Txirrindularitza

Marlen Reusserrek irabazi du Tourreko erlojupekoa, eta lider jarri da

Suitzarrak 3 segundo atera dizkio Lieke Nooijeni, eta 17 Demi Volleringi. Paula Ostiz izan da euskal ziklistarik onena: 68. sailkatu da, 3.09ra.

Marlen Reusser txirrindularia, Tourreko etapa irabazi berritan. BERRIA
Marlen Reusser txirrindularia, Tourreko etapa irabazi berritan. BERRIA
2026ko abuztuaren 4a
19:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marlen Reusser (Movistar) zen faborito nagusia gaurko Frantziako Tourreko erlojupekoa irabazteko, eta ez du kale egin. Ibilbidearen 21 kilometroak 27.30ko denboran egin ditu, eta bigarrenari 3 segundo besterik ez dio atera: Lieke Nooijeni (Visma); hirugarren, berriz, Demi Vollering (FDJ) izan da, 17 segundora. Etapa irabazteaz gain, beste sari bat izan du: maillot horia eramango du soinean biharko etapan. Paula Ostiz (Movistar) izan da lehen euskal ziklista helmugan: 68. amaitu du, 3.09ra. Sailkapen nagusian, berriz, Usoa Ostolaza dago ondoen (Laboral Kutxa), 30., 4.00ra. Atzo laugarren izan zen, baina gaur ez da horren fin aritu: 3.40 galdu ditu.

Aurreko Frantziako Tourrean ez zen erlojupekorik egon. Aurten, Gevrey-Chanbertin eta Dijon lotu ditu. Etapak bi zati desberdin izan ditu. Hasieran, zortzi kilometro izan dituzte ordekan, eta, jarraian, Marsannayra igo dira, 1,8 kilometro eta %6,9ko pendiza duen koskatxora. Maldan behera hasi aurretik, ordekan egin dituzte beste kilometro batzuk; eta, jaitsiera bukatuta, azken hiru kilometroak ordekan egin dituzte berriro ere.

Sailkapen nagusiaren lehian egongo diren txirrindularien artean, Pauline Ferran-Prevot eskalatzaileak egin du saiorik apalena (Visma): 2.12 galdu ditu —iaz hark irabazi zuen Tourra— . Faboritoak hasi aurretik, Nooijenek ezarri du denborarik onena: 27.33. Reusser iritsi arte, ez dio inork aurrea hartu. Ondo aritu da Vismako txirrindularia, baina garailea sendo aritu da bai ordekan eta bai goraka, eta erritmoan segida izan du. Horrek eman dio garaipena.

Sailkapen nagusian, Vollering du gertuen, 14 segundora; eta podiumeko hirugarren postuan, Cerdine Kebraol dago (EF Education), 54ra. Oraindik asko falta du Tourrak, eta etaparik gogorrenak iristeko daude; beraz, faboritoen artean aldaketak egotea ez litzateke arraroa izango.

Atzo egindako erakustaldiaren ondoren, Sigrid Ytterhus Haugsetek (Uno-X Mobility) ezin izan dio elastiko horiari eutsi, 3.06 minutu galdu baititu. Nabaritu egin du atzo 90 kilometro egin zituela ihesean.

Bihar, zortzi mendate puntuagarri

Biharko etapan, Macon eta Belleville-en-Beajoulais arteko bidea egin beharko du tropelak, guztira 140 kilometro. Zortzi mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, eta ihesaldiarentzat aproposa izan daiteke ibilbidea. Lasterketa kontrolpean eduki nahi duen taldeak lanak izango ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA