzen naiz. Bertsozalea eta pilotazalea naiz, eta emakumezkoen txapelketa bat izateak are bereziago egiten du. Txapelketa polita da. Gainera, dagoeneko pilotariok eta bertsolariok elkar ezagutzen dugu, eta gure artekoa ez da bukatzen jaialdia bukatu bezain pronto; gero ere elkar hartzen dugu», azaldu du.

«Saiatzen gara ikusleak ere jolasean sar daitezen. Pilotarien eta ikusleen arteko zubi lana egiten dugu»

MAIALEN AKIZU Bertsolaria

Bertsolariak kantatuz mintzatzen zaizkie taldekideei. «Batzuetan, animoak ematen dizkiegu, eta, beste batzuetan, berriz, gomendioak, nahiz eta pilotaz ezer gutxi jakin. Apustu txiki batzuk ere egiten ditugu. Bertso laburrak izaten dira, eta pilotariekin adosten dugu horiek noiz kantatu. Saiatzen gara hori guztia grazia pixka batekin egiten, ikusleak ere jolas horretan sar daitezen. Pilotarien eta ikusleen arteko zubi lana egiten dugu».

Lehen aldiz, haien lanak puntuak eman diezazkioke taldeari. Onartu duenez, aurkezpenean jakin zuten hori, eta «ezustekoa» hartu zuten. «Ez da presioa guretzat, ikusleen parte hartzea sustatzeko modua baizik. Haien iritziak zeresana izango du emaitzan. Hala ere, espero dugu finalean pilotariek ez izatea gure tantoen beharrik irabazteko. Ea final polita izaten den».

Etxekoren Omenezkoa jokatzen ari zela bete du Adosek haren sorreraren bosgarren urteurrena: maiatzaren 24an. Agirre «oso pozik» dago egin duten bideagatik. «Lan handia egin dugu. Eguneroko lanean murgilduta zaudenez, ez duzu behar bezala baloratzen, baina atzera begiratzen duzunean konturatzen zara lan ikaragarria egin dela. Bidea oso polita izan da, ikusita 2021ean zer zegoen eta ordutik hona zer lortu dugun. Handia da lortu duguna, eta kontuan hartu behar da».

Lan handia egin dute, baina lan handia dute oraindik egiteko, udako sasoia baitute ate joka. «Etxekoren Omenezkoa bukatu, eta laster hasiko dira udako torneoak eta txapelketak: sanferminetakoa, Plazaz Plaza, Udara Caixabank, herriko festetako jaialdiak... Uda betea datorkigu, baina guretzat pozgarria da hori. Udaletatik eta herrietatik deitzen gaituzten bitartean honek bizia izango du, eta guk hori nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA