Kern Pharmako txirrindularia

Haimar Etxeberria: «Maila honetan ahalik eta denbora gehien segitu nahi dut»

Etxeberria irundarra leku bat egiten ari da txirrindularitza profesionalean. Profesional mailako bere lehen garaipena lortu berri du: «Sinestea bera ere kosta egin zitzaidan, ez nuen espero».

Haimar Etxeberria, Kern Pharmako txirrindularia, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Haimar Etxeberria, Kern Pharmako txirrindularia, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txirrindulari gazte askok amestu ohi dute lasterketa profesional bateko helmugan garaipena ospatzearekin, besoak altxatzearekin. Haimar Etxeberria txirrindulariak (Irun, Gipuzkoa, 2003) bere ibilbide profesionaleko lehen garaipena eskuratu berri du Gaztela eta Leongo Klasikoan. Urtebete eskas da profesional mailako lehen kontratua sinatu zuela; maila oso onean ari da.

Uztailaren 27an zure lehen lasterketa irabazi zenuen profesionaletan, Gaztela eta Leongo Klasikoan. Zer sentitu zenuen helmuga zeharkatu zenuenean?

Sinestea bera ere kosta egin zitzaidan, ez nuen espero. Igandean lasterketa polit bat egiteko asmoz atera nintzen, baina azken metroetan indarra neukala ikusi, eta irabazi egin nuen. Lehenago, Ordizian nire ibilbide profesionaleko lehen zortzigarren postua lortu nuen, eta oso pozik nengoen.

Ez zenuen ikusten zeure burua lasterketa irabazteko faboritoen artean?

Beti noa irabazteko asmoz, baina ez nuen pentsatzen Gaztela eta Leongo Klasikoan garaipena lortuko nuenik. Banekien lasterketa ona egin nezakeela, baina irabaztea ez nuen espero, eta ostegunera arte kosta egin zitzaidan garaipena asimilatzea.

«Ez nuen uste profesional mailan garaipenik lortuko nuenik; nire ametsa profesional izatera iristea zen soilik»

Duela urtebete sinatu zenuen zure lehen kontratu profesionala. Urte biribila ari da izaten, ezta?

Bai. Azken finean, profesional mailan munduko txirrindulari onenak daude, eta hor egotea seinale ona da niretzat. Hala ere, badakigu txirrindularitzan egun batetik bestera aldatzen direla gauzak; beraz, gorputza ondo zaindu behar dut, eta ahalik eta gehien entrenatu, hankak indartsu izateko.

Kontratu profesional bat sinatzea zen zure helburu nagusietako bat, ezta?

Hori da. Uste dut txirrindulari guztiek dutela profesional izateko ametsa. Ez nuen uste profesional mailan garaipenik lortuko nuenik; nire ametsa profesional izatera iristea zen soilik. Lehen kontratu profesionala sinatzearekin batera, nire ametsa egia bihurtu zen.

Zure txirrindulari ibilbideko garairik onenean zaudela esan daiteke?

Bai. Azken asteak oso onak izan dira. Iaz ere ondo amaitu nuen denboraldia, baina ez nuen horrelakorik espero inondik inora. Profesional mailan lehen urtea izanik, aurreko postuetan ibiltzea ikaragarria da; oso pozik nago. Maila honetan ahalik eta denbora gehien segitu nahi dut.

Profesional mailara nahiko erraz egokitu zarela dirudi. Hala izan da?

Baietz dirudi, baina ez da hala izan. Taldeak izugarrizko lana egin du. Egun txar asko ere izan ditut. Sorbalda atera nuen, eta ia operatu egin behar izan ninduten. Egun asko egon nintzen ondo entrenatu ezinda. Buruarentzat gogorra da, baina badakigu txirrindularitza nolakoa den. Horrelako garai onak ahalik eta gehien disfrutatu behar ditut.

«Profesional mailan lehen urtea izanik, aurreko postuetan ibiltzea ikaragarria da; oso pozik nago»

Duela bi urte bolada txarra igaro zenuen: lepauztaia apurtu zenuen lehenik, eta auto batek harrapatu zintuen gero. Guztiz errekuperatuta zaude?

Bai. Hura izan zen nire txirrindularitza ibilbidean izan dudan urterik gogorrena. Bi ezbehar izan nituen, eta denbora dezente egon nintzen bizikletara igo gabe. Orduan min handia eragin zidan horrek, baina psikologikoki gogor egin nion aurre, eta egoerari buelta ematea lortu nuen.

Nola?

Familia niretzat sostengu garrantzitsua izan da beti. Aitak beti izan du konfiantza nigan. Beti esan izan dit egun batetik bestera dena aldatu daitekeela. Lesioa osatu eta bueltatu nintzenean, lehenengo lasterketa irabazi egin nuen, eta orduan ahaztu zitzaidan pasatutako guztia.

Nolatan hasi zinen txirrindularitza munduan?

Txikitatik gustatu zait kirola. Nire osabak errepideko bizikleta bat zeukan, eta nire lagunak ere bizikletan ibiltzen hasi ziren. Bizikleta bat utzi zidaten, eta asko gustatu zitzaidan, kuadrillakoak bizikletan ibiltzera joaten baikinen askotan; plan polita izaten zen.

«Ari naiz pixkanaka profesional mailan nire lekua egiten, eta hala jarraitu nahi dut, ahal dudan heinean taldeari laguntzen»

Bizikletaren gainean ez zaudenean, zer egiten duzu deskonektatzeko?

Lagunekin zerbait hartzera joatea gustatzen zait. Mutil lasaia naiz, eta lagunekin egotea gustatzen zait. Lasterketa eta kontzentrazioak direla medio, egun asko pasatzen dut etxetik kanpo, eta, niretzat, lagunekin kafe bat hartzea nahikoa izaten da indarrak errekuperatzeko.

Zer helburu dituzu etorkizunera begira?

Orain ez daukat helburu zehatzik. 21 urte ditut oraindik, eta ikasten jarraitu nahi dut. Nire lehenengo urtea izan da profesional mailan, eta disfrutatzen eta ikasten ari naiz. Orain pedal kolpe ona daukat, eta hori aprobetxatu nahi dut. Ari naiz pixkanaka profesional mailan nire lekua egiten, eta hala jarraitu nahi dut, ahal dudan heinean taldeari laguntzen.

Zer aholku emango zenioke profesional izatera iritsi nahi duen txirrindulari gazte bati?

Asko disfrutatzeko esango nioke, eta bizikleta maitatzeko. Bizikletan ordu asko igaro behar da, eta garai txarrak asko izan ohi dira, baina bolada on batek txar guztiak ahazten laguntzen dizu. Beraz, egunero egin behar da lana. Hori ondo eginez gero, eta disfrutatuz gero, errazagoa da ondo ibiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.