Matarazzo: «Kopako finala prestatzeko modurik onena ligan arreta jartzea da»

Realeko entrenatzaileak onartu du asteburuan taldeak ez zuela ondo jokatu Atletico Madrilen aurka. «Baina ondo lehiatzeko gai izan ginen, eta hori da garrantzitsuena. Finala desberdina izango da».

Pellegrino Matarazzo.
Pellegrino Matarazzo.
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 11
16:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzaileak argi du: «Kopako finala jokatzea gauza handia da, eta are handiagoa irabaztea. Denek argi dugu: final hori prestatzeko eta horretara ondo iristeko modurik onena ligan arreta jartzea da». Talde txuri-urdinak ligako lau partida jokatuko ditu ordu arte: «Ligan ere zerbait berezia egin dezakegu, eta ez dugu aukera hori galdu nahi. Gutxik espero zuten halakorik urtarrilean, gu iritsi ginenean».

Matarazzo kazetariekin bildu da gaur Zubietan, eta amaieran egin ditu adierazpenak. Jokalariak «pozik eta konfiantzaz» ikusten ditu. Halaber, onartu du Kopako finala jokatzea mugarri izan daitekeela haientzat. «Oso hilabete onak izan ditugu, eta finala jokatzea beste urrats bat izan daiteke». Finalean, Atletico Madril izango dute aurkari, asteburuan aurrez aurre izan zuten taldea. Txuri-urdinek 3-2 galdu zuten. Prestatzaileak honela aztertu du partida: «Ez genuen partida ona jokatu, baina gai izan ginen ondo lehiatzeko. Hori garrantzitsua da». Taldeak izan zituen gabeziei erreparatu die: «Lehen gola errazegi sartu ziguten. Ezin diegu utzi gol aukerak erraz sortzen, aurrekoan gertatu zen moduan. Horretarako, fisikoki bizi eta sendo aritu behar dugu partida guztian». Dena den, baikor mintzatu da, eta argi du Kopako finalak ez duela zerikusirik izango asteburukoarekin: «Jokalariak, zelaia, partida jokatzeko plana, energia... dena desberdina izango da». 

«Pozik eta eskertuta nago hemen egoteagatik, eta lantalde honekin lan egitegatik. Jende onarekin gauzak lor ditzakezu, eta gehiago nahi dut»

PELLEGRINO MATARAZZO Realeko entrenatzailea

Hobetu behar dituzten gauzen artean geldikako jokaldien zaintza dago, gol asko jasotzen ari baitira halako jokaldietan. «Azken partidetan gol gehiegi jaso ditugu: hamar. Aurretik hobeto ari ginen arlo horretan. Batez ere geldikako jokaldietan ez gara fin aritu. Zenbat eta hobeto aritu defentsan eta presioan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu golak sartzeko».

Zenbait jokalariri buruz ere hitz egin du. Besteak beste, esan du Take Kubo «ondo» ari dela osatzen. «Harekin dugun asmoa zera da: selekzioen arteko partidak direla-eta martxo amaieran izango den etenaldian taldearekin entrenatzen hastea». Oskarssoni buruz ere esan du ondo ikusten duela: «Gero eta konfiantza handiagoa du bere gorputzak ondo erantzungo diola, eta asko ari da hobetzen. Lan bikaina egiten ari da, eta golak sartzen». 

Bere buruaz ere hitz egin du Matarazzok. Gustura dago Donostian: «Pozik eta eskertuta nago hemen egoteagatik, eta lantalde honekin lan egitegatik. Jende onarekin gauzak lor ditzakezu, eta gehiago nahi dut». Egoera, tokia eta garaia bereziak direla onartu du: «Jokalariekin eta jendearekin hitz egitean nabari da. Klub honetan emozioak oso presente daude, eta futbola barru-barrutik bizi dugu. Emozio horiek, gainera, bene-benetakoak dira».

Horri lotuta, zaleez mintzatu da: «Oso pozik gaude finalari begira nola ari diren antolatzen ikusita. Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat, zerbait berezia da, eta finala irabazi nahi dugu denak zoriontsu egon daitezen. Horrek indar handia ematen digu».

Aitortu du garaikurra irabaztea «berezia» izango litzatekeela beretzat ere: «Alemanian zuzendu izan ditut final baten pareko partidak: adibidez, Bundesligara igotzeko edo Europa ligarako sailkatzeko. Baina lehen aldia da halako partida batean titulu bat irabazteko aukera dudana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA