Txirrindulariak hasi dira izerdia botatzen Espainiako Vueltan. Atzoko erlojupeko motzaren ostean, gaur 204 kilometrori, 3.000 metroko desnibel metatuari eta beroari aurre egin behar izan diote. Baldintza horietan, Matthew Brennan (Visma) gaztea izan da azkarrena Manosqueko helmugan (Frantzia).
Ihesaldiak ez du zereginik izan, eta azken kilometroetara arte itxaron behar izan da oilarren arteko lehia ikusteko. Lau kilometro falta zirela, jada Manosqueko kaleetan, Wout van Aertek (Visma) jo du erasoa, baina Tadej Pogacar (UAE) liderra bera itsatsi zaio gurpilean. Bi horiek elkartzen direnean, ikuskizuna bermatuta izan ohi du ikusleak, baina gaur tropelak ez die utzi alde egiten.
Finn Fisher Black (Red Bull) ere ahalegindu da ihes egiten, baina lortu, azkenean, Brennanek lortu du, esprinta oso urrundik abiatuta. Aldapatsu samarra zen errepidea, eta, printzipioz, ez zen harentzako amaierarik egokiena, baina sekulako indarra erakutsi eta atzean utzi du Mads Pedersen (Lidl-Trek), ordurako etapa irabazteko faboritoa zena. Britainiarraren atzetik, Pau Miquel kataluniarra (Bahrain) izan da bigarren, eta Pogacar hirugarren. Esloveniarrak elastiko gorriari eutsi dio, beraz.
21 urte bete berritan, Brennanek gaurkoa du itzuli handi batean lortutako lehen garaipena.