Gizonezkoen futbol profesionalak gizartean duen eragina agerikoa da, eta horren erakusgarri dira telebistako ikusle datuak ere. Atzo gauean, Munduko Futbol Kopako finalerdietako partida jokatu zuten Frantziak eta Espainiak, Dallasen (AEB). Euskal Herrian herritar ugari aritu zen pantailari begira; BERRIAk eskuratu dituen datuen arabera, finalerdi horrek Euskal Autonomia Erkidegoan %62,7ko ikusle kuota bereganatu zuen La1 katean. Hiru herrialde horietako 478.000 ikus-entzulek ikusi zuten partida TVE talde publikoaren lehen katean. Datu horri gaineratu egin behar zaio ordainpeko zerbitzuetan eta Internet bidez partida ikusi zuten ikusleena, baita TVEren Teledeporte katearena ere.
Munduko Kopako partiden emankizunen eraginez, La1 kate publikoa ikusle datu oso handiak ari da lortzen. Hartara, atzo egun osoan batez beste %34,5eko ikusle kuota izan zuen. Bigarren tokian gelditu zen ETB2: %6,3ko kuota. Euskarazko ETB1 kateak, berriz, %3,1eko kuota izan zuen —uztailean, orain arte, %2,5eko kuota darama—. Uztaileko batezbesteko oso handia du oraino La1k EAEn: %19,7. Bigarren tokian, oso urrun, ETB2 dago: %8,2ko kuota.
Ohiko moduan, ETB1 kateko kirol emanaldi batzuek harrera beroa dute, baina oso urrun daude gizonezko futboleko emanaldien datuetatik. Atzo, kasurako, Frantziako Tourraren etapak %4,8ko ikusle kuota izan zuen ETB1en —La1 katean, %16,2koa—. ETB1eko txirrindularitza emanaldiaren azken partea %8ko kuotaraino igo zen. Eta, ondotik, pilota emanaldiak %8,3ko ikusle kuota izan zuen.
Espainiako Kopako finaletako penaltiak
Munduko Kopako partiden ikusle datu handietara oso emanaldi gutxi iristen dira. Salbuespenezkoak dira. Eta horiek ere gizonezkoen futbol partidak izan dira azken boladan. Apirilaren 18an, Realaren eta Atletico Madrilen arteko Espainiako Kopako finalaren penaltiek %63,9ko ikusle kuota lortu zuten —La1 katean %44,3ko ikusle kuota bereganatu zuten (320.000 ikus-entzule), eta ETB1en, %19,6koa (141.000 ikus-entzule)—. Aurten, Reala txapeldun egin zuten penalti horiek baino ez dute gainditu atzo gaueko partidaren datua.
Duela bi urte, Athleticek eta Mallorcak jokatu zuten Espainiako Kopako finala. Orduko hartan, penaltiek %83ko ikusle kuota lortu zuten EAEn —inoizko daturik onena da—. La1ko gaztelaniazko emanaldiak %69,1eko ikusle kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %13,9koa.
Duela hamasei urte, Hegoafrikako Munduko Kopan, Espainiak eta Herbehereek jokatutako finalaren luzapenak %80,4ko ikusle kuota izan zuen. Ikusteko dago igande honetan New Yorken (AEB) jokatuko duten Munduko Kopako finalak zer datu lortzen dituten. Hego Euskal Herriko toki batzuetan pantaila erraldoiak jarriko dituztela iragarri dute.