Surfa

Nadia Erostarbe: onenekin lehiatzen eta gozatzen

WCT zirkuituko proben erdiak jokatuta, hamargarren dago sailkapenean. Australian eta Brasilen hirugarren egin eta podiumean egotea lortu zuen. Behin etxera itzulita, atseden hartu nahi du.

Nadia Erostarbe surflaria Aquariumeko terrazan. GORKA RUBIO / FOKU
Nadia Erostarbe surflaria Aquariumeko terrazan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2026ko ekainaren 25a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gustura itzuli naiz etxera. Nire ohean lo egiteko gogoa nuen. Lau hilabete hauek luzeak bezain ederrak izan dira». Irribarrez agertu da gaur Nadia Erostarbe surflaria (Zarautz, Gipuzkoa, 2000) Donostiako Aquariumeko terrazara. Ez da gutxiagorako. Estreinakoz, WCT zirkuituko proba guztietan lehiatzeko aukera du, eta, lehen sei probak igarota, hamargarren dago sailkapenean. Australian eta Brasilen jokatutako probetan hirugarren izan da, adibidez. Zirkuitua hala amaituko balitz, datorren denboraldian ere aukera izango luke onenekin lehiatzeko. Proben erdiak ditu jokatzeko oraindik.

Joan den denboraldian, ordezko gisa aritu zen Erostarbe zirkuituan. Abantailatzat dauka ordezko lanean eskarmentua izatea. Bestalde, gainontzeko lehiaketekin alderatuta, goi mailan aukera izan du beste baldintza batzuetan jarduteko, esan duenez: «Zirkuituan lehiatu bitartean, profesionala naizela sentitu dut. Aritu izan naizen lehiaketetan tratu ona eman didate, baina hemen eman didatena berezia izan da. Izar baten parekoa zara».

Hala ere, lau hilabete igaro ditu etxetik kanpo, eta aitortu du luze egin zaiola. Beste maila batean hastea ez da erraza izaten. Egokitu egin behar izaten du kirolariak, eta gutxinaka bere lekua egin. Erostarbek, hain zuzen, aitortu du aurrerapauso bat eman duela horretan: «Hasieran eta amaieran ez ditut sentipen berak izan. Hasieran beldurra nuen, eredu izan ditudan horiekin aritu behar bainuen».

«Joan den denboraldian ordezko gisa aritu izanak abantaila apur bat eman dit aurtengoari aurre egiteko»

NADIA EROSTARBE Surflaria

Azkenerako, baina, konfiantza hartu du: «Hasieran, neure burua ez nuen gai ikusten txapelketa bat irabazteko. Brasilen lortutakoaren ondoren, sentitzen dut irabaz dezakedala». Hain zuzen, azaldu du horretarako funtsezkoa dela buruz indartsu egotea: «Lanketa mentala egin dut orain, baina lehenagotik egina nuen batez ere. Bi urtez jarraian goi mailara igotzeko gertu izan nintzen, baina ez nuen lortu. Beraz, berriro ez lortzeko beldurra sartu zitzaidan joan den denboraldian, eta, horregatik, ezin izan nintzen ongi lehiatu». Horri buelta ematea lortu zuen, ordea, eta «emaitza onak» biltzea.

Erostarberentzat ez da erraza izan gaur dagoen tokiraino heltzea. Joan den denboraldian, oztopoak eduki zituen lehiaketa garaian: «Txapelketak hasi aurretik, min hartuta egon nintzen. Lunbarreko arazoak eduki nituen, eta, beraz, ez nuen denboraldia ongi prestatzerik eduki». Horrek eragina izan zuen Erostarberen konfiantzan, eta bere burua gainontzekoak baino «apalago» ikusi zuen, aitortu duenez.

Aurten, baina, bestelako baldintzetan lan egiteko aukera izan du, eta horrek izan du eraginik, adierazi duenez: «Baldintza onetan entrenatzeak aukera handiagoa ematen dizu uretan aritu ahal izateko». Horrez gain, xehetasun txikiei gehiago erreparatzen ikasi du: «Taulak egiten dizkidanarekin konfiantza handiagoa dut orain. Gainera, indartsuago sumatzen dut neure burua. Horrelakoak emaitzetan islatzen dira gero». Erostarbe lau hilabetez egon da etxetik kanpo. Bolada horretan, denetariko sentipenak piztu zaizkio: «Hasieran gustura egon nintzen, denboraldi hasiera tarteko. Nolanahi ere, ez nuen ahizparen ezkontzan egoterik izan, txapelketa nuen eta, eta halakoek pena ematen dute».  

Herritarren babesa

Atzo heldu zen Erostarbe Zarautzera, eta herrikideek omenaldia egin zioten. Harrera hori nola hartu duen kontatu du: «Pozik nengoen, hunkituta. Jende asko etorri zen, eta hori berezia da. Zarauzko surf komunitatea handia da, eta kanpoan nagoenean beti sumatzen dut haien energia».  

Helburua beteta hartuko du atseden. Abuztuaren 8an izango du hurrengo lehiaketa, Tahitin.  «Hamar onenen artean sartzea da helburua, eta, oraingoz, lortu dut, nahiz eta oraindik asko gelditzen den. 2028ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzen ere saiatuko naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA