Pilota

Mundua jateko prest daude euskal selekzioko pilotariak

Asteburu honetan erabakiko da nortzuk ariko diren finalerdietan Euskal Herritik Mundura txapelketan. Pilotariak eta hautatzaileak pozik daude txapelketak orain arte eman duena ikusita.

Olatz Arrizabalaga. EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA
Olatz Arrizabalaga, errematatzen, Naroa Agirre begira duela. EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAZIOA
jon eskudero
2026ko maiatzaren 22a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrakastaz betetako bi jardunaldi igaro ondoren, gaur hasi eta igandera bitarte jokatuko da Euskal Herritik Mundura torneoaren hirugarren jardunaldia, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolaturik. Datorren urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketa inoizko erronkarik handiena izango da euskal selekzioarentzat, eta, mugarri izango den lehiaketa horri begira, pilotaririk onenak euren berri ematen ari dira jada. Guztira 51 pilotarik dihardute lanean, bost modalitatetan banatuta, eta hautatzaileek ere badute aski zeregin, txapelketa beste neurgailu bat izaten ari baita Munduko Txapelketari begira. Oraingoz maila dotorean ari dira protagonistak, eta asteburu honetan erabakiko da nortzuk ariko diren finalerdietan.

Dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dago Frida Watkins (Zumaia, Gipuzkoa, 2008). Zesta-puntan banakako modalitatean dihardu, 36 metroko frontoian, eta jokaturiko bi partidak irabazi ditu, Elaia Gojenolaren eta Eneritz Lizardiren aurka, hurrenez hurren. «Oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin. 36 metroko frontoian jokatzeak mesede egiten dit, joko azkarragoa egiteko eta tantoak aurrean bukatzeko modua ematen duelako. Finalerdietan egoteak lasaitasuna ematen dit». Asteburu honetan multzoko lehen postua izango du jokoan, Helena Barrenetxearen aurka.

Hain zuzen, Nazioen Liga Gernikan (Bizkaia) jokatu zenean lau puntista deitu zituen hautatzaileak, baina Watkinsen izena ez zen zerrendan ageri. «Beste lau pilotari aritu ziren euskal selekzioaren izenean, eta niri kanpoan gelditzea egokitu zitzaidan. Onartu nuen, inongo arazorik gabe, eta orain nire eginkizuna da hautatzaileari lanak zailtzea». Besteak beste, Argentinara joatea da zumaiarraren helburu nagusietako bat. «Ikaragarrizko ilusioa egingo lidake Munduko Txapelketa batean gure koloreak ordezkatzeak. Begiz jota daukat helburu hori, eta ea lortzen dudan. Bien bitartean, maila hobetuz joango naiz». Aholkuak ez ditu faltako, lehengusua baitu Iñaki Osa Goikoetxea puntista historikoa.

Zesta-puntan ez ezik, eskuzko modalitatean ere goi mailako partidak nagusitu dira orain arte, Iraitz Olaetxea (Lizartza, Gipuzkoa, 1991) gizonezkoen hautatzaileak adierazi duenez. «Nabaritzen dut herrietan ilusio ikaragarria dagoela euskal selekzioa zuzenean ikusteko, eta oso giro polita sumatzen ari gara frontoietan. Pilotarien mailak ere laguntzen du, denak baitaude motibatuta eta gogotsu, Argentinara bidaiatzeko ilusioz».

Horrenbestez, ardura handiko lana du Olaetxeak. «Prozesu guztian okerren daramadan gauza da nor hautatu eta nor ez erabaki beharra. Pilotari guztiak dira pertsona zoragarriak, eta norbaiti hautatua ez dela esatea gogorra da. Denei esan diet txapelketa hau beste neurgailu bat dela. Alegia, txapela janzten duenak ez du bermatua izango Argentinara joatea». Hautatuen behin-behineko zerrenda uztaila aldera emango du hautatzaileak. «Sei pilotari hautatuko ditut, lau binaka jokatzeko eta bi buruz buru aritzeko. Uztailetik aurrera entrenamendu zehatzagoak egiten hasiko gara, Munduko Txapelketarako buru-belarri prestatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA