Sei entrenatzaile arituko dira futboleko kluben arteko Europako txapelketatako finaletan, eta erdiak, hiru, Euskal Herrikoak izango dira. Mikel Artetak Arsenal zuzenduko du Txapeldunen Ligako finalean, Unai Emeryk Aston Villa Europa ligakoan, eta Iñigo Perezek Rayo Vallecano Konferentzia ligakoan. «Horrek agerian uzten du beste behin zein aberatsa eta indartsua den euskal entrenatzaileen eskola», nabarmendu du Gorka Etxeberria entrenatzaileak. Etxeberriak ondo ezagutzen ditu hirurak, gertutik erreparatu dio haien jardunari, eta argi du zein den komunean duten ezaugarria: «Jokoa aztertzeko eta ulertzeko duten gaitasuna nabarmendu nuke. Mikel Etxarriren eskutik aitzindariak izan ginen horretan. Futbolari modu zientifiko edo taktikoagoan begiratzen hasi ginen, eta aspaldi hasitako lan hori ikusten ari da azken urteetan. Horrekin batera, entrenatzaile oso aktiboak dira: partidak bizitzeko moduan, erabakiak hartzerakoan... Horretan antz handia dute saskibaloiko entrenatzaileekin. Oso modu aktibo eta positiboan esku hartzen dute». Haren ustez, ezaugarri horiek ez dira hiru entrenatzaile horietara mugatzen: «Mikel, Unai eta Iñigo ez dira aspaldian arrakasta izaten ari diren euskal entrenatzaile bakarrak. Hor daude Xabi Alonso, Jose Luis Mendilibar, Andoni Iraola, Jagoba Arrasate, Imanol Alguacil... Guztiak eskola horretakoak dira».
Etxeberriak aspalditik ezagutzen du Arteta: «Txikitatik nabari zitzaion entrenatzaile izateko zuen gaitasuna. Nortasun handia zuen, bere buruarengan asko sinesten zuen, eta entrenatzaileei parez pare begiratzen zien. Egun, Guardiolarekin eta Luis Enriquerekin batera, munduko entrenatzaile onenetakoa dela esango nuke». Hain zuzen ere, Manchester Cityn hasi zen entrenatzaile, 2016tik 2019ra Pep Guardiolaren laguntzaile jardun baitzuen. «Mikelek duen beste ezaugarri bat zera da: oso bizkorra da, eta gauzak azkar ikasten ditu. Guardiolarekin ikasitako guztia, bere ñabardurekin, orain ari da aplikatzen Arsenalen».
Londresko taldea «eraldatu» egin duela nabarmendu du: «Arsenal talde joko ikaragarria egiten ari da joko posizionalean, baloiarekin zein baloirik gabe. Taktikoki, Artetaren joko proposamena oso aberatsa da. Esango nuke, gainera, badela gauza bat egungo Arsenalek Guardiolaren taldeek baino hobeto egiten duena: defentsako lana. Ez du gustuko, baina egoerak hala eskatzen badu, gai da bloke baxuan kokatu eta aurkariaren zain egoteko».
«Mikeli [Arteta] txikitatik nabari zitzaion entrenatzaile izateko zuen gaitasuna. Nortasun handia zuen, bere buruarengan asko sinesten zuen, eta entrenatzaileei parez pare begiratzen zien»
GORKA ETXEBERRIA Futbol entrenatzailea
Estrategia jokaldietan ere gol gehien sartzen duen taldea da Arsenal: «Aipatutako aberastasun horren parte da, eta Ingalaterrako ligan, funtsezkoa. Izan ere, estrategia oso garrantzitsua da bertan». Arsenalek sartzen dituen golen %25,6 geldikako jokaldien bidez sartzen ditu. Hamazazpi daramatza sasoi honetan, inork baino gehiago. Horretan zerikusi handia izan du Nicolas Joverrek, Arsenaleko estrategia arduradunak. Artetak Cityn ezagutu zuen, eta Arsenalerako fitxatu zuen. 2021etik darama bertan, eta urte hauetan Londresko taldeak ehun gol baino gehiago sartu ditu estrategiaz ligan.
Taldearen eraldaketa hori guztia «naturaltasunez eta umiltasunez» egin duela nabarmendu du: «Prentsaurrekoetan eta zelaian ikusten da hori, eta duen diskurtsoan. Hori izan da gehien harritu nauena, esan bezala, beti izan baita nortasun handiko pertsona. Baina egoera zailetan ere, adibidez ligan City asko gerturatu zaionean, naturaltasun eta umiltasun diskurtso horri eusten jakin du. Ziur nago presioak ez diola eragingo». Zuzendaritzaren aldetik izan duen konfiantza ere gogorarazi du: «Haren alde egin zuten, eta apustu horri eutsi diote. Pazientzia izan dute. Gainera, taldea egokitu dute hark bere joko estiloa ezar zezan».
Eraginkortasuna eta lana
Unai Emeryren kasuan, «esperientzia eta eraginkortasuna» nabarmendu ditu Etxeberriak. «Entrenatzaile hasi zenetik emaitza onak lortu ditu. Pentsa, zuzendu zuen lehen taldea Lorca izan zen, eta denboraldi horretan bertan Bigarren Mailara igo zuen. Gainera, Sevillarekin, PSGrekin eta Vila-realekin tituluak irabazi ditu». Aston Villarekin Europako ligaren finala jokatuko du, eta hain zuzen ere hori da Emeryk gehien altxatu duen garaikurra. Lau aldiz altxatu du: hiru aldiz— segidan— Sevillarekin, eta behin Vila-realekin.
Etxeberriak aitortu du haren joko proposamena ez dela Artetarena bezain «erakargarria». «Unairen proposamena oinarrizkoagoa da, batez ere erasoan. Haren taldeek ez dute hain ikusgarri jokatzen. Baina taktikoki lan handia egiten dute, ondo jarrita egoten dira, eta bi areetan oso eraginkorrak dira». Entrenatzaile «oso langilea» dela azpimarratu du: «Ideiak oso argi ditu, eta ideia horiek muturreraino lantzen ditu. Alde horretatik, oso exijentea da bai bere buruarekin, bai jokalariekin ere, eta exijentzia horrekin askotan erre egiten ditu jokalariak. Unairen taldeetan jokalarien zikloa motzagoa izaten da, baita bereak ere».
«Emeryren taldeek ez dute hain ikusgarri jokatzen. Baina taktikoki lan handia egiten dute, ondo jarrita egoten dira, eta bi areetan oso eraginkorrak dira»
GORKA ETXEBERRIA Futbol entrenatzailea
Aston Villari zigilu hau ezarri diola uste du: «Egoera edo aurkaria edozein izanda ere ondo eta eraginkor lehiatzen den talde bat da. Jokalari bakoitzari erremintak eman dizkio horretarako, eta hori funtsezkoa da. Aldi berean, asko estutzen ditu: haien oso gainean dago partida guztian».
Kudeaketan eraginkorra
Perezen inguruan, azpimarra hau egin du: «Jokalari askok esan dute hazten eta hobetzen gehien lagundu dien entrenatzailea izan dela, eta ikusten da. Horretan ari da asmatzen gehien nire ustez, gai izaten ari baita jokalari bakoitzarengandik onena ateratzeko. Gainera, ematen dituen mezuak oso zentzuzkoak dira, eta nabari da multzoa oso ondo ari dela kudeatzen. Zergatik? Normaltasunez jarduten duelako. Askotan hori baino ez da behar multzo bat ondo kudeatzeko: zentzuz eta normaltasunez aritzea».
Uste du horrela lortu duela jokalariek bere proposamenean sinestea: «Zelaian ikusten da hori, ideiak oso argi dituen taldea baita Rayo. Une oro daki zertan jokatzen duen, eta hala egiteko borondatea du. Oso garbi ditu bere indarguneak eta ahuleziak». Presioa eta joko zuzena dira, hain zuzen ere, haren joko proposamenaren oinarria, hegaletatik min handia egitearekin batera. Baina, aldi berean, talde orekatua da zelai erdian. Euskarrian aritzen diren bi jokalariek ematen diote oreka hori.
Hori guztia baliabide gutxiagorekin eta Andoni Iraolak egindako lan onaren zamarekin egin du: «Baina behin ere ez da kexatu. Gainera, ez zen erraza Iraolaren tokia hartzea, hark oso lan ona egin baitzuen».
Finalak, jokatzeko edo zuzentzeko ez ezik, irabazteko ere badirela esan ohi da. Etxeberria ez da ausartu pronostiko bat egitera. Baina argi du: «Emeryri ikusten diot irabazteko aukerarik handiena, askotan erakutsi baitu horretarako gai dela».