7baietz elkarteko kidea

Joan Irastorza Santxo: «Munduko Kopan ez gara ordezkatuak sentitzen»

Euskal selekzioa ofizial izatearen alde egingo dute bihar hainbat herri eta hiriburutan. Irastorza pozik dago jaso duten erantzunarekin. «Hasieran, asmoa zen Algortan bakarrik egitea, baina ikuspegi nazional bat eman nahi izan diogu egunari».

 Joan Santxo, 7baietz elkarteko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joan Irastorza, 7baietz elkarteko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo hasi zen Munduko Futbol Kopa. Euskal selekzioa ez da bertan izango, eta 7baietz elkarteak aldarrikapen eguna antolatu du biharko, ofizial egin dezatela eskatzeko. Joan Irastorza Santxo elkarteko kideak (Algorta, Bizkaia, 2006) argi du: «Gizartean ofizialtasunaren aldeko kontzientzia badagoela ikusten dugu. Nahi hori kalera atera behar dugu, eta elkarrekin lan egin ofizialtasuna lortu arte». 

Munduko Koparen hasiera baliatuz antolatu duzue biharko, Algortan, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna. Zertarako?

Halako txapelketetan, bere selekzioak ordezkatzen duela sentitzen du jende askok. Baina guretzat ez da horrela, euskal selekzioa ez dagoelako. Horri lotuta, hainbat gaztek galdera bat egin genion geure buruari: «Eta gu zergatik ez?». Galdera horretatik tiraka antolatu dugu larunbateko aldarrikapen eguna. Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu nahi dugu, ofizialki lehiatzeko duen eskubidea; eta, aldi berean, Espainiak eta Frantziak indarrean dituzten asimilazio politikek Euskal Herrian duten eragina salatu. ESAIT desagertu zenetik, hutsune bat antzeman dugu ofizialtasunaren aldarrikapenean. Jendea kalera ateratzea nahi dugu, eta erakustea gizarte honek euskal selekzioa nahi eta behar duela. Olatu berde erraldoi bat izan nahi dugu. Beharrezkoa ikusten dugu. Egun osoan izango ditugu jarduerak: goizean, adibidez, horma irudi bat margotuko dugu ofizialtasuna aldarrikatzeko, selekzioarekin lehiatu diren jokalariekin egindako kromo bilduma bat erakutsiko dugu, pala partidak izango dira, herri kirolak....

Algortan ez ezik, beste herri eta hiri batzuetan ere izango dira jarduerak eta ekinaldiak ezta?

Hala da: Gasteizen, Hendaian, Maulen... Hasieran, Algortara mugatu genuen, baina, zenbait hausnarketa egin eta gero, nazio ikuspegitik Euskal Herri osoan saretzea erabaki genuen. Zazpitik gora dira gurekin bat egin duten herriak eta hiriak, eta alde horretatik oso pozik gaude. Herri bakoitzari askatasuna eman diogu aldarrikapen hori nahi duen moduan egiteko. Muskizen, adibidez hitzaldi bat egingo dute bihar [atzo]. Gasteizen, larunbatean manifestazioa egingo dute. Hainbat herritan gazte eguna da, eta selekzioaren aldeko aldarria egingo dute. Horrekin batera, toki guztietan, arratsaldeko zazpiak eta batean, argazki bat aterako dugu ofizialtasuna eskatzeko.

Nola ikusten duzue selekzioaren ofizialtasunaren egoera?

Gizartean ofizialtasunaren aldeko kontzientzia badagoela ikusten dugu, nahi bat. Baina borondate hori kalera atera eta elkarrekin lanketa bat egin behar dugu, ofizialtasuna lortu arte. 

Zer iritzi duzue Euskadiko Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritza egiten ari diren lanaz?

Federazioa egiten ari den lana begi onez ikusten dugu. Palestinaren aurka jokatu zen partida, adibidez, oso garrantzitsua izan zen, historikoa. Baina aldi berean uste dugu ez dela nahikoa urtean partida bat antolatzea. Guk gehiago nahi dugu, eta batez ere nahi duguna zera da: euskal selekzioak txapelketa ofizialetan lehiatzea. Gainera, emakumezkoen selekzioak denbora darama jokatu gabe, eta hor ere hutsune handia ikusten ditugu. Txikiak badira ere, etengabe eman behar ditugu pausoak helburua lortzeko. Bestalde, Jaurlaritzaren aldetik immobilismo handia ikusten dugu. Kontraesana da Espainiak antolatuko duen Munduko Kopa baten egoitza izateko aurkeztea eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea. Hori dela eta, ez gaude pozik Jaurlaritza egiten ari den lanarekin.

«Kontraesana da Espainiak antolatuko duen Munduko Kopa baten egoitza izateko aurkeztea eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea»

Futbolariei zer eskatzen diezue?

Aldarrikapen hori egitea, eta bustitzea. Benetan esatea zein den beren selekzioa. Izan ere, askok egiten dutena zera da: isilik geratzen dira, eta gero Espainiako edo Frantziak selekzioarekin jokatzen dute. Kontuan izan behar da gaztetxoentzat eredu direla. Gero gaztetxoak ikusten ditugu Espainiaren alde egiten duenak, adibidez, Realeko edo Athleticeko jokalariak bertan jokatzen ari direlako. Esan bezala, futbolariek busti egin behar dute. 

Duen indarra kontuan hartuta, askotan futbola izaten da beste kiroletatik tira egiten duena. Ofizialtasunaren kasuan, bideak kontrakoa izan behar du?

Ziurrenik bai. Ikusi da estaturik gabe ofizialtasuna lortzea posible dela beste kirol batzuetan. Hala gertatu da, adibidez, euskal pilotaren kasuan. Gure ustez, kirol bakoitzak bere errealitatea dauka, eta edozein urrats garrantzitsua da. Kontua ez da dena lortzea edo ezer ez. Edozein kiroletan egiten diren urratsak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu; pixkanaka joan behar dugu, eta beharrezkoa bada, kirolez kirol.

Biharkoaren ostean, lanean jarraitzeko asmoa duzue?

Bai, dudarik gabe. Etorkizun luze eta oparoa opa diogu hasiko dugun bideari. Hori da, behintzat, gure asmoa. Esan bezala, guretzat ESAITek urteetan egin zuen lana eredugarria izan zen: ofizialtasunaren aldarrikapenean ez da parekorik egon. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA