Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria

Miguel Angel Martin: «Minutu gehiago eta garrantzitsuagoak jokatzeko etorri naiz»

Bartzelonak utzita ari da Miguel Angel Martin Bidasoan. 19 urte ditu, eta etorkizun oparoa. Oso ondo ari da. Gaur, estreinakoa egingo du Europako Ligan, Artalekun. «Ilusio handia» pizten dio horrek.

Miguel Angel Martin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miguel Angel Martin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan iritsi da Miguel Angel Martin Bidasoa taldera (Teguise, Espainia, 2007). Ez da samurra 19 urteko gazte batentzat beste toki batera joatea bizitzera. Baina Martinek egin berri duen aldaketa txiki geratzen da duela lau urte egin zuenaren aldean, 14 urte zituela utzi baitzuen jaioterria Bartzelonara joateko. Ordutik aurrerapausoak baino ez ditu eman. Gauza bera egin nahi du Bidasoan.

Zer sentitzen duzu Asobal ligako liderrak izanda?

Oso pozik gaude orain arte egin dugun lanarekin: hiru partida jokatu eta hirurak irabazi ditugu. Oso ondo hasi gara, baina liga hasi besterik ez da egin, asko falta da, eta lanean jarraitu behar dugu. Bide zuzena daramagu, eta eutsi egin behar diogu.

Zertan zabiltzate ondo?

Oso ondo ari gara egunerokoan, eta horri esker ari gara horren ondo partidetan. Defentsan aldaketa batzuk egin ditugu aurkariari presio egiteko orduan, eta oso sendo ari gara. Erasoan, berriz, eraginkor ari gara, gol asko sartzen. Baina badugu zer hobetu. Hobetzen badugu, oso emaitza onak lortuko ditugu, seguru.

Alex Mozas entrenatzaileak «talde borrokalari peto-petoa» izateko eskatu dizue. Hori ere egin duzue: bigarren partidan, Cangasen pistan, azken segundoan irabazi zenuten.

Argi dugu: ondo zein gaizki ibili, azkeneraino borrokatuko gara partida guztietan. Hori oso garrantzitsua da talde batean.

Bolada onean ekingo diozue Europako Ligari, gaur, Artalekun, Hafnarfjordur Islandiako taldearen aurka, 20:45ean.

Lehen hiru partidak irabazi izanak konfiantza eman digu Europako lehiari ekiteko. Talde guztiak gogo bizia du lehiaketa hori jokatzen hasteko. Niri sekulako ilusioa pizten dit. Bartzelonarekin Txapeldunen Liga jokatutakoa naiz, baina hau ezberdina da; minutu gehiago eta garrantzitsuagoak jokatzeko etorri naiz Bidasoara. Bartzelonarekin badakizu gutxi edo batere ez duzula jokatuko, eta presioa txikiagoa da, ez baituzu izango baloi garrantzitsuak jokatzeko ardura.      

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Hafnarfjordurri joko zuzena gustatzen zaio, eta buruz burukoak egiten dituzte ia une oro. Baina guk defentsa sendoa dugu, eta buruz buruko horiek indargabetu ditzakegu. Erasoan, berriz, eraginkortasunari eutsi behar diogu.

Zer helburu duzue Europako Ligan?

Partida guztietan lehiakor aritu eta ahalik eta urrutien iritsi.

Udan iritsi zinen Bartzelonatik. Zer moduz zabiltza?

Oso gustura nabil. Taldekideak oso gertukoak dira, eta oso ondo hartu naute. Ondo egokitzen ari naiz.

Zerbait egin zaizu deigarri?

Hiriak asko bizi duela eskubaloia. Kaletik noanean jendeak asteburuko partidari buruz galdetzen dit, eta animoak ematen dizkit.

«Egunerokoan oso ondo ari garelako ari gara horren ondo partidetan: defentsan sendo ari gara, eta erasoan eraginkor»

Irunen bertan bizi zara?

Bai. Lau taldekide bizi gara elkarrekin: David Failde, Jon Ander Iribar, Joao Magalhaes eta laurok. Ez gara aspertzen. 

Itsasoa gertu duzu, jaioterrian eta Bartzelonan bezala.

Bai, eta eskertzen dut hori, baina ez dut denbora askorik izan hondartzara joateko. Hala ere, Lanzaroten bezala, inon ez.

Ikasi egiten duzu?

Bai, Kirol eta Jarduera Fisikoaren gradua, online. Zaila da goi mailako eskubaloia eta ikasketak uztartzea, baina ondo antolatzen bazara, egin daiteke. Ni ondo ari naiz.     

Zer iritzi zenuen Bidasoari buruz hona etorri aurretik?

Oso talde ona zela; Bartzelona kenduta, Asobal liga onenetako bat. Asko gustatzen zitzaidan haren jokatzeko modua.

Artalekun jokatua zinen?

Gazte mailako Espainiako Kopa bat jokatu nuen. Orain jada jokatu dut ligan, eta oso polita izan zen. Hasieran apur bat urduri nengoen, lehen partida baitzen ligan. Bartzelonarekin ez nuen horrenbesteko presiorik, ez bainintzen jokalari garrantzitsua. Hala ere, ez dut presioa sumatzen. Jokalari gaztea naiz, eta hobetzeko eta lehiatzeko etorri naiz hona. Dakidan bezala jokatuko dut.

Bidasoak eta Bartzelonak egindako tratuaren arabera, bi urtez ariko zara, utzita, baina denboraldi honen amaieran Bartzelonak berreskura zaitzake. Zer helburu duzu?

Ahalik eta gehien jokatu nahi dut, minutu horiei ahalik eta probetxu handiena atera, eta ahalik eta gehien hobetu. 

Erasoan nabarmendu zara: bost gol baino gehiago sartu dituzu partidako. Azkenekoan zortzi sartu zenituen. Pozik?

Oso pozik nago orain arte egin dudanarekin. Egunerokoan ahalik eta gehien lan egin nahi dut, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko eta jokatzen ditudan minutuei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko. Asko eskatzen diot neure buruari: ez nago inoiz erabat konforme, eta beti nahi dut hobeto egin. Baina oxala, partida guztiak azkenekoa bezalakoak balira: ondo jokatuz irabazi genuen, eta nik oso lan ona egin nuen.

Julen Mujika eta biok ari zarete eskuin alboko, eta oso ondo ari zarete biak. Ez da igarri Rodrigo Salinas joan dela.

Julen eta biok gazteak gara, baina oso ondo jokatzen dugu. Rodrigok urte asko egin zituen Bidasoan, eta oso jokalari garrantzitsua izan zen. Baina ez Julenek ez nik ez dugu presiorik Rodrigo ez dagoelako. Ez gara haren ordezkoak. Guk dakiguna egiten dugu, eta gure onena ematen. 

Zer esaten dizu entrenatzaileak?

Erasoan jaurtitzeko aukera argia dudanean ez kikiltzeko, eta jaurtitzeko. Defentsan, berriz, gogor aritzeko esaten dit.

«Oso pozik nago orain arte egin dudanarekin. Baina ez nago inoiz erabat konforme, beti nahi dut hobeto egin»     

Nolako jokalaria zara?

Ondo jaurtitzen dut urrutitik, eta defentsan ondo moldatzen naiz.

Eredurik izan al duzu?

Nire aita. Hark ere eskubaloian jokatu zuen, San Jose Obrero taldean, eta talde horretan ere entrenatu ninduen. Asko gustatzen zait Dika Mem Bartzelonako jokalaria ere. Taldekide izan nuen.

14 urte zenituela joan zinen Lanzarotetik Bartzelonara. Ez zen samurra izango aldaketa, ezta?

Aldaketa handia izan zen. 14 urte baino ez nituen, eta ordura arte etxean bizi izan nintzen, familiarekin, baina gero handik urruti eta bakarrik bizi behar izan nuen. Baina egokitu egin nintzen pixkanaka.

Merezi izan zuen. 16 urte zenituela egin zenuen debuta lehen taldearekin. Zer sentitu zenuen?

Ametsa izan zen lehen taldearekin debuta egitea. Lanzaroten bizi zen 14 urteko nerabe horrek inoiz ez zuen pentsatuko halakorik egingo zuenik. Sekulakoa izan zen ordu arte telebistaz bakarrik ikusten nituen jokalariekin aritzea. Munduko jokalari onenak ziren, eta ni haiekin nengoen aldagelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA