Sufritu eta gozatu. Biak egin ditu Argentinak Munduko Kopa honetan, baina amaiera gozoa izan du beti. Baita finalerdietan ere. 1-2 irabazi du Ingalaterraren kontra, emaitza azken orduan iraulita. Jo eta su aritu da lanean bukaerara arte, eta merezitako saria jaso du azkenean: 85. minutuan berdindu du partida Enzo Fernandezek, eta 92. minutuan sartu du gol erabakigarria Lautarok. Horiek horrela, Argentinak eta Espainiak jokatuko dute Ipar Amerikako Munduko Kopako finala, igandean.Â
Lehen zatian trabatuta aritu dira bi selekzioak, baina oso bestelakoa izan da bigarrena: askoz ikusgarriagoa. Ingalaterrak gola sartu du 55. minutuan, eta horrek hautsi du partida. Argentinak erasora jo du, eta atzean sartu da Ingalaterra. Scaloniren selekzioak makina bat aukera izan du, baina Pickfordekin eta zutoinarekin egin du topo. Hala ere, tarterik aproposenean asmatu du.
Tentsio handia zegoen, eta nabaritu da zelaian, baita giroan ere. Bi selekzioek baloi guztiak izateko egin dute borroka, eta kolpe eta ostiko bat edo beste eman ere bai elkarri. Falta asko izan dira lehen minutuetan, eta asko moztu dute jokoa. Bultzadak eta protestak izan dira nagusi. Ingalaterrak eta Argentinak badute lehia partikularra, eta Munduko Kopako finalerdietan aurrez aurre arituta, zer esanik ez.
Jokaldi solteetan estutu dute aurkaria. Apurka, Ingalaterra hasi da Dibu atezainaren ingurura sarriago iristen, baina ez du jakin jokaldiak bukatzen. Horregatik, area inguruan egindako falta arriskutsuak baliatzen saiatu da. Hala egin du minik handiena, nahiz eta ez oso handia izan.
Argentina ez da kikildu, eta ahal zuenean aurrera jo du. Ingalaterra atzean kokatuta zegoenean, baloia edukitzen eta patxadaz zuloak topatzen saiatu da. Eta presioan baloia berreskuratutakoan, azkar gora egiten. Dena den, ez batak ez besteak ez diote jarraitutasunik eman jokoari, eta ez dute meriturik egin markagailua mugitzeko.
Bestela hasi da bigarren zatia, eta Argentinak aukera ona izan du 47. minutuan. Julian Alvarezek jaurtiketa indartsua egin du, baina Pickfordek bikain erantzun dio. Erritmo bizian segitu dute bi selekzioek.Â
Argentina hobeto ari zen, baina, zelaian nagusitzen ari zenean hain justu, Ingalaterrak sartu du gola, 55. minutuan. Rogersek eskuin hegaletik egindako erdiraketan azti ibili da Gordon:Â defentsari aurrea hartu, eta gola sartu du.
Argentinak ez du burua makurtu. Kontrara, berdinketa lortzeko lanean aritu da, irmo. Eta Ingalaterrak urrats bat egin du atzera. Messik baloia eskatu du, eta hura saiatu da jokoa gidatzen. Ez zen seinale ona ingelesentzat. 69. minutuan beste ezusteko bat hartu dute: Messik erdiraketa neurtua egin du, eta Nicok buruz ondo errematatu, baina, berriro ere, Pickford azaldu da Ingalaterra salbatzera.
Eta, 76. minutuan, zutoina. Rodrigo De Paulen erdiraketa bakar-bakarrik errematatu du Mac Allisterrek, baina baten pozgarri eta bestearen etsigarri, baloiak zutoina jo du.Â
Azkenean, saria
Jo eta su aritu da Argentina gola sartu nahian. Dena eman du, eta, azkenean, merezitako saria jaso, 85. minutuan. Enzo Fernandezek area kanpotik jaurti du baloia, eta Pickfordek ezin izan du ezer egin. Eta 92. minutuan, zoramena: Messiren erdiraketa sarera bota du Lautarok, buruz. Bakar-bakarrik egin du errematea.
Ingalaterrak esku artean zuen finala, baina ihes egin dio. Argentinak, berriz, bukaeraraino borroka egin, eta fruituak jaso ditu. Espainia izango du aurkari finalean, igandean. Bi selekzioak aurrenekoz lehiatuko dira elkarren kontra Munduko Kopako final batean.