Arrauna

Mikrofonoak eta kamerak: «Bai, baina zuhurtziaz»

Badira urte batzuk traineruetan kamera eta mikrofonoak ezarri zituztela. Nagore Osoro eta Ioseba Amunarriz patroiek esan dute «ohituta» daudela jada. Baina aitortu dute ontzian halakoak eramateak eragina duela hitz egiteko moduan.

Arraun Lagunak-en ontzia, Nagore Osoro patroi dela, Bilboko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Arraun Lagunak-en ontzia, Nagore Osoro patroi dela, Bilboko estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
2026ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hori da», «Oso ondo», «Beste bi», «Kontuz, ziaboga»... Gisa horretako esaldiak entzuteko aukera du ikusleak traineru estropaden emankizunetan, ontzietan jartzen diren kamera eta mikrofonoei esker. Orain urte batzuk, ETBk aukera horren alde egin zuen, eta, gaur egun, patroi guztien ahotsa eta traineru barruan gertatzen dena entzun daiteke. Nagore Osoro Arraun Lagunak-eko patroiak (Ondarroa, Bizkaia, 1994) eta Ioseba Amunarriz Hondarribia taldekoak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) egoki ikusten dute teknologia horiek erabiltzea, baina, aldi berean, aitortu dute hitzak «neurtu» behar izaten dituztela.

Ibon Gaztañazpik (Orio, Gipuzkoa, 1977) eskarmentua du arraun munduan. Baina Gaztañazpi ETBko kazetaria ere bada, eta besteak beste, arraun emankizunetako esatari aritzen da. Lehen emankizunak izan ditu gogoan: «ETBk emandako lehen saioa 1984ko Kontxako Bandera izan zen. Orduan, helikoptero bat eta kamera teleobjektibo bat jarri ziren. Kamera hori Urgull mendian zegoen». 

TKEk antolatutako lehen ligaren aurreneko aldia 2003an jokatu zen. Horrekin batera, iraultza teknologikoa izan zen, eta horren inguruan aritu da Gaztañazpi: «Teknologia garatzearekin batera, traineruetan ere tresna aurreratuagoak sartu ziren. Gaur egun, Euskotren eta Eusko Label ligetako hogei ontziek mikrofonoa daramate, eta horietatik hamaseik kamera ere badute barruan».

Ontzi barruan, patroia izaten da mikrofonotik gertuen egoten dena eta gehien hitz egiten duena. Osorok eta Amunarrizek ibilbide luzea daramate patroi lanetan. Osorok gogora ekarri ditu kamera eta mikrofonoak traineru barruan zirela egindako lehen estropadak: «Ez dut gauzak erabat aldatu ziren oroitzapenik. Lehen ez genituen gauzak orain bezala ikusten, baina gustatzen zitzaigun». Amunarrizek ere gogoan ditu hasierako garaiak: «Arraroa zen tresnak ontzi barruan egotea eta nire ahotsa entzutea». 

Gailu teknologikoak eramatearen ondorioz, esandako hitz bakoitza xeheki aztertzen da. Osorok ibilbideari ekiterako, halakoak traineru barruan ezarrita zeuden jada. Hala ere, hasieran ez zituzten den-denek eramaten; hori nola erabakitzen zen azaldu du: «Hasieran zozketa egiten zen erabakitzeko gailuak nork eramango zituen barruan. Orain, denok daramatzagu». Amunarrizek egoki ikusten du halakoak erabiltzea: «Hasieratik iruditu zitzaidan interesgarria arrauna telebista bidez ikusten dutenek gure jarduna gertutik sentitu ahal izatea». 

Gaztañazpi arraunlaria zen kamerak eta mikrofonoak jarri zituztenean. Ordura arte, sekula ez zen halakorik egin, eta beste hainbat auzirekin gertatu izan den moduan, hasieran askotariko iritziak eta erantzunak izan ziren horren inguruan. Horixe hartu du hizpide Gaztañazpik: «Jendearen artean errezelo handia zegoen. Traineruak oraindik badu puntu sakratu hori, baina, telebistan egiten den erabilera onaren ondorioz, arraunlariek konfiantza handiagoa dute gailu horietan».

«Egoki ikusten dut estropadak iraun bitartean kamerak piztuta egotea, baina iruditzen zait amaitu bezain laster itzali egin beharko liratekeela»

IOSEBA AMUNARRIZ Hondarribiako patroia

Teknologiari esker, telebistak modua eman du ikusleari gertatzen den guztia erakusteko. Traineru bakoitzaren kokapena, haizearen norabidea eta palada kopurua ere ikusgai izaten dira. Horrez gain, Gaztañazpik azaldu du tresna horiek baliagarriak direla arraunlarientzat eta entrenatzaileentzat ere: «Arraunlariak ikusten du egunero egiten duen lan hori baloratzen dela, eta hori garrantzitsua da harentzat. Entrenatzaile batzuek, itsasoan zodiakean daudela ikusten dute estropada».

(ID_17834364262905) Joseba Amunarriz
Ioseba Amunarriz Hondarribiako patroia estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA

Patroientzat ere lagungarria da. Osorok ondorengoa adierazi du: «Estropadaren aurretik, estrategiak ongi prestatuta eramaten ditugu, eta unean-unean sentitzen dugun hori transmititzen diogu taldeari». Amunarrizentzat ere lagungarriak dira kamerak eta mikrofonoak: «Baliagarria egiten zait. Batez ere, zer gauza eta noiz esaten ditudan jakiteko. Beti dago ikasteko zerbait».

Izan ere, ontzi barruan dauden tresnek modua ematen dute patroiek zehazki zer esaten duten entzuteko eta haien mugimenduak ikusteko modua ere badago. Patroiek estropadako tentsio bete-betean ematen dituzte aginduak. Bada, Osorok nabarmendu du halako egoeretan esandakoa grabatzeak eragina duela haien hizkeran: «Kontuz ibiltzen gara esaten dugunarekin. Hitz bakoitza epaitzen baita». Amunarriz ere tentuz aritzen da: «Estropadan aginduak ematen ari naizenean, badakit hor daudela. Jendea ikusten eta entzuten ari da, eta horrek errespetuz aritzeko ardura sortzen du». 

«Kontuz ibiltzen gara esaten dugunarekin, hitz bakoitza epaitzen baita»

 NAGORE OSORO Arraun Lagunak-eko patroia

Osorok eta Amunarrizek esperientzia dute itsasoan. Halako tresnarik gabe ere jardun dute patroi. Arraun Lagunak-en aritu aurretik, Osorok Ondarroan, Zumaian eta Tolosaldean egin zituen patroi lanak. Orduko jarduna nola bizi izan zuen kontatu du: «Ez nien buelta askorik ematen gauzei. Errazago aritzen nintzen».

Amunarriz, berriz, Hondarribiako ikurretako bat da. Gaztea zela hasi zen taldean, eta hor dihardu oraindik. Harentzat ere bestelakoak ziren estropadak: «Lasaiagoa zen dena». Gainera, tresnak erabiltzea ontzat jo arren, kritika ere egin du: «Egoki ikusten dut estropadak iraun bitartean kamerak piztuta egotea, baina iruditzen zait amaitu bezain laster itzali egin beharko liratekeela». Gaztañazpi bat dator horrekin: «Guk estropada hasi baino minutu erdi lehenago aktibatzen ditugu barruko kamerak, eta estropada amaitzean kendu. Gure ustez marra gorria igarotzen duen zerbait agertzen bada tartean, moztu egiten dugu».

Kirola erdigunean

Estropadetako protagonista nagusiak trainerua eta hartan doazen kideak dira. Gaztañazpik aukeratzat dauka zer gertatzen den bertatik bertara ikusi eta entzun ahal izatea: «Traineruaren erdigunean sartzen da ikuslea, eta hori ikaragarria da. Horrekin batera, klubei eta arraunlariei eskerrak eman behar zaizkie, haiei esker egin baitaiteke hau guztia». 

«Traineruaren erdigunean sartzen da ikuslea, eta hori ikaragarria da. Horrekin batera, klubei eta arraunlariei eskerrak eman behar zaizkie, haiei esker egin baitaiteke hau guztia»

 IBON GAZTAÑAZPI ETBko kazetaria

Azken urteetan sortu diren joerek eragina izan dute kirol emanaldietan ere. Ikus-entzunezko hainbat edukik morboa eta polemika dituzte ardatz. Halako biderik ez hartzea izan zen  ETBren helburua hasiera-hasieratik. Hala kontatu du Gaztañazpik: «Soilik kirolarekin zerikusia duen hori erakusteari eman zaio garrantzia beti». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA