Final-zortzirenetan eta final-laurdenetan estu aritu zen Espainia, eta azken hatsean sartutako golei esker egin zuen aurrera. Bada, finalerdietan, aurkari gogorrenaren aurka, nagusi izan da: 0-2 irabazi dio Frantziari, eta Munduko Kopako finala jokatuko du. Bihar, asteazkenean, ezagutuko du aurkaria: Ingalaterra edo Argentina.
Partida ona egin du Espainiak, eta txarra Frantziak. Eta horixe islatu du markagailuak. Mikel Oiartzabal eta Pedro Porro izan dira golegileak. Frantzia saiatu da azken minutuetan estutzen, baina alferrik. Beranduegi esnatu da, eta ondo eutsi dio aurkariak. Asko sufritu gabe lortu du Espainiak finalerako sailkatzea.
Jokatzeko oso modu desberdina dute bi selekzioek, eta hasieratik argi ikusi da bakoitzaren joko proposamena. Jokaldiak harilkatzen eta mamitzen saiatu da Espainia, paseak eman eta eman; zuzenago jo du erasora, berriz, Frantziak, goian jokalari erabakigarriak dituela jakitun.
Bakoitza bere moduan saiatu da jokoan nagusitzen, baina lehen minutuetan apenas izan da aukerarik. Ez batak ez besteak ez dute arriskurik hartu nahi izan, eta ahalik eta huts gutxien egiten saiatu dira, Frantzia despistatu den arte: 20. minutuan, Espainiaren aldeko penaltia adierazi du epaileak. Digne baloia urruntzen saiatu da, eta ez du ikusi Lamine Yamal: bada, baloiari ez, Yamali jo dio, area barruan. Mikel Oiartzabalek hartu du penaltia botatzeko ardura, eta ez du huts egin.
Gutxira, beste notizia txar bat jaso du Frantziak: Saliba erdiko atzelariak min hartu du, eta zelaia utzi behar izan du. Lacroix sartu da haren ordez. Partida ez zihoan Frantziak arbelean prestatu bezala, eta jokalariak neurketari neurria hartu ezinda aritu dira, urduri samar. Tantaka gerturatu dira Unai Simonek babestutako atera, baina hiru zutoinen artean ez dute jaurtiketarik egin. Erosoago aritu da Espainia. Luis de la Fuenteren selekzioak asmatu du partida irakurtzen, eta Rodriren gidaritzapean aritu dira. Ez da gehiago mugitu markagailua lehen 45 minutuetan.
Bide beretik
Didier Deschamps lapurtarrari ez zaio lehen zatian ikusitakoa gustatu, eta beste aldaketa bat egin du atsedenaldian: Kone zelairatu da Rabioten ordez. 56. minutuan egin du hirugarrena: Soue sartu da, Barcolaren partez. Baina jokoan katramilatuta segitu du taldeak, zuloak topatu ezinda. Defentsan sendo aritu da Espainia, eta Unai Simon ere adi egon da.
Gainera, 58. minutuan, bigarrena sartu du Espainiak. Pedro Porro izan da golegilea. Bigun defendatu du Frantziak, eta jokaldia erraz josi du Espainiak. Dani Olmorekin bat-bikoa egin du Pedro Porrok, eta bakarrik geratu da atezainaren aurrean. Ez du barkatu.
Konfiantza hartu du Espainiak, eta hazi egin dira jokalariak. Selekzio indartsua zuten parean, baina kontrolpean zuten partida, eta nahi bezala ari ziren. Aurrera egin nahi bazuen, esnatu beharra zuen Frantziak, baina argitasunik gabe aritu da. Bukaeran saiatu da estutzen, baina alferrik. Espainia nagusi izan da, eta merezita sailkatu da Ipar Amerikan jokatzen ari diren Munduko Kopako finalerako.