Mirandesen denboraldi historikoa egin eta ia Lehen Mailara igo ostean, Zubietara itzuli da Jon Gorrotxategi (Eibar, Gipuzkoa, 2002). Aurrekoan denboraldi bikaina osatu ostean, hamaikakoan lekua egitea du xede. Ongi ezagutzen du entrenatzailea: Sergio Francisco. Orkatilean izandako kolpe baten ondorioz asteburuan Ingalaterrara bidaiatu ez bazuen ere, Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko den ligako lehen partidarako prest egotea espero du.
Nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso ongi ikusten dut. Ez nuen zalantzarik mailaren inguruan, eta etorri nintzen lehen egunetik maila izugarria dela ikusi dut. Aldagelan ere harreman oso ona dugu guztiok.
Lau urtez egon zara Sergio Francisco entrenatzaile berriaren aginduetara, baina gehienentzat lehen aldia da harekin. Nola doa egokitzapena?
Guztiontzat etapa berria izango da. Sergiorekin oso gustura egon naiz lau urteotan, baina egia da orain lehen taldean ezberdina izango dela. Nik betiko moduan ikusten dut bera, bere ideiak planteatzen. Jokalari asko oraindik Sergio ezagutzen ari dira, eta apurka-apurka joango gara hark nahi duen hori ulertzen.
«Jokalari asko oraindik Sergio ezagutzen ari dira, eta apurka-apurka joango gara hark nahi duen hori ulertzen»
Denboraldiaurrean 4-4-2ko sisteman erronboan jokatzen aritu zarete, baita 4-3-3an ere. Non sentitzen zara erosoago? Non ikusten duzu taldea hobeto?
Bai Japonian, bai Stade Roazhonen aurka jokatutako partidan bi sistemak probatu genituen. Sergiok gustuko du jokatzeko bi modu horiek erabiltzea; izan ere, aurkari guztiek ez dute berdin jokatzen, eta egokitu egin behar da haiei aurre egiteko. Ni bietan eroso sentitu naiz; aurretik harekin askotan jokatu izan dugu erronboan, eta esaten duenera egokituko naiz.
Euskarria zara, baina sarritan iristen zara aurkariaren areara. Zer moduz sentitzen zara?
Gustura nabil. Mirandesen jokatzea oso garrantzitsua izan zen, batez ere konfiantza hartzeko, eta horrela iritsi naiz denboraldiaurrera. Aurreko sasoian beste batzuetan baino gehiago iritsi nintzen areara, eta horretan saiatzen ari naiz aurten ere. Badakit zer postutan jokatzen dudan, eta zuhurtziaz igo beharra daukat.
Nola definituko zenuke zeure burua jokalari moduan?
Baloia edukitzea gustatzen zait batez ere. Fisikoki ez naiz handia, baina aurrera defendatzeari garrantzia ematen diot. Baloiarekin jokalari fina naiz, eta, beharbada, batzuetan ez du ematen euskarria naizenik.
Stade Roazhonen aurka, kosta egin zitzaizuen zuloak bilatzea. Osasunaren aurka, ordea, erraz topatu zenituzten. Nola kudeatzen duzue hori?
Aurkari ezberdinak dira. Roazhon, esaterako, oso talde fisikoa da, eta gu baino apur bat lehenago ekin zion denboraldiaurreari. Osasunaren aurka berriz, lehen minutuetan, beharbada haiek gu baino hobeto aritu ziren, baina partidan sartu ginen heinean norgehiagoka oso ona jokatu genuen.
Oso ongi ezagutzen duzue elkar Sergio Franciscok eta zuk. Lau denboraldi elkarrekin eginda, zer esan dezakezu hari buruz?
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot, harengandik asko ikasi baitut. Bi urte eman ditut harekin Reala C-n eta beste bi Reala B-n, eta lortu duen postua berak bakarrik irabazi du. Nire ustez, sekulako entrenatzailea da, asko eman dit, eta jarraitzaileek ere ikusiko dute hori pixkanaka. Bere ideiak oso garbi ditu, eta horiek taldeari helarazi nahi dizkio.
Bi jokalari fitxatu ditu oraingoz taldeak: Caleta Car erdiko atzelaria eta Goncalo Guedes aurrelaria. Nola ikusi dituzu?
Fitxaketa berriak taldeari gehigarri bat emateko etortzen dira. Ez ditut asko ezagutzen, baina Realak fitxatu baditu, ziur asko emango digutela.
Bost urtez Europan aritu ondoren aurten ez zarete izango. Denboraldi honetarako helbururik finkatu duzue?
Oraindik ez dugu helburuen inguruan hitz egin. Liga ongi hasi nahi dugu, eta denboraldia aurrera doan heinean hitz egingo dugu helburuei buruz. Ez dugu ere hortaz hitz egin nahi.
Joan den denboraldiaz geroztik asko hitz egin da zure inguruan, batetik Mirandesen sekulako denboraldia egin duzulako eta askorentzat Martin Zubimendiren ordezkoa izango zarelako. Nola kudeatzen duzu hori?
Kanpoko zarata saihesten saiatzen naiz. Horrek ez du ezertan laguntzen, eta, beraz, nik nigan jarri dut soilik fokua, bai joan den denboraldian Mirandesen, baita aurtengo denboraldiaurrean ere Realean. Ongi entrenatzen eta norgehiagoketan ahalik eta ongien aritzen saiatzen naiz.
Zer moduzko esperientzia izan zen Mirandesekoa?
Oso baliagarria izan zen. Han bai, han ezarri genituen helburuak; izan ere, taldeak azken jardunaldian eutsi zion mailari, eta xedea hori zen. Talde oso polita osatu genuen, eta azken norgehiagokara arte zuzenean igotzeko aukera izan genuen. Igotzeko kanporaketak ere jokatu genituen, eta esperientzia ederra izan zen, baina pena hartu genuen azkenerako igo ezin izanagatik.
«Fisikoki ez naiz handia. Baloiarekin jokalari fina naiz, eta, beharbada, batzuetan ez du ematen euskarria naizenik»
Zertan eman duzu aurrerapausoa?
Aurrerapausorik handiena Reala B-ren eta Mirandesen arteko urte hartan eman nuen. Lehen esan bezala, konfiantza irabazi dut, baina zelaian oldarkorrago izaten ere ikasi dut.
Behin Realera itzulita, zer helburu dituzu?
Realarekin debuta egitea da lehenik eta behin helburua, eta, behin hori lortuta, Sergiok ematen dizkidan aukerak baliatu nahi ditut. Plazer hutsa da Realaren lehen taldean egotea, eta urte eder bat bizitzea gustatuko litzaidake.
Reala B Bigarren Mailan ariko da. Joan den denboraldian zu ere maila horretan aritu zinen. Zer izan daiteke gazteentzat Bigarren Mailan esperientzia hartzea? Nolako garrantzia du taldearentzat?
Haientzat sekulako aukera da Bigarren Mailan lortu dutena demostratu ahal izatea. Gozatu egin behar dute, eta ez presioarekin jokatu, bertan jokatzeko maila baitaukate. Zelaian txiki ez sentitzea ere garrantzitsua da; azkenean, talde gaztea da, eta esperientzia falta nabaritu ez dadin saiatu behar dute. Barruan daramaten hori atera behar dute, eta nortasuna izan. Neu ere pixkanaka mailara egokituz joan nintzen. Lehen partidak barnealdetik jokatu nituen, eta nire postua berez euskarriarena da. Moldatuz joan nintzen heinean, baloiak berreskuratzen eta taldearen jokoa antolatzen hasi nintzen.