Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Jaime Ugarte. Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidentea

«Musu truk lan egiteaz gain, guk jarri behar dugu dirua?»

Azken kolpeak ematen ari da Jaime Ugarte Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidente gisa, baina kolpe latza hark hartu du ia-ia, Itzulia bertan behera geratzeko zorian egon delako. Azken uneko irtenbideari esker, bihar hasiko da Itzulia, Gueñesen.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bihar Gueñesen hasi eta larunbatean Oñatin amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Kinka larrian egon da proba, baina egurrerako prest daude Samuel Sanchez, Chris Horner, Andreas Kloeden, Robert Gesink, Jurgen Van den Broeck eta gainerakoak. Gustura dago Jaime Ugarte, Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidentea (Donostia, 1937). 75 urte betetzear dela eta ondorengoei lekukoa eman aurretik, gozatu egin nahi du bere lasterketarekin.

Zer-nolako sentsazioarekin zaude Itzulia hasteko egun bakarra falta denean?

Ilusioz gainezka nago, hasteko gogotsu. Ea eguraldiak laguntzen duen eta jende asko inguratzen den bide bazterrera. Lehiari dagokionez, irabaz dezala onenak, eta etxekoa bada, are hobeto. Aste ederra izango da, txirrindularien zerrenda ere aparta delako.

Itzuli berezia izango da zuretzat, azken urtea izango duzulako presidente gisa.

Hala da, bai. 32 klasiko eta 30 Itzuli antolatu ditugu jada, eta 39 Euskadiko Sei Ordu ere bai. 1968an Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente izendatu nindutenean ekin genion bideari, eta orduko taldeari eusten diogu orain ere. Industrian aritutako lagun talde bat da gurea, eta horregatik egin ahal izan dugu lan guztia euro bakar bat ere jaso gabe. Badakit inork ez duela sinesten, baina guk ez dugu dirurik irabazten lan honen truke.

Argi hitz eginda, zer gertatu da azken hilabeteotan?

Oso gogorra izan da. Beti eduki izan dugu El Diario Vasco-ren babesa, eta gu une bakar batean ere ez gara arduratu diru kontuez. Antolaketa lana zen gurea. Baina 2008an El Diario Vasco-k jakinarazi zigun 485.000 euroren galerak zeuzkala eta ezin zuela segitu Itzulia diruz mantentzen. Euskal Bizikleta bertan behera uztea erabaki zuen Jaurlaritzak, UCI ProTourretik kanpo geratuta afizionatu mailako proba bihurtzen ari zelako. Aspalditik ari zitzaizkigun bat egiteko eskatzen, baina ez genuen begi onez ikusten. Azkenean, ordea, txirrindularitzaren mesedetan, onartu egin genuen, eta diruz lagunduko zigula hitz eman zigun Jaurlaritzak; Sari Nagusia antolatzeko zailtasunak geneuzkan (360.000 euro), eta horren ardura hartu zuten. Lau urterako konpromisoa hartu zuten, baina lege kontuak tarteko, hiru gehi bat sistema erabili zuten.

Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia. Hasieratik aipatu duzu bien arteko harremana onegia ere ez zela.

Ez, ez. Guk ez daukagu arazorik eurekin. Baina guk zehaztuta geneukan gure egitura. Bat-batean zortzi lagun gehiago txertatu behar genituen taldean? Gure postu berberetan egoteko helburuarekin, gainera? Gu gara lasterketaren jabeak, eta guk egin dugu dena. «Gu zuen pare gaude orain» esanez etorri ziren. Barkatu, baina hori ez da hala. Nola egongo zara ba gure parean, lan guztia guk egin badugu? Nire etxera gonbidatzen nituela esan nien, atea irekiko niela, eta egongelan lasai ederrean hizketan arituko ginela. Baina denbora tarte jakin batean nire gelan eta ohean sartzea oso zaila zela azaldu nien. Orain ez daukagu aparteko arazorik, baina argi daukat Itzulia desagertu izan balitz gutako inor ez zela sartuko euren egituran.

Nola geratu zen Jaurlaritzaren urtebeteko luzapen hura?

Iazko maiatzean eskatu nuen kontratua luzatzeko, eta Lurdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erantzun zidan baietz, luzapen bat bazegoela, baina egoera ekonomikoak eraginda ezinezkoa zela 360.000 euroko laguntza ematea. Dena den, gure ondoan zeudela eta eurak ordezkatuko zituen beste bideren bat aurkituko zutela hitzeman ziguten. Gaizki ulertu nituen, agian, hitz haiek. Ezer ez zela iristen ikusita, bilera eskatu genien. Eurek 200.000 euro zeuzkatela esan ziguten, eta 150.000 euro falta zirenez, ezin genuela aurrera egin erantzun genien. Gure poltsikotik jarri beharko genuen dirua bestela, eta ez nengoen prest nire ondasuna eta nire taldekideena txirrindularitzaren mesedetan jartzeko; trukean ezer jaso gabe, gainera.

Nola iritsi zen Sabadell Guipuzcoano bankuaren babesa?

Azken orduan. Sabadell Guipuzcoanoz gain, beste bi erakunde ere bazeuden tartean, baina atzera egin zuten gero. Zirt edo zart egiteko epe bat jarri genuen, ezin ginelako egon denbora gehiago zain. Egun horretan bertan, 12:45ean, bankuak ziurrenik baiezkoa emango zuela esanez deitu zidaten. Ordubete geroago baieztatu zen albistea. Azkenean, astebetean egin behar izan dugu hiruzpalau astean egin ohi dugun lana.

«150.000 euro edo akabo». Bankuaren laguntza jaso aurretik mezu hori zabaldu zenuten. Non geratu dira urteotako irabaziak?

Egoera oso larria zelako zabaldu genuen mezu hori. Guk ez dugu izan inolako irabazirik, lehen ere esan dudalako diru kontuez El Diario Vasco arduratzen zela. Gehienez ere parean geratu izan da egunkaria urterik onenetan. Guri dagokigunez, inoiz ez dugu euro bakar bat ere jaso. Benetan diot. 150.000 euro huskeria dela guretzat? Hori dioenak jar dezala bere dirua. Irabazi asmorik gabeko elkartea da gurea. Ez dago kudeatzailerik, ez dago zuzendaritzarik... Musu truk lan egiteaz gain, guk jarri behar dugu dirua? Hasieratik ondo zehaztu genuen edozein arriskuren aurrean norberaren ondasunak ez genituela arriskuan jarriko.

Itzuliko arduradunen artean inork ez duzuela dirurik irabazten adierazi duzu. Inork ez?

Talde txiki batek bakarrik kobratzen du, eta aldi baterako laneko enpresen bidez dugu antolatua hori. Irteerako eta helmugako taldetxoak, seinaleak jartzeaz arduratzen direnek eta motoekin loturak egiten dituztenek soilik kobratzen dute. Aste osoan bazkaltzeko eta afaltzeko zenbat diru ematen diegun esango banizu... 150 euro bost etapatan banatuta. 2008ko datua da hori. 2012an 150 eurorekin jarraitzen dugu, baina sei etapa dira orain. Ez dago beste aukerarik. Horregatik balio du Itzuliak 1.050.000 euro. Gurearen gisako beste itzuli batek 1.500.000 euroko kostua dauka. Zergatik? Langile guztiek kobratzen dutelako.

Zenbatekoa da Itzuliaren aurrekontua? Eta zein dira gasturik garrantzitsuenak?

1.050.000 eurokoa da aurrekontua, eta hotelak dira beti garestienak. Talde bakoitzarekin 20.000 euro inguru gastatzen da, eta, hogei talde direnez, 400.000 euro inguruko kostua dauka horrek. Sarietan 100.000 euro baino pixka bat gehiago gastatzen da, azpiegituretarako diru dezente behar da...

Ondo bidean, Jose Luis Arrieta izango da zure ondorengoa? Etorkizunerako, gazteagorik ez dator atzetik?

Jose Luis [Arrieta] da nire oinordeko naturala, hasieratik egon delako nire ondoan; 1965etik, gutxi gorabehera. Egia da geratzen direnak gazte-gazteak ere ez direla, baina inor ez dator atzetik. Urteotan nire inguruan egon direnek hamar bat urte gutxiago dauzkatenez, hamar urte badauzkate oraindik lanerako. Zenbat kobratuko duten galdetzen digute berehala gazteek. Presidenteak adina irabaziko dutela erantzuten diet nik; euro bakar bat ere ez, alegia. Orduan ez dutela etorri nahi esaten dute. Jendea oso materialista da. Jende asko egoten da egun bakarrean laguntzeko prest, baina inork ez du hartu nahi urte osoko lanaren ardura.

Kargua uzterako, etorkizuna lotuta eduki nahiko zenuke, noski...

Hori da helburua. Dena lotuta utzi nahiko nuke, etortzen denak lehen urte lasaia izan dezan. 2013tik 2016ra arteko World Tour lizentzia oraindik ez dugu eskuratu. Otsailaren 23an Ginebrara joatekoak ginen, dena lotzeko, baina aurtengoa kolokan zegoenez, ez zeukan zentzurik 2013rako lizentzia eskatzen hasteak. Dokumentu guztiak bidalita daude; UCIk dauzka. Egoera argitu arte zain gaude, baina kargua uzten dudanerako UCIren lizentzia lau urterako luzatzea litzateke nire nahia. Horrez gain, Jaurlaritzak 2013rako konpromisoa hartzea nahiko nuke, baita hurrengo gobernuak ere Sari Nagusia babestuko duela hitzartzea ere. Lau babesle, aldundiak eta etapa amaierak gehituta, bideratuta egongo litzateke aurrekontua.

Aurtengo ezina aztertuta, zer irtenbide dauka Itzuliak? Egitura profesionalizatzea da bidea?

Zer da egitura profesionalizatzea? Gustatuko litzaidake norbaitek argitzea. Profesionalek bezala lan egiten dugu guk, baina dirurik jaso gabe. Kobratu gabeko lan profesionala egiten aritu gara gu 32 urtez. Gustatzen zaiguna egin dugu, gozatu egin dugu, eta, geure negozioez gain, Itzulia antolatzeaz arduratu gara. Kito. Norbaitek esango balit ASOk, Tourreko antolatzaileak, Itzuliaren ardura hartuko duela eta inork ez duela diru gehiago jarriko, onartu egingo nuke, ziurrenik. Baina beste erakunde bat etorri, eta, gure moduan, Jaurlaritzari eta gainerakoei diru eske hasten bada, hori jada ez da onargarria. Krisi garaian denok jotzen dugu erakundeetara, eta erakundeek aztertu behar dute lasterketek diru laguntza publikoa emateko adinako oihartzunik badaukaten edo ez. Nire ustez, ez dauka preziorik Euskal Herriko Itzuliak Euskadi atzerrira zabaltzeko daukan gaitasunak.

Orain gutxi Itzuliaren ardura Unipublicek hartzeko eskaintza iritsi zitzaizuen, eta atzera bota zenuten...

Patxi Mutiloa Jaurlaritzako kirol zuzendariak Unipublicen aukera eskaini zigunean, Javier Guillen Vueltako zuzendariari esan nion argi hitz egiteko Mutiloari; 2008an bi aldiz egon ginen eurekin Madrilen, eta Itzulia eurek antolatzeko esan genien orduan. Sari Nagusia lotzea falta zitzaigula argitu genien. Aurrekontu eta dokumentu guztiak bidali genizkien, baina atzera egin zuten. Sari Nagusia lotuta edukiz gero Itzuliaren ardura hartuko zutela esan zuen Guillenek, baina, ulertuko zuten bezala, Sari Nagusia lotuta egon balitz, ez ginen joango laguntza eske. Dena eginda hartu nahi zuen Unipublicek Itzuliaren ardura. Horregatik ez dauka zentzurik Mutiloak azken unean egin zigun eskaintzak.

Itzuliak etorkizunik badu?

Aurtengoa konpondu dugu, eta borondate ona badago, etorkizuna ere bidera dezakegu. ETBrekin, Eurovisionekin, El Diario Vasco-rekin... denekin lau urterako kontratua geneukan, baina bi hilabete falta zirenean ikusi genuen 150.000 euro falta zirela. Azkenean, konpondu da dena, eta gaitzerdi. Jaurlaritzarekin harreman ona daukagu. Oraingoz, geldituta dago dena, baina aurten hartu beharko dira erabakiak, berriz ere ezin garelako zain egon. Sabadell Guipuzcoano prest dago laguntzen jarraitzeko, baina, horretarako, Jaurlaritzak ere eman beharko du bere babesa. Argi utzi nahi dut, hala ere, Jaurlaritzak ahal izan duen guztia egin duela Itzuliaren alde. 200.000 euro bideratu ditu Itzulirako, eta kopuru handia da hori. Hilaren 5ean, berriz, UCIko ordezkariak etorriko dira Itzulira, eta eurekin ere hizketan jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.