Espainiako Ohorezko Mailan ari diren saskibaloiko hiru euskal taldeek, Mirai Euskotrenek, Inversus Gernikak eta Kutxabank Araskik, asteburu honetan ekingo diote Ligari. Etxetik kanpo ekingo diote, Galizian. Hirurek estu eutsi zioten aurreko sasoian kategoriari, baina denboraldi honi abiapuntu desberdin batetatik ekingo dio bakoitzak: gipuzkoarrek jokalariren gehiengoari eutsi diote, eta segida eman diote proiektuari; bizkaitarrek uda gorabeheratsua izan dute, eta aldaketa dezente egin dituzte, besteak beste aulkian; arabarrek, berriz, hutsetik hasi behar izan dute beste behin, eta multzoa ia osorik aldatu dute.
Emaitzei eta sailkapenari begirako helburuei erreparatu beharrean, Azu Muguruza, Franky Garcia eta Made Urieta entrenatzaileak beren taldeek izango dituzten jokatzeko modua eta nortasuna zehazten aritu dira denboraldiaurrean, hobeto lehiatu eta aurreko denboraldian baino gutxiago sufritzeko. Sasoia lasaiagoa izatea nahi dute. Hori lortzeko bideak, ordea, ez dira berdinak.

Azu Muguruza, Mirai Euskotreneko entrenatzailea
«Aurkariarentzat oso deserosoa den talde bat izan nahi dugu»
Hiru euskal taldeetatik Mirai Euskotren izan da aurreko denboralditik aldaketa gutxien egin dituena. Zazpi jokalarik taldean jarraitzen dute, eta Imani Tate, Gedna Capel eta Sacha Washington baino ez dira iritsi. Iragan denboraldiko multzoari segida ematea izan da apustua, Azu Muguruza entrenatzaileak berretsi duenez. Prestatzaileak zera uste du: aurreko denboraldian kalte egin ziela esperientzia gutxiko jokalari gehiegi izateak. «Oreka handiagoa eman nahi izan diogu taldeari». Zazpi jokalariri eusteak ere badu balioa taktikoki. Jokalari gehienek badakite Muguruzak zer eskatzen dien, eta entrenamenduetako dinamikak eta mekanismoak barneratuak dituzte. «Hasierako prozesuetan asko aurreratzen duzu. Jende berria askoz errazago egokitzen da entrenatzeko eta jokatzeko dinamiketara».
Tate «berehalako errendimendua» emateko fitxatu dute, eta Robinsonekin batera puntuak sartzeko. Capel eta Washington, berriz, lehen aldiz ariko dira ligan, eta egokitzapena beharko dute. Baina, jokalari bakoitzari baino gehiago, taldeari erreparatu dio Muguruzak azterketa egiteko orduan. Taldeak defentsan egin behar duen lanaz mintzatu da aurrena. Aurkariari pentsatzen ez uztea, jokoaren ekimena kentzea eta bost jokalariak batera mugitzea nahi du. «Armiarma sare moduko bat izan nahi dugu: denak batera, etengabe lanean. Talde oso deserosoa izan nahi dugu aurkarientzat». Lan horretatik abiatu nahi dute erasoa: baloia berreskuratu, azkar jokatu eta aurkaria antolatu aurretik abantailak bilatzeko.
Taldearen jokoa, ordea, ez du soilik trantsizioetan oinarritu nahi. Korrika egiteko modurik ez dutenean, bost bosten aurka jokatzeko baliabideak izan behar dituzte. Muguruzak hor ikusten du hobetzeko tarterik. Zertan? Hauxe erantzuna: «Jaurtiketetan ditugun portzentajeetan, baloirik gabeko mugimenduetan eta joko kolektiboan hobetu beharra dugu».
Helburuetatik harago, taldea «ezagutzeko modukoa» izatea nahi du: «Defentsan horma bat izatea eta erasora jokatuz iristea nahi dugu. Hori lortzen dugunean, ligak esango digu non egon behar dugun». Bihar izango dute lehen azterketa, Lugon, Ensinoren aurka (12:00).

Franky Garcia, Inversus Gernikako entrenatzailea
«Ez diogu geure buruari mugarik jarri nahi; egunerokoak jarriko gaitu dagokigun tokian»
Gernikak aldaketa asko egin ditu denboraldi honi begira, babesle nagusitik hasita: Inversus da orain. Lointekek taldea babesten ez jarraitzeak ziurgabetasun handia eragin zien udan. Zenbateko aurrekontua izango zuten argitu arte hainbat fitxaketa atzeratu behar izan zituzten, eta, azkenerako, aurreko denboraldian taldean zeuden bost jokalarik segitzea lortu zuten.
Aulkian ere egin dute aldaketa. Franky Garciak aurreko denboraldia du lehen entrenatzaile gisa, aurreko biak Lucas Fernandezen laguntzaile moduan egin ondoren. Ez du aurreko guztiarekin hautsi nahi: «Eguneroko lanari eta etengabe hobetzeko nahi horri eutsi nahi diet». Bere arrastoa jokoan utzi nahi du prestatzaileak: «Talde oldarkorra izan nahi dugu, baloi jabetzetako lehen segundoetan ausarta eta partidei defentsan egindako lanetik helduko diona».
Fitxatu dituzten jokalarien ezaugarriak kontuan hartuta, postu batean baino gehiagotan joka dezaketen jokalarien alde egin dute. Horrek bosteko desberdinak osatzeko eta aurkariaren arabera partida plana egokitzeko aukera emango dio Garciari. «Defentsan intentsitatez aritzea izango da abiapuntua. Presioa eta kontaktua erabili nahi ditugu, aurkaria eroso egon ez dadin». Bost bosten aurkako jokoan, berriz, Garciak argi eduki nahi du zein jaurtiketa bilatu eta zein jokalariren bidez sortu abantailak.
Gernikak ez du Europan jokatuko denboraldi honetan, eta horrek aste osoa emango dio hurrengo neurketa prestatzeko. Entrenamendu egun gehiago izateak landu nahi dituen gauzak sendotzen lagunduko dio Garciari. Baina aldi berean lehiatzeko erritmoa galduko du. Garciak oraindik «egokitu gabe» ikusten du taldea. Hainbeste jokalari berri izanda, egokitzapenak denbora behar du. Horregatik ere garrantzitsua izango da taldean jarraitzen duten bost jokalarien ekarpena. «Jokalari horiek klubaren nortasuna eta dinamikak erakutsiko dizkiete besteei».
Sailkapenari ez dio askorik begiratu nahi. «Ez diogu geure buruari mugarik jartzen, ez gorantz, ez beherantz. Egunerokoak jarriko gaitu dagokigun tokian». Gaur jokatuko dute lehen jardunaldiko partida. Celtari egingo diote bisita (19:00). Garciak nolako taldea ikusi nahi duen zehaztu du: «Talde fisikoa, lehiakorra eta egiten duen gauza bakoitzean amore emango ez duena izatea nahi dut».

Made Urieta, Kutxabank Araskiko entrenatzailea
«Ausart jokatu nahi dugu erasoan, eta oso sendo defentsan»
Araskin aurreko denboraldiko hamar jokalarietatik hiruk baino ez dute jarraitzen, eta beste zazpiak berriak dira. Baina hori ez da berria Gasteizko taldearentzat. Made Urieta entrenatzaileak jokalari gehiagok segitzea nahi zuen, baina badaki klubaren errealitatea zein den. Araski «tranpolin bat» dela dio. Jokalari askok Gasteizen asko jokatzea eta protagonista izatea lortzen dute, eta gero klub edo egitura indartsuagoetara joaten dira. Oraingoan, fitxaketak egiteko orduan eskarmentua bilatu du bereziki. «Taldeak esperientzia handiagoa du, eta hori funtsezkoa iruditzen zaigu talde sendoa izateko».
Aurreko denboraldian asko sufritu zuten kategoriari eusteko. Horretatik ere ikasi dute: «Egoera zailetan presioa hobeto kudeatzen eta taldea gidatzen ikasi dut». Jokatzeko moduari erreparatuz gero, Araskiren ohiko nortasunari eutsi nahi dio: bizi jokatu, eta jokalariei jaurtitzeko konfiantza eman. «Alai jokatu nahi dugu, eraso azkarrak eginez, eta jaurtitzerakoan ausartak diren jokalariekin; defentsan, berriz, talde oso sendoa eta deserosoa izan nahi dugu».
Jokalarien multzoa ere horren arabera osatu dute. Stanacevek, adibidez, eskarmentua du, eta jokoa kontrolatzeko modua emango die; Higgins erreferente izango da uztaipean, baina taldekideentzat jokatzeko gaitasuna ere badu; eta Mungo hainbat postutara moldatzen da.
Fitxatu zuten beste jokalarietako batek, Maddie Garrickek, min hartu zuen, eta horrek hankaz gora jarri zien hasierako plangintza. Kolpea izan zen hori. Haren ordez iritsi zen Dudasova. Hainbat gaitasun ditu jokalari horrek: besteak beste, kanpotik jaurtitzen trebea da, eta banakako defentsan intentsitatez jarduten du. Horrek bat egiten du Urietak nahi duenarekin: defentsan oldarkor aritu, baloiak berreskuratu eta korrika egin. «Erasoak, ahal den neurrian, defentsan izan dezala abiapuntua».
Araskik «talde bezala» lehiatu nahi du. Ez du jokalari bakar baten ekarpenaren menpe egon nahi. Denboraldiaurrean baloia partekatzeko eta protagonismoa banatzeko gaitasuna erakutsi du. Hortik harago, Urietak ere ez du sailkapenari begira langarik jarri: «Partidaz partida joan behar dugu, apaltasunez eta lan eginez». Bihar hasiko dute liga, Baxi Ferrolen pistan. Emaitzaz harago, entrenatzaileak udan landu dutena ikusi nahi du kantxan: «Talde gisa zer izan nahi dugun ulertzen duen multzo bat izan nahi dugu; helburu batzuen alde dena ematen duena, eta konfiantzaz eta ausardiaz jokatzen duena».