Bidasoa 2015-2016ko denboraldian igo zen Asobal ligara azkenekoz. Ordutik, behetik gorako bidea egin du Irungo taldeak (Gipuzkoa). Lehen denboraldian hamaikagarren bukatu zuen, bigarrenean hamargarren, baina, ordutik, lehen lau sailkatuen artean egotea lortu du beti. Horri esker, hainbatetan lehiatu da Europan: bai Txapeldunen Ligan eta bai Europakoan. Hain zuzen, azken lehiaketa horretan ari da sasoi honetan, ondo aritu ere, bigarren ligaxkarako sailkatu baita. Julen Mujika (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) Bidasoa taldeko albokoak azaldu duenez, «pozik» daude, sailkatu egin baitira aurreko denboraldian baino multzo zailagoan arituta ere.
Hiru talde handiren aurka jokatu dute lehen ligaxkan: Potaissa Turda (Errumania), Saint-Raphael (Frantzia) eta Flensburg (Alemania). Errumaniarren aurkako bi partidak irabazi dituzte, alemaniarren aurkako biak galdu, eta frantziarren aurkako bat irabazi eta bestea galdu. Saint-Raphaelek baino gol alde hobea lortu duelako sailkatu da Bidasoa: bigarren izan da, Flensburgen atzetik. «Meritu handia du hurrengo faserako sailkatu izanak. Oso pozik gaude: erakutsi dugu Europan beti lan ona egiteko asmoa daukagula», nabarmendu du Mujikak.
Bigarren ligaxkan ere ez dute batere lan samurra izango: batetik, Flensburgen aurkako bi partidak galdu ondoren, punturik gabe sailkatu dira; eta, bestetik, beste bi talde handiren aurka ariko dira: Alemaniako Kielen eta Frantziako Montpellierren kontra. «Gelditzen diren lau partidak irabaztea izango dugu helburu, baina badakigu zer mailatako taldeak diren. Niri ilusio izugarria pizten dit horrelako kantxetan jokatzeak. Lehiatzeko irrikaz nago, presio gutxi baitaukagu».
Asobal ligan, berriz, laugarren postuan da Bidasoa. Lehen itzulian «txukun» dabiltzala esan du Mujikak, baina zehaztu du aurkari zuzenen aurka zenbait puntu galdu izanak «sentipen gazi-gozoa» utzi diela. «Torrelavegaren eta Logroñoren aurka, galdu egin genuen, eta Ademarren aurka, berdindu. Hala ere, puntu dezente batzen ari gara, eta, geratzen diren partidak irabazten baditugu, lehen itzuli ona egingo dugu». Izan ere, helburua «bigarren postuan geratzea» dela adierazi du Mujikak. Baikor da, «talde bikaina» baitute, haren iritziz: «Taldean daramatzan bost denboraldiak kontuan hartuta, aurten daukagu talderik onena. Egunerokoan izugarrizko kalitatea antzematen da».
«Aurten, aldaketa gehiago egin ditzakegu kalitaterik galdu gabe. Denboraldia luzea izanda, oso garrantzitsua da hori»
JULEN MUJIKA Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria
Orain arte taldean gehien zer gustatu zaion galdetuta, ez du zalantzarik egin: «Partida bakoitzean jokalari bat nabarmentzen da, aldiro desberdina». Mujikaren ustetan, hasierako zazpiko «finkoa» zeukaten joan den denboraldian, eta zazpi jokalari horiek «oso justu» iritsi ziren denboraldi amaierara. «Aurten, ordea, aldaketa gehiago egin ditzakegu kalitaterik galdu gabe. Denboraldia luzea izanda, oso garrantzitsua da hori».
Garai gozoan dago
Taldea ez ezik, Mujika bera ere bolada ederrean da. Rodrigo Salinasek behin baino gehiagotan min hartu duenez, errenteriarra gehiago jokatzen ari da, eta aukerak ederki aprobetxatu ditu orain arte. Adierazi du «lasaitasuna eta pazientzia» direla bere bilakaeraren gakoak. «Lehen, urduriago jartzen nintzen partidetan. Orain, eskarmentu handiagoa dudanez, normal hartzen ditut. Jokalari moduan hobetzeko bidea pazientziaz hartu beharra dago, oso normala baita partida txarrak izatea».
Etorkizunaz galdetuta, esan du ez duela ezer argi: «Ez dut askorik pentsatzen etorkizunean, ez baitit mesederik egiten. Nire etorkizun profesionalean baino gehiago, ikasketa arloko etorkizunean pentsatzen dut. Orain, Psikologiako gradua amaitu behar dut, eta hurrengo bi urteetan masterra atera. Hori amaitzen dudanean hasiko naiz, agian, nire etorkizun profesionalean pentsatzen».