Piraguista

Miren Lazkano: «Nahi dut uretan dudan gorputzaldia izatea nire konfiantzaren oinarri»

Lazkanok bi domina lortu zituen iragan asteburuan sasoi honetako lehen txapelketan: Seu d'Urgelleko Munduko Kopan. Argi du zein den hemendik aurrerako helburua: «Nabigatzeko modua sendotzen jarraitu nahi dut».

Miren Lazkano, hunkituta, C1 kategorian lortutako zilarrezko domina ospatzen. BASQUE TEAM
BASQUE TEAM
ainara arratibel gascon
2025eko ekainaren 13a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Miren Lazkano piraguistak (Donostia, 1997) denbora gutxi izan du iragan asteburuan Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak) jokatutako Munduko Kopan egindako balentriaz gozatzeko. Baina nabari da gustura dagoela. Duela aste batzuk galdu zuen ama, eta hari eskaini dio lortutakoa.

Aurreko asteburua gogoangarria izan zen. Bi domina lortu zenituen Seu d'Urgellen jokatu zen Munduko Kopan: urrea kayak-krosean, eta zilarra C1 kategorian. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, oso pozik nago. Denbora generaman lanean halako emaitzak lortzeko, eta azkenean iritsi da. 

C1 kategorian Jessica Fox baino ez zenuen izan aurretik, inoizko piraguistarik onena. Handia da hori.

Hala da. Gure artean beti esan ohi dugu Jessicak irabazten duenean bigarren geratzea irabaztearen parekoa dela. 

Bi zigor jaso zenituen ateak jotzeagatik. Pena duzu?

Alde batetik bai: zigor horiek gabe gertuago amaituko nuen Jessicarengandik. Baina, bestetik, lasai nago. Zigor horiek jaso gabe ere bigarren tokian amaituko nuen.  

Emaitza alde batera utzita, zer moduz ibili zinen uretan? 

Oso ondo, batez ere jaitsieraren erdialdetik aurrera. Oso bizkor joan nintzen, eta uste dut hor egon zela gakoa. Alde handia lortu nuen.

Aurrerapauso handia eman duzu. Zeri esker lortu duzu? Iazko Parisko Olinpiar Jokoetatik zerbait aldatu duzu prestakuntzan? 

Denbora neraman teknikoki ondo nabigatzen, eta azken urtean nabigazio hori sendotu eta indartu egin dugu. Ez dut aldaketarik egin arlo horretan. Berrikuntza handiena zera izan da: neure buruarengan konfiantza handiagoa dudala, batez ere arlo mentalean. Hori funtsezkoa da. Egiten dudan horretan gehiago sinesten dut. Banekien zer eman nezakeen, eta horren bila joan nintzen. 

C1ean emaitza oso ona izan zen, baina kayak-krosean are hobea: urrezko domina lortu zenuen. Oso piraguista garaia zara, eta fisikoki ahalmena handia duzu. Modalitate aproposa da zuretzat, ezta?

Horretan ere asko entrenatu gara, eta egia esan oso gustura nago emaitzarekin. Zuk diozun moduan, piraguista garaia naiz, eta indarra da nire ezaugarri nagusietako bat. Hori lagungarria da modalitate honetan. Baina badira ni baino txikiagoak eta finagoak diren piraguistak eta modalitate honetan primeran moldatzen direnak. Lehia handia dago, eta ezin duzu lo hartu. 

Zer esan nahi du denboraldiko lehen txapelketan hain emaitza onak lortzeak?

Ondo ari garela. Baina beti dago zer hobetua. Adibidez, kayak-krosean, azken erremontean ez nintzen ondo aritu, eta ondo egin izan banu denbora hobea lortuko nuen. Gainera, oraingo honetan bi domina lortu izanak ez du esan nahi hurrengo Munduko Kopetan berriz lortuko ditudanik. Ezin diot zama hori jarri neure buruari. 

«Oraingo honetan bi domina lortu izanak ez du esan nahi hurrengo Munduko Kopetan berriz lortuko ditudanik. Ezin diot zama hori jarri neure buruari»

Hala ere, helbururik izango duzu, ezta?

Aipatu bezala, badaukat konfiantza. Baina ez dut nahi emaitzak izatea nire konfiantzaren oinarri, baizik eta egunerokoan eta txapelketetan dudan gorputzaldia. Aurrerantzean ere ondo ibiltzea da helburua, sendo eta indartsu nabigatzen segitzea. Hori da emaitza onak lortzeko bidea, eta, iristen badira, gustura hartuko ditut.

Duela aste batzuk galdu zenuen ama. Aurreko asteburuan lortutako bi dominak hari eskaini zenizkion. Etxekoentzat ere berezia izango zen aurreko asteburuan lortutakoa, ezta?

Bai, dudarik gabe. Oso batuta egon gara beti, eta haren hutsunea nabari dugu. Baina aurrera egin behar genuela esan zigun hil aurretik, eta, gogorra bada ere, pixkanaka horretan ari gara. Une oro daukat gogoan, eta aurreko asteburuan egin nituen bi jaitsieratan haren indarra eta babesa sentitu nituen. 

Pauen zaude orain, Munduko Kopako bigarren proba baituzue asteburu honetan bertan. Gustura al zaude?

Bai, oso gustuko dut kanal hau. Gainera, ondo ezagutzen dugu. Izan ere, etxetik bi ordura egonda, maiz etortzen gara hona entrenatzera. 

Orain konfiantza handiagoa duzula diozu. Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu izanak horretan lagundu zizun?

Ziurrenik bai. Oso urte exijentea izan zen, eta halako egoeretan asko ikasten da. Ziurrenik mentalki indartsuagoa naiz horri esker.

Kirolariek presio gutxiago duzue Olinpiar Jokoen osteko lehen urtean?

Ez. Hiru urte oso azkar pasatzen dira, eta jendea hasieratik aritzen da bete-betean.  Urtero igaro behar izaten ditugu hautaketa probak Europako eta Munduko txapelketetarako, eta horretarako sasoi onean egon behar duzu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.