Harri jasotzailea

Estefania Etxebeste: «Marka ahalegina egin baino ordubete lehenago, negarrez aritu nintzen etxean, beldurrez»

166 kiloko harri laukizuzena bizkar gainera eramanda, marka berria ezarri du Etxebestek. Lehen altxaldian harria lurrera erori arren, «mentalki gogorra» izatea izan zen gakoa; baleko bi jasoaldi egin zituen gero. Lortutakoa sinetsi ezinda dago oraindik.

Estefania Etxebeste. IBON ERRAZU
IBON ERRAZU
jon eskudero
2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harri eta zur. Halaxe utzi zuen herri kirolen mundua Estefania Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) joan den larunbatean, bere jaioterrian. Ez da gutxiagorako, marka historiko baten lekuko izan baitzen Iturengo plaza. 165 kiloko harri laukizuzenarekin errekor ahalegina zuen iragarrita Etxebestek. Pisuan, ordea, kilo bat gehiago pisatu zuen harriak, eta 166 kilotan ezarri zuen marka berria. Aurrez, Idoia Etxeberriarena zen errekorra, duela hamar urte 163,4 kilo bizkarreratu baitzituen. Orain, marka liburuetan hizki larriz agertuko da Etxebesteren izena. Lortutako balentria sinetsi ezinda dago oraindik.

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira igaro marka egin zenuenetik. Zer moduz zaude?

Bihotza beteta daukat, eta emozionatuta segitzen dut. Errekor saiakera nire herrian izaki, are bereziagoa bihurtzen zuen horrek guztia. Pentsa, nire amatxik sekula ez ninduen ikusi harria altxatzen zuzenean, eta larunbatean herriko plazan agertu zen. Egia da nire bizitzan egin nuen lehen erakustaldian etxeko leihotik begira egon zela, baina inoiz ez zen agertu plazara. Lehengo larunbatean nire alboan sentitu nuen, eta nire aita ere bertan izan zen. Maite nauen jendeaz inguratuta egon nintzen, eta guztia barneratu ezinda jarraitzen dut.

Joaldunen Egunaren egitarauaren barruan egin zenuen errekorra. Iturenen, joaldunak badira zerbait; orain, zu ere bai.

Ez dakit hainbesterako ote den. Dena borobil atera zen, ez dago gehiago eskatzerik. Joaldunen Eguna izanda, Iturengo Udalak ez zuen zerikusirik antolaketa lanetan, eta herriko talde bat jardun ginen eguneko egitaraua antolatzen. Halako ekitaldi bat ekonomikoki aurrera ateratzea ez da erraza; are zailagoa herriko talde batentzat. Dena den, nik garbi nuen herrian egin nahi nuela saiakera, gastuak gastu. Orain antidopinak eta halako gastuak iritsiko zaizkigu, baina taldean egin dugun lana handia izan da, eta harro nago.

Ez zen jostorratzik ere kabitzen plazan.

Espero nuen jende pixka bat inguratuko zela, baina ez nuen uste hainbesteko oihartzuna izango zuenik. Ikusle mordoa elkartu zen. Harri jasotzearen munduko jende garrantzitsua etorri zen, eta haiek ikustean ohartu nintzen errekor saiakeraren garrantziaz. Adibidez, Iñaki Perurena bertan izan zen, Mieltxo Saralegi ere bai, Goenatxo eta Zelai ere etorri ziren, baita Luxarbe ere. Historiko guztiak elkartu ziren, eta, marka egin ondoren, guztiekin hitz egin nuen.

«Harri jasotzearen munduko jende garrantzitsua etorri zen, eta haiek ikustean ohartu nintzen errekor saiakeraren garrantziaz»

165ekoa jasotzera joan, eta 166 kilotan jarri zenuen errekorra.

Oraindik ez dut astirik izan bideo bakar bat ere ikusteko, baina aktari begiratu diot, eta 166 kilo altxatu nituela ageri da. Beraz, horixe da marka. Kilo batek asko esan nahi du zenbaki horietan. Atzera begira jarri, eta ohartzen naiz zenbaterainoko lana egin dugun hau lortzeko. Ezinbesteko pieza izan da nire ondoan Imanol Lartain. Bera da nire konfiantzazko pertsona. Urduritasuna kudeatzeko, eskatu nion egun bat lehenago etor zedila Iturenera, eta halaxe egin zuen. Nire ondoan egon zen. Errekor saiakera baino ordubete lehenago ere, negarrez aritu nintzen etxean, beldurra nuelako, eta berak animatu ninduen plazara indartsu ateratzera.

Plazan, ez zen ederki hasi kontua. Lehen altxaldian harria atzera erori zitzaizun.

Mutu geratu zen plaza. Bertatik desagertzea baizik ez zen nire helburua momentu horretan. Hainbeste lan egin guztia prestatzen eta antolatzen, hainbeste sufritu bidean, eta horretarako! Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena. Berehala, Imanolek agindu zidan harria alde batera utzi eta berari begietara begiratzeko. Nire beldur nagusia zen harria hautsi egin ote zen.

Eta ez al zen hautsi?

Miraria izan zen harria ez haustea. Zatirik handiena goma gainera erori zen, eta eskerrak. Harriaren zati txiki-txiki bat pitzatu zen, baina ia ezer ere ez. Horregatik, epaileak azkar esan zuen harria ongi zegoela, beste saiakera bat egiteko moduan. Horrek lasaitu ninduen, eta berriz ere kontzentrazio lanari ekin nion. Imanol neukan gidari, harekin batera hartzen nuen arnasa, eta presarik ez izateko esan zidan. Publikoari ez nion begiratzen, banekien-eta nire ingurukoak sufritzen ariko zirela. Mentalki gogorra izan nintzen une horretan.

Eta bigarren saiakeran bai, altxatu zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Plazak sekulako indarra eta bultzada eman zidan. Lehen saiakeran, jendeak ikusi zuen ez dela hain erraza 166 kilo bizkar gainean jartzea, eta aparteko berotasuna sentitu nuen gero. Izugarrizko oroitzapen polita daukat. Harria ongi eraman nuen bizkar gainera, eta altxaldi garbia izan zen. Zoriontsu sentitu nintzen. Gero, opari moduan, hirugarren altxaldia ere egin nuen.

«Azken bi asteak infernua izan dira, oso luze egin zaizkidalako, baina merezi izan du. Ikusi diot nire gorputzari baduela berezkoa harriak jasotzeko»

Inaxio Perurenak beti esaten zuen ezin imajina daitekeela zenbaterainoko lana eskatzen duen halako errekor ahalegin batek. Egia al da?

Guztiz bat egiten dut haren hitzekin. Olinpiar Jokoetan bezala da, lau urtean behin lehiatzeko sekulako lana egin behar da. Oso-oso gogorra izan da prestakuntza. Gainera, udan erakustaldi batzuk egin ditut, eta beti izan dut buruan minik ez hartzea, ezta gaixotzea ere. Elikadura ere izugarri zaindu behar da. Azken bi asteak infernua izan dira, oso luze egin zaizkidalako, baina merezi izan du. Ikusi diot nire gorputzari baduela berezkoa harriak jasotzeko, eta hori baliatzen ari naiz. Hiru urte besterik ez dira mundu honetan hasi nintzela, eta hasieran ez nuen imajinatuko honaino helduko nintzenik.

Hasiera haietan, aitak eta amatxik ere ez omen zizuten uzten harriarekin ibiltzen.

Beldurra zuten, eta errespetua ematen zien mundu honek, baina azkar jabetu ziren gozatzen ari nintzela. Eta beraiek zera nahi dute, ni gozatzen ikustea. Harri jasotzeko lehen txalekoa aitak oparitu zidan, eta bigarrena, amatxik.

Amarekin ere oroituko zinen, ezta?

Amarekin egunero oroitzen naiz, baina une hunkigarriak bizi izan genituen. Omenaldi txiki bat egin zidaten ingurukoek, eta mutil lagunak nire ama aipatu zuen bertso batean. Denok hunkitu ginen.

Aurrera begira, zerbait ba al daukazu buruan? Beste errekor bat, akaso?

Jendea berehala halakoak galdezka hasi zitzaidan larunbatean ere, baina nik ez nien erantzun. Egia da nire gorputzari tartea ikusten diodala kilo batzuk gehiago altxatzeko, baina oraingoz ez dut horretan pentsatu nahi. Aterik ez dut itxiko, eta ikusiko da. Eta beste norbaitek marka egiten badu, ni pozik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA