Koro Bosque. Ordizia errugbi taldeko presidentea

«Luzera begira, nesken taldea Ohorezko Mailan nahi dugu»

Ordizia errugbi taldeko lehen emakumezko presidentea da Bosque. 50. urteurrena antolatzen dabil, zuzendaritzarekin batera.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Edariak banatzeaz arduratzen den enpresa batean duen komertzial lana Ordizia errugbi elkarteko presidente karguarekin uztartzen du orain Koro Bosquek (Ordizia, Gipuzkoa, 1964). Klubaren 50. urteurrena antolatzea «erronka handia» izan da, baina «ilusioz» ari da lanean. «Aspertzeko denborarik ez dut izan».

Hiru hilabete igaro dira presidente kargua hartu zenuenetik. Nolakoak izan dira lehen asteak?

Mugimendu handikoak izan dira. Gauza asko egin behar ziren, eta ni neu ere egokitzeko prozesu batean nago, ikasten. Aspertzeko denborarik ez dut izan. Orain arte lan honetan aritu direnek meritu handia dute, oso gutxi baitziren, eta lan handia egin behar baita. Bederatzi kideko zuzendaritza sendoa osatu dugu, eta horrek lana erraztuko digu.

Erronka handia izan da kargua hartu bezain pronto klubaren 50. urteurreneko ospakizunak antolatzea?

Bai. Erronka handia izan da, baina polita, aldi berean. Ilusio handiz ari gara lanean.

Zein dira zuzendaritza berriaren helburu nagusiak?

Batetik, nesken taldea ateratzea nahi genuen, eta Bera Berarekin batera lortu dugu hori. Bestetik, errugbi inklusiboko taldea bultzatzea nahi genuen. Bi talde horiek sendotzea zen lehen asmoa. Gizonezkoen lehen taldea eta gainontzeko mailetako taldeak bere martxan doaz, gutxi-asko.

Ordiziako nesken talde propioa martxan jartzea ere bada helburua?

Bai, baina luzera begira. Hemendik zortzi urtera nesken taldea Ohorezko Mailan aritzea nahi dugu, eta soilik etxeko neskekin ari baldin bada, hobeto. Ahalegin guztia egingo dugu horretarako. Neskak pozik daude jokatzeko aukera dutelako, eta pixkanaka joan behar dugu. Ea neska gehiago animatzen diren.

Gizonezkoen lehen taldearen helburuak zeintzuk dira?

Errealistak izanda, kanporaketak jokatzea. Liga irabaztea ikaragarria litzateke, baina, errealistak izanda, gutxienez kanporaketak jokatzea. Talde berria da, eta lana dago multzoa egin eta taldea sendotzeko. Fedek [Fede Gallo entrenatzailea] lan ona egin zuen aurreko denboraldian, eta argi genuen berak jarraitzea nahi genuela. Aurten aldaketa gehiago egin dira, eta taldeak fitxaketa onak egien dituela uste dut: talde polita osatzen ari gara.

Lehendabiziko neurketa hauetan nola ikusi duzu taldea?

Mutilak ez ditut gaizki ikusi, baina iruditzen zait oraindik asko dagoela hobetzeko. Ordizian jokatutako partida puntu batengatik galdu genuen, eta Madrilen irabazitakoa ere halakoxea izan zen. Sufritzen ari gara pixka bat.

Larunbaterako egutegi zabala antolatu duzue, ezta?

Egun guztian zehar partidak jokatuko dira, goizetik arratsaldera. Egun guztiko festa izango da Altamiran. Egun polita izango dela iruditzen zait. Urriaren 28an ez ezik, hainbat ospakizun egingo ditugu denboraldian zehar ere.

Fitxaketen harira, Hernanirekin gatazka izan zenuten. Nolakoak dira egun bi kluben arteko harremanak?

Guk ez dugu inorekin arazorik izan. Elkarrekin egon ginen azken aldian Hernaniko lehendakaria eskua ematera etorri zitzaidan. Ordiziak eta nik ez dugu inorekin arazorik izan. Haiei ez dakit zer gertatu zitzaien, guk ez baikenuen ulertu zer gertatu zen. Argitu beharrekoak argitu genituen, eta horren inguruan ez daukagu askoz ere gehiago esateko.

Beraz, egoera bere onera etorri da?

Bai, bai. Nik bere garaian esan nuen dena konponduko zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.