Saskibaloia

Miraik, eutsi; Gernikak eta Araskik, hautsi

Denboraldiaurre betean dira Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeak. Gehiago edo gutxiago, baina hirurek egin dituzte aldaketak jokalarien artean. Gernikak entrenatzailea ere aldatu du. Urriaren 3an edo 4an jokatuko dute lehen jardunaldia.

FRANKY GARCIA. INVERSUS GERNIKAK UTZITAKOA
Franky Garcia Inversus Gernikako entrenatzaile berria, azalpenak ematen, denboraldiaurreko entrenamendu batean. INVERSUS GERNIKAK UTZITAKOA
2026ko irailaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste denboraldi batez hiru euskal talde ariko dira Espainiako Ohorezko Mailan: Kutxabank Araski, Inversus Gernika eta Mirai Euskotren —IDK Euskotren zen lehen—. Hirurak denboraldiaurre betean daude. Liga hasierarako prest egon nahi dute: urriaren 3an edo 4an jokatuko dute lehen jardunaldia, eta hirurak Galizian ariko dira. Ligari ekin aurretik, hirurek Euskal Kopa jokatuko dute, irailaren 23tik 27ra, Beasainen (Gipuzkoa). Gehiago edo gutxiago, hirurek egin dituzte aldaketak: Miraik hiru jokalari fitxatu ditu, Gernikak sei, eta Araskik zazpi. Gernikak entrenatzailea ere aldatu du: Franky Garciak Lucas Fernandez ordezkatu du. Hiru taldeek helburu bat izango dute: aurreko denboraldian baino gutxiago sufritzea, Gernikak eta Araskik azken azken jardunaldian lortu baitzuten gorenean jarraitzea; IDK-k, berriz, oso ondo hasi ostean, bolada txar bat izan zuen, eta bi jardunaldi falta zirela lortu zuen arnasa hartzea. 

Inversus Gernika: Lasaitasuna bilatu nahi du

Gernikak lortu zuen aurreko denboraldian euskal taldeen artean posturik onena ligan: hamargarren sailkatu zen. Hala ere, jaitsiera postuak gertu eduki zituen. Azkenera arte sufritu zuen. Eurokopan, berriz, final-zortzirenetara iritsi zen, baina Villeneuve-d'Ascq Frantziako taldeak kanporatu zuen. Bizkaiko taldeak albiste oso txarra jaso zuen sasoi amaieran, Lointekek, haren babesle nagusiak, jakinarazi baitzuen kluba diruz laguntzeari utziko ziola. Horrek kolokan jarri zuen Gernikaren kirol proiektua. Zorionez, Inversusek hartu dio lekukoa Lointeki, eta, horri esker, bizkaitarrek egitasmoa aurrera eramatea lortu dute.

Aldaketa nabarmenena aulkian izan du Gernikak. Lucas Fernandezek ez du jarraituko taldea zuzentzen, zeregin horretan hiru urtez aritu eta gero. Franky Garcia ariko da haren ordez. Orain arte, Garcia Fernandezen laguntzaile izan da; beraz, ondo ezagutzen du taldea. Mikel Retolaza eta Maialen Markuerkiaga izango dira haren laguntzaileak. Entrenatzailea aldatzeaz gain, sei jokalari fitxatu ditu klubak: Estel Puiggros eta Sam Galanopoulos joko antolatzaileak, Elena Bosgana eta Irune Orio hegalekoak, Seehia Ridad hegaleko pibota eta Lara McSpadden pibota. Aurreko denboralditik bost jokalarik jarraitzen dute, beraz, 11 izango dira taldean. Liga Celtaren aurka hasiko dute.

Mirai Euskotren: Aldaketa gutxi egin ditu

Donostiako taldeak Ensinoren pabiloian jokatuko du ligako lehen partida. Azu Muguruzak zuzentzen duen taldea hamabigarren postuan sailkatu zen ligan aurreko denboraldian, baina, Gernikarekin eta Araskirekin alderatuta, ez zen aritu azken jardunaldira arte mailari eusteko lehian. 

Denboraldi honi begira ez ditu aldaketa asko egin, eta Muguruzak adierazi du pozik dagoela horrekin, egokitzapena errazagoa delako. Proiektuari jarraipena eman nahi izan diote, eta soilik hiru fitxaketa egin dituzte: Imani Tate hegalekoa, Gedna Capel hegaleko pibota eta Sasha Washington pibota.

Roso Buchek, Yvonne Ejimek eta Kristine Vitolak utzi duten hutsunea beteko dute. Taldeko beste zazpi jokalariak aurreko sasoian ere aritu ziren Donostiako taldean: Lara Gonzalez, Irene Murua, Itziar Ariztimuño, Maria Eraunzetamurgil, Page Robinson, Veronika Remenarova eta Khadija Faye.

Kutxabank Araski: Gutxiago sufritu nahi du

Araskik azken jardunaldian eutsi zion mailari aurreko denboraldian, eta hamalaugarren postuan bukatu zuen. Arabarrek ez dute horren estu ibili nahi sasoi honetan, eta, hori lortzeko, Mendizorrotzan indartsuak izan nahi dute. Taldeak aspaldiko lemazaina izango du: Made Uriarte.

Araskik aldaketa asko egin ditu jokalarien artean, aurreko sasoiko hiru jokalari baino ez dira ariko denboraldi honetan: Montserrat Bretons, Mireya Sanz eta Lotta-Maj Lahtinen. Beste zazpi jokalariak berriak dira: Aleksandra Stanacev joko antolatzailea, Laura Piera eta Nikola Dudasova eskoltak, Julieta Mungo eta Maria Routers hegalekoa, Kristina Rakovic hegaleko pibota eta Kristina Higgins pibota. Uda hasieran Maddie Garrick fitxatu zuen klubak, baina lesionatu egin zen, eta eten egin zioten kontratua. Jokalari berri asko daudenez, denboraldiaurrean egin beharreko lana oso garrantzitsua izango da. Ferrolen izango dute estreinakoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA