Markel Beloki (Education First) euskal txirrindulariak beste pauso garrantzitsu bat eman du bere ibilbidean: L'Aingo Tourra irabazi du. Atzo urrats garrantzitsua egin zuen, lasterketako bigarren etapa irabazi eta lidergoa eskuratuta, eta, gaur, azken etapan, lortu du 52 segundoren aldeari eustea. Nagusian bigarren zen Axel Mariault (CIC) ziklistak irabazi du etapa, esprintean, eta haren atzetik helmugaratu da Beloki. Horiek horrela, gasteiztarrak orain arteko lasterketarik garrantzitsuena irabazi du profesional denetik.
L'Aingo Tourra 1984tik jokatu da —oraingo izenarekin, 1989tik—, eta euskal ziklista bakarrak zuen irabazia: Haimar Zubeldiak, 2010ean. Beloki ere zerrenda horretan agertuko da hemendik aurrera.
Txirrindulariek etapa gogorra jokatu dute gaur. Guztira 131,5 kilometro egin dituzte, eta zazpi mendate puntuagarri igo. Azkena, lehen mailakoa: Menthieres. Hain zuzen, mendate horren magalean elkartu da tropela, eta handik gora hasi dira erasoak. 26 kilometro falta zirela egin du aurrera Henrique Bravok (Soudal), baina ez diote utzi ihes egiten, eta hari segitu diote Belokik, Jefferson Alexander Cepedak (EF), Jamie Meehanek (Cofidis), Mariaultek eta Huw Buck Jonesek (Bourg-en-Bresse Ain). Mendatea jaistean, beste txirrindulari batzuek ere bat egiten dute aurrean zihoazenekin.
Hortik aurrera, Bravo eta Nicola Conci (Astana) saiatu dira erritmoa bizitu eta Beloki atzean uzten, baina ez dute lortu. Gasteiztarrak ondo eutsi die saiakera guztiei. Belokiren taldekide Cepedak jo du azken erasoa, amaitzeko bi kilometro falta zirela, baina helmugatik gertu harrapatu dute azkenean. Esprintean erabaki da etapa, eta Mariault izan da azkarrena. Baina Belokik lortu du helburua: lidergoari eutsi eta L'Aingo Tourra irabaztea.
«Hala espero dut», erantzun du gasteiztarrak etapa ondoko elkarrizketan, esan diotenean L'Aingo Tourra irabazten duenak ondotik lasterketa asko irabazten dituela. «Horregatik ari naiz egunero lanean hobeto aritzeko, eta ikusiko dugu etorkizuna nolakoa den. Hemendik egun batzuetara Burgosko Itzulira joango naiz». Abuztuaren 4tik 8ra jokatuko dute itzuli hori.