Muruak Peio Etxeberria ordezkatuko du binakakoaren lehen jardunaldian, eta Dariok Altuna III.a

Etxeberriak nerbio estutua du gerrialdean, igandean jokatu zuen lau eta erdiko finaletik, eta ez da osatu. Bestalde, Altuna III.ari ebakuntza egin zioten duela egun batzuk sudurrean, eta atseden hartu behar du.

Jokin Altuna eta Peio Etxeberria, elkarren aurka jokatutako partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jokin Altuna eta Peio Etxeberria, elkarren aurka jokatutako partida batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko azaroaren 25a
18:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste bi ordezkapen izango dira Eskuz Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. Atzo jakin zen Jon Ander Peñak jokatu duela Iker Larrazabalen ordez. Bada, Peio Etxeberriak eta Jokin Altunak ere ez dute ligaxkako lehen neurketa jokatuko. Etxeberriak nerbio estutua du gerrialdean. Igandean egin zuen, lau eta erdiko finalean. Haren ordez, Ander Muruak jokatuko du. Altuna III.ari, berriz, ebakuntza egin zioten duela egun batzuk sudurrean, arnasa ondo hartzeko, eta atseden hartu behar du. Amezketakoaren tokian Dario Gomezek jokatuko du. 

Hauek izango dira, beraz, lehen jardunaldiko neurketak: ostiralean, Bilboko Deportivon, Elordik eta Zabaletak Muruaren eta Martijaren aurka jokatuko dute (20:45, ETB1); larunbatean, Lizarran (Nafarroa), Artolak eta Albisuk Peña II.aren eta Iztuetaren kontra (17:15, ETB1); igandean, Tolosan (Gipuzkoa), Jakak eta Mariezkurrena II.ak Lasoren eta Landaren aurka (17:15, ETB1); eta astelehenean, Eibarren (Gipuzkoa), Dariok eta Ezkurdiak Zabalaren eta Rezustaren kontra (17:15, ETB1).

Atzo aurkeztu zuten txapelketa, eta bi pilotarik eman zuten zeresana. Batetik, Dario Gomezek. Nahiz eta asteburu honetan ordezko bezala aritu txapelketa nagusian, B seriean jokatu du buruz buruko txapeldunak, eta atsekabetuta mintzatu zen aurkezpenaren ostean egindako adierazpenetan: «Izorratu samar nago. Gauza batzuetarako kontuan hartzen dute buruz buruko txapelduna izatea, eta beste gauza batzuetarako, ez». Gainera, esan du ez diola mesederik egin bi pilotari errioxar egon ahal izateak maila nagusiko txapelketan. «Gaztela eta Leongoa izango banintz, agian aukera gehiago izango nuke jokatzeko. Beste gauza batzuk hartu dituzte kontuan bikoteak egiteko orduan».

Pozarren zen, berriz, Unax Landa. Oiartzuarrak Ander Imaz herrikidea ordezkatuko du, eta lehen aldiz arituko da onenekin, Lasorekin bikotea osatuz: «Txikitako ametsa bete dut hemen egonda. Sekulako ohorea da. Hori aski ez, eta bikotekiderik onena jarri didate: Unai, egungo binakako txapelduna eta hiru modalitateetan txapela duen pilotaria»

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA