Aizkora

Luzarorako etorri da Euskal Timber txapelketa

Euskal Timberren lehen ekitaldiko finala jokatuko da larunbatean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Hamasei aizkolarik motozerrarekin, trontzarekin eta aizkorarekin jardungo dute.

Jon Zaldua. BEIRAGRAFIKOA
Jon Zaldua aizkolaria, motozerra eskuan duela. BEIRAGRAFIKOA
jon eskudero
2025eko abenduaren 17a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarra, abiadura, trebetasuna, tradizioa eta ikusgarritasuna uztarri berean lotuko ditu Euskal Timberren lehen ekitaldiak. Mundu mailan milioika jarraitzaile dituen modalitate hau estreinakoz ikusi ahal izango da Euskal Herrian, eta hamasei aizkolari lehiatuko dira txapelaren bila larunbatean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan (Gipuzkoa), 18:00etan. Motozerra, trontza eta aizkora lanak egin beharko dituzte aizkolariek, eta kanporaketa sistema erabiliko da. Final-zortzirenetatik abiatu eta finalera bitarte, aizkolaririk osoena nor den erabakiko da lehiaketan. Arautegi zorrotza du modalitate honek, eta hutsik txikiena garesti ordain dezakete partaideek. Ondorioz, ez da faborito garbirik egongo. Baina gauza bat ziurra da: Euskal Timber luzarorako etorri dela herri kirolen egutegira.

Hain zuzen, Garikoitz Etxeberria (Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 1982) da Euskal Timberren bultzatzaile nagusia. Aspalditik zebilkien buruan nazioarteko kirol horri tokia egitea Euskal Herrian: «Garai batean euskal aizkolariak ohikoak ziren nazioarteko txapelketetan. 2011. urtera arte, Donato Larretxea, Dani Vicente eta beste hainbat lehiatzen ziren modalitate horretan. Vicentek zortzi bider parte hartu zuen, adibidez». Ondorengo urteetan lehorte nabarmena etorri zen, Etxeberria «buru-belarri» lanean hasi zen arte. «Lan klase hau beti gustatu izan zait, eta saiatu nahi nuen modalitate hau guregana ekartzen. Aizkolariekin harremanetan jarri nintzen, eta uste baino erantzun hobea jaso nuen. 23 lagunek eman zuten izena». Kanporaketa jokatu zuten 23 horien artean joan den azaroaren 15ean, Astigarragan (Gipuzkoa), eta hamasei onenak sailkatu ziren finalerako.

Aizkolariek lau lan osatu beharko dituzte finalean. Hasteko, 40 zentimetroko egur bat ebaki beharko dute motozerrarekin. Ondoren aizkoran jardungo dira, horizontalean, 30 zentimetroko enborra ebakiz. Trontzarekin jarraitu beharko dute gero, motozerrarekin aritu diren egur berean, eta bukaeran aizkora hartuko dute berriz, bertikalean jarduteko. «Azkarra bezain ikusgarria izango da proba, tentsio handia egongo baita kanporaketetan», adierazi du Etxeberriak. Egurra ere ezohikoa izango da. «Aizkolariak ohituta daude pago enborrak ebakitzera, baina kasu honetan makal enborra izango dute aurrean. Makala bigunagoa da. Hortaz, aizkoran errazago jardungo dira, baina trontzan ez. Enbor bigunean trontza trabatuta geratzeko arriskua dago, eta erne ibili beharko dute partaideek».

Dena den, aizkolarien mehatxu nagusia huts egiteko arriskua izango da. Arautegi zorrotza du Euskal Timber lehiaketak, eta finalean ez da salbuespenik izango. «Esaterako, sailkapen fasean hamabost segundoko zigorra ezartzen zen huts batengatik, baina finalean aizkolariak zuzenean kanporatu egingo dira hutsen bat egiten badute». Nondik etor daiteke hutsa? «Arautegia osorik beteko dugu. Adibidez, motozerrarekin eta trontzarekin jarduteko, marra bat topatuko dute aizkolariek, eta marra horretatik nabarmen ateratzeak kanporatzea ekarriko du». Aizkoran ere erne aritu beharko dute. «Era bertikalean, esaterako, lehen kolpea behetik gora jo beharra dago. Norbait goitik behera lanean hasten bada, finaletik kanpo geratuko da».

Munduko onenengandik urrun

Zorroztasuna izugarria izango da. Ondorioz, Etxeberriak ez du aurreikusten faborito garbirik dagoenik txapela janzteko. «Kontuan hartuta huts txiki bat edonork egin dezakeela, ezinezkoa da faborito baten izena ematea». Sailkapen fasean Iker Vicentek egin zuen denborarik onena: 1.55. Julen Alberdi izan zen bigarrena (2.33), eta Xabier Zaldua hirugarrena (2.35). Soilik Vicentek lortu zuen lanak bi minutuan baino gutxiagoan bukatzea. Hori bai, munduko onenetatik urrun geratu zen nafarra. Aurtengo markei erreparatuz gero, Ameriketako Estatu Batuetako txapelketan Matt Cogarrek 57 segundoan osatu zituen lanak. Iaz, berriz, munduko txapelketan Jack Jordan Zeelanda Berriko kirolariak marka ezarri zuen, 52.53ko denbora egin baitzuen.

Etxeberriaren esanetan, «Euskal Herriko aizkolariak denbora horietatik urrun daude oraindik, baina pixkanaka teknika hobetuz joango dira». Izan ere, Euskal Timber luzerako iritsi da herri kirolen egutegira. «Pentatloiarekin dudan esperientziagatik, aski da hori bi urtean behin egitea, eta Euskal Timber ere hala antolatu genezake, bi urtez behin. Dena den, egingo dugu balorazioa finalaren ondoren». Vicente, Alberdi eta Zalduaz gain, honako hauek ere arituko dira finalean: Dani Vicente, Mikel Larrañaga, Ibai Soroa, Eloy Corchero, Jokin Urretabizkaia, Eneko Saralegi, Oier Kañamares, Julen Kañamares, Manuel Fraile, Jesus Mari Lasa, Jon Zaldua, Mikel Agirre eta Ioritz Gisasola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.