Emozioek «gain hartuta» dago oraindik Nagore Martin (Gasteiz, 1994). Ez da gutxiagorako. Marka handia eginda lur hartu baitzuen joan den astean Loiuko aireportuan, euskal selekzioarekin Mexikon jardun ondoren, Nazioen Ligan. Besteak beste, goma paletako banakako modalitatean lehiatu zen gasteiztarra, eta bera izan zen domina bat jantzi zuen euskal ordezkari bakarra. Lehiaketa «duina» jokatu ondoren, brontzezko dominaren jabe egin zen, eta 2026an Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena bereganatu zuen. Bizi osoa pilotari eta palari lotuta eman ondotik, «inoizko sari handiena» lortu zuen, eta egindakoa barneratu ezinda jarraitzen du. «Hodeietan sentitzen naiz». Hain zuzen, gainerako domina guztiekin batera dauka oraingoz joan den astean lorturikoa, baina, dominaren gainetik, Mexikon bizitako uneak izango ditu gogoan. «Euskal selekzioarekin egindako lehen bidaia izan da, eta hunkituta itzuli nintzen etxera».
Ilusioz bidaiatu zuen Mexikora Martinek. Goma paletako modalitateak dituen zailtasunez jakitun, nahiago zuen zuhurtziaz jokatu, baina ongi entrenatuta joan zen. Frontoian ordu asko sartuta. «Selekzioko kideek hasieratik esan zidaten ni nintzela domina bat lortzeko hautagai sendoena. Multzo indartsua genuen, baina asmatu zuten». Multzokako fasean, lau partida jokatu zituen gasteiztarrak, eta bi garaipen eskuratu: Venezuelaren eta Frantziaren kontra. Hots, galdu egin zuen Espainiaren eta Kubaren aurka. Azken partida horrek arantza utzi zion barnean. «Neurketa gogorra eta lehiatua jokatu genuen, eta bi joko eta bat galdu nituen. Mingarriena izan zen azken jokoan tanto bakar batez galdu nuela: 10-9». Gainera, 5-9 aurretik joan zen Martin.
Porrota kolpea izan zen arren, finalerdietarako sailkatzea eskuratu zuen. Txapela irabazteko hautagai nagusia izan zuen aurkari finalerdietan: Dulce Figueroa, Mexikoko ordezkaria. «Espezialista handia da, eta nabarmen hartu zidan gain: 15-3 eta 15-8. Ez nuen egunik onena izan, eta dezepzioz bukatu nuen partida. Entrenamenduetan emandako mailatik oso urrun jardun nuen, eta triste igaro nituen bizpahiru egun». Partidan izandako baldintzek ez zioten batere lagundu. Batetik, etxean aritu zen Figueroa, eta harmailetan haren aldeko jende asko zegoen. «Zaila egin zitzaidan hango giroari aurre egitea». Bestetik, sekulako beroa egiten zuen. «Kontuan hartu behar da 30 gradu egiten zituela, eta, halakoetan, pilota asko berotu eta bizitu ohi da. Frontisetik irteera ikaragarria zuen pilotak, eta horma-bikoei neurria ezin hartuta jokatu nuen».
«Gauza asko ikasi ditut modalitateari dagokionez, eta uste dut urtebete barru hobea izango dela nire maila. Dominaren bat janzteko helburuz joango naiz Argentinara»
NAGORE MARTIN Palista
Finalerdia galtzeak «pena ikaragarria» eman arren, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehiari «mentalki indartsu» aurre egin zion Martinek. «Banekien domina bat zegoela jokoan, eta ezin nintzen burumakur kantxaratu». Euskal ordezkariak Txileren aurka neurtu zituen indarrak, eta 2 joko eta 0 irabazi zuen: 15-5 eta 15-12. Emaitzak dioen baino zailtasun gehiago izan zituen. Txileko hautatzaileak ezohiko erabakia hartu zuen partidan zehar. Lehen jokoan Rosario Valderramak ordezkatu zuen Txile, baina ez zuen lan onik egin. Ondorioz, bigarren jokorako aldaketa etorri zen, eta Magdalena Muñozen kontra jokatu zuen Martinek. «Bigarren jokoa ikaragarri gogorra izan zen. Biok lurrean nekatuta amaitu genuen lehia. Defentsan lan ona egin genuen, baina hortzak estutu nituen amaieraraino, eta saria ikaragarria izan zen». Brontzezko dominaren jabe egin zen Martin. «Selekzioko gainerako kide guztiak gainera etorri zitzaizkidan. Dominak zentzua eman zion nire ibilbide guztiari».
Argentinara begira
Izan ere, bizitza osoa darama Martinek pilotari lotuta. 31 urte ditu, eta eskarmentua du lagun, baina lana gogor egiten du fisikoki sasoian egoteko. «Oso saiatua izan naiz beti. Zenbat aldiz iritsi ote naiz etxera gauean ilunduta, leher eginda. Batzuetan gogorra egiten da lanean jarraitzea, baina halako esperientziek asko laguntzen diote motibazioari». Pilotari profesionala izatea zuen amets Martinek, «baina emakumeok oraindik ezin dugu halakorik lortu». Horregatik, gauza ederra da Munduko Txapelketak jokatzeko aukera izatea. «Jende asko ezagutu eta munduko onenekin lehiatzeak ez dauka parekorik. Gainera, euskal selekzioa ordezkatzea bikaina da. Orain arte Espainiako selekzioarekin jokatu izan dut, baina aukera berri hau etorri zaidanean ez dut birritan pentsatu. Sentitzen ditudan koloreak ordezkatzea bikaina da».
Euskal selekzioarekin aritzeko aukera gehiago izango ditu. Besteak beste, datorren urteko Munduko Txapelketan izango da, Argentinan. «Txapelketa horretan pentsatuz egingo ditut aurrerantzean entrenamendu guztiak, bai fisikoak eta bai teknikoak». Nazioen Ligan parte hartu izana mesederako izango du. «Gauza asko ikasi ditut modalitateari dagokionez, eta uste dut urtebete barru hobeto arituko naizela. Dominaren bat janzteko helburuz joango naiz Argentinara».