Zenbat istorio kontatuko lituzketen herrietako plazek hitz egingo balute. Bizilagunen topaleku, gertakari asko eta askoren lekuko dira. Zenbat eta urte gehiago izan plazak, orduan eta istorio gehiago kontatzeko. Erratzuko (Nafarroa) Gorostapoloko plazak asko izango ditu, ehun urte baitaramatza herriko bizilagunen topaleku eta pilotarien jokaleku izaten. Aurten bete du mendeurrena, eta hori ospatzeko, han jokatuko dute Plazaz Plaza txapelketako finala, bihar. Leire Oskoz eta Olatz Ruiz de Larramendi Iera Agirre Iturriagaren eta Ane Mendibururen aurka ariko dira, 12:15ean hasita. Hamaika telebistan eta Ados klubaren Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da partida. Aurretik, Erratzun antolatutako herri txapelketaren finalak jokatuko dituzte, eta, gero, herri bazkaria egin. Festa izango da plazaren mendeurrena ospatzeko.
Ados Pilota klubak oso kutuna du Plazaz Plaza txapelketa. 2021ean antolatu zuen lehen aldiz, pandemia garaian, eta orduz geroztik eutsi egin dio urtero. Txapelketak seigarren ekitaldia du aurten, eta tinko eusten dio hasierako helburuari: emakumezkoen pilota ohiko pilotalekuetatik atera eta herrietako plazetara eramatea, kirola ikusleengana gerturatu eta herri bakoitzeko giroarekin bat egiteko.
Sei bikotek parte hartu dute. Lehenbizi, bost jardunaldiko ligaxka jokatu dute: Areson (Nafarroa), Pancorbon (Espainia), Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eta Eltziegon (Araba). Lehen aldiz, Euskal Herritik kanpo jokatu dute, Pancorbon, Gaztela eta Leonen. Espainiako probintzia horretako Arauzo de Mielen ere aritzekoak ziren, baina pilotariak zihoazen furgonetak matxura izan, eta ezin izan zuten jokatu. Areson bitan jokatuta konpondu zuten arazoa. Ligaxka horretako multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatu zituzten joan den asteburuan, Artaxoan (Nafarroa). Neurketa horien irabazleek, berriz, finala jokatuko dute bihar.
«Oso pozik gaude. Ongi atera da dena», esan du Agirrek. Kontuan hartzekoa da hori, txapelketak bi berrikuntza izan baititu. Lehen aldiz, 30 tantora jokatu dituzte partidak, 22ra jokatu beharrean. «30 tantora jokatzeak zeresana eman du. Igarri egin da aldea, eta partida luzeagoak eta gogorragoak jokatu ditugu. Lan asko egin behar izan dugu 30era iristeko. Sasoiko egon beharra dago, eta, horrez gain, indarrak ondo kudeatu».
«30 tantora jokatzeak zeresana eman du. Igarri egin da aldea, eta partida gogorragoak jokatu ditugu»
IERA AGIRRE ITURRIAGA Ados klubeko pilotaria
Adoseko pilotari eta ordezkariak azaldu duenez, beste ekitaldi batzuekin alderatuta, «plaza nobleagoetan» jokatu dute aurten, eta horrek eragina izan du. «Plaza gehienak nahiko eraberrituak zeuden, eta lurra nahiko ondo zuten. Ez zuten koskarik edo halakorik. Horrek are gehiago gogortu ditu partidak, baldintza horietan neketsuagoa baita tantoak egitea. Finaleko plaza ere oso ondo eraberritua dago. Beraz, partida gogorra izango da, itxuraz».
Lehen aldiz Euskal Herritik kanpo jokatzea izan da beste berrikuntza, Pancorbon aritu baitira; Agirrek adierazi duenez, «oso esperientzia polita» izan da hori. «Jende asko etorri zen, eta partida politak jokatu genituen. Ikusi dugu hemendik kanpo badutela gogoa emakumezkoen pilota ikusteko. Horren erakusgarri, dei dezente jaso ditugu Gaztela eta Leondik. Pozik gaude, eta hara joateko gogotsu. Beste bide bat zabaldu dugu, eta itxura polita du».
Final gogorra
Agirrek argi du: «gogorra» izango da finala. «Leirek eta Olatzek oso bikote ona osatzen dute, eta orain arte nagusi izan dira: Olatz pilota asko luzatzen ari da, eta Leire, berriz, nagusitasun hori ondo aprobetxatzen tantoa amaitzeko. Gure lana ondo egin beharko dugu haiei aurre egin nahi badiegu. Eutsi egin beharko diegu, eta aurrean asmatu». «Borrokatzeko prest» daude. «Ane sasoi betean dago, eta horrek bermea ematen dit niri, arnasa hartu behar dudanean. Oso ongi gabiltza elkarrekin. Ea finalean horri euts diezaiokegun. Hala ere, gertatzen dena gertatzen dela, plazera izan da Anerekin jokatzea».
«Uda betea izan dugu orain arte, baina horixe nahi dugu. Izugarri eskertzen dugu urte osoko egutegi bat izatea»
OLATZ RUIZ DE LARRAMENDI Ados klubeko pilotaria
Ruiz de Larramendiri, berriz, «ilusioa» piztu dio berriro Plazaz Plaza txapelketa jokatzeak. Izan ere, aurreko bi ekitaldietan ez zen aritu, urtebetez Argentinan ibili baita ikasten. «Txapelketa berezia da, polita, plaza guztiek baitute euren xarma edo sekreturen bat». Itzulera ederra izan du, finala jokatuko baitu. «Oso pozik nago. Leire eta biok oso ondo moldatu gara elkarrekin, eta, nire ustez, hori izan da finalera iristeko gakoa. Ni oso ondo ibili naiz, pilota asko luzatzen, eta Leire asmatzen ari da aurrean». Hala ere, badaki Iturriagak eta Mendiburuk «lanak» emango dizkietela. «Oso bikote sendoa dira. Printzipioz, partida oso zaila izango da».
Adoseko pilotariek aldi berean jokatu dituzte Plazaz Plaza txapelketa eta Udara Caixabank Mastersa —urriaren 3an jokatuko dute lehiaketa horretako finala—. Herrietako festetan ere badabiltza. «Uda betea izan dugu orain arte, baina horixe nahi dugu. Izugarri eskertzen dugu urte osoko egutegi bat izatea», esan du Ruiz de Larramendik. Hori lortzeko, baina, lan asko egin beharra dago, eta ate asko jo. Agirrek oso ondo daki hori, Maite Ruiz de Larramendi Mujika eta biak aritzen baitira zeregin horretan. «Urte osoko egutegiari eutsi nahi diogu, eta, oraingoz, eutsi egin diogu. Asko da hori. Eusten diogun bitartean honek bizia izango du».