Naoned eskubaloi taldeko jokalaria

Kauldi Odriozola: «Naonedera etorrita egin nuen apustuak merezi izan duela sentitzen dut»

Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatuko dute gaur eta bihar, Kolonian. Naoned ariko da. Bretainiako talde horretan dabil Kauldi Odriozola. «Ametsa» bete duela dio.

Kauldi Odriozola. BERRIA
Kauldi Odriozola. BERRIA
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizketan hasi, eta berehala sumatzen zaio Kauldi Odriozolari (Zumaia, Gipuzkoa, 1997) sekulako ilusioa pizten diola Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatzeak.  

Halakoak bizitzeko joan zinen Naonedera?

Bai. Bidasoan urte oso politak igaro nituen, baina jauzi egiteko etorri nintzen hona, gauza hauengatik borrokatzeko. Orain, neure burua Txapeldunen Ligako Lauko Finalean eta munduko onenekin ikusita, argi dut merezi izan zuela apustua egitea. 

Gaur jokatuko duzue Txapeldunen Ligako finalerdia, Fuechse Berlinen aurka (15:00). Zer moduz zaude?

Gogoz gainezka. Telebistan ikusi izan dut Txapeldunen Ligako Lauko Finala, eta aurten, sailkatu ez bagina, bertatik bertara ikusteko asmoa nuen. Azkenean, erarik onenean bizi izango dut: jokatu egingo dut. Oso pozik nago.

Lehen aldiz ariko zara. Horrek berezi egingo du?

Bai. Bidasoarekin aritu nintzen lehen aldiz Txapeldunen Ligan, eta oso polita izan zen. Naonedekin ere jokatua nuen, duela bi denboraldi, baina final-zortzirenetan kalera joan ginen. Aurten, ordea, Lauko Finalera iritsi gara. Zortea izan dugu: Plocken eta Sporting Lisboaren aurka aritu ginen kanporaketetan. Aldea dago haien aurka jokatu edo Bartzelonaren gisako talde indartsu baten aurka jokatu. Biribil atera da dena, eta, horri esker, ametsa bete dut: Lauko Finala jokatzea.

Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoetan eta munduko eta Europako txapelketetan aritu zara, baina hau ezberdina da?

Bai. Kluben artean ez dauka parekorik. Ez dago Txapeldunen Liga irabaztea baino ezer handiagorik. Oso harro nago Lauko Finala jokatuko baitut. Egin dudan lan guztiak merezi izan duela sentitzen dut

2029ra arte berritu duzu kontratua. Argi dago: gustura zabiltza.

Oso. Kirol arloan, asko ari naiz jokatzen, eta garrantzitsua sentitzen naiz. Honek ez du Bidasoaren antzik: klubak askoz aurrekontu handiagoa du, baita beti 6.000 ikuslerentzako pabiloia ere, eta beti betetzen da. Klub hau titulu guztiak irabazteko borrokatzen da. Hemen irabazi ditut lehen tituluak. Hori guztia pizgarri handia da. Egunerokoan, berriz, frantsesa menperatzen dut, eta oso gustuko dut hiria: etxetik nahiko gertu dago, bost eta ordu erdira autoz. Bikotekidea eta biok oso gustura gaude. Horregatik erabaki genuen beste lau urterako berritzea. Hirugarren urtea dut, eta sumatu dut heldu egin naizela, kirolari eta pertsona gisa.     

Zer helburu duzue Lauko Finalean?

Txapeldun izatea. Badakigu oso zaila dela hori lortzea: ez gara faboritoak, Bartzelona, Berlin eta Magdeburg gainetik baititugu. Baina bi partida dira, eta edozer gerta daiteke. Asteburu ezin hobea egin dezakezu, eta txapeldun izan. Ez dugu presiorik, eta sekulako gogoa dugu. Hona iritsita barruan dugun guztia emango dugu, eta bete-betean lehiatuko gara.

«Txapeldun izan nahi dugu. Badakigu oso zaila dela, ez baikara faboritoak, baina bi partida dira, eta edozer gerta daiteke»

Zer moduz zaudete?

Oso ondo gaude. Ligako azken astea luze egin zaigu, bigarren postua gurea baitzen eta oso zail baikenuen PSGri aurrea hartzea. Gainera, hortxe zegoen Txapeldunen Ligako Lauko Finala. Orain, sasoi betean gaude.

PSG aurretik izan duzue ligan, baina hura ez dago Lauko Finalean, eta zuek, ordea, bai.

Ligan, nor baino nor gehiago aritu nahi genuen PSGrekin, baina galdu egin genuen haren aurka martxoan; ez ginen garai onean, hiru erdikoak baikenituen min hartuta. Azkenean, bigarren izan gara, eta, horri esker, berriro ariko gara Txapeldunen Ligan datorren denboraldian. Hori oso garrantzitsua da klubarentzat.

Berlinen aurka jokatuko duzue gaur. Apustuetan hura da faboritoa. Zer itxura hartzen diozu?

Munduko jokalaririk onena du Berlinek: Mathias Gidsel daniarra. Oso-oso ona da, eta sasoi bete-betean dago: partidako hamar gol edo gehiago sartzen ibili da Alemanian, eta liga hori izugarri gogorra da. Txapeldunen Ligan ere bikain aritu da, baita selekzioarekin ere. Ahal dugun guztia egingo dugu hura geldiarazteko. Badakigu oso zaila izango dela, Berlin oso talde indartsua baita: Alemaniako liga irabazi du. Baina ez dugu presiorik, eta ahalik eta ondoena lehiatzen saiatuko gara.

Nola egiten zaio aurre Gidseli?

Jakingo bagenu... Denok saiatzen gara hori egiten, eta oso gutxik lortzen dute. Ondo defenditu behar dugu, eta elkarrekin aritu, buruz burukoetan oso abila baita, baita oso azkarra, zentzuduna eta nekaezina ere. Horregatik da munduko onena. Hura aztertzen ari gara, ahalik eta min gutxiena egin diezagun.

Hala ere, Berlin ez da bakarrik Gidsel.

Ez horixe. Lasse Anderson albokoa, Nils Lichtlein erdikoa, Dejan Milosavljev atezaina, hegalekoak... Zerbaitengatik irabazi du liga eta ariko da Lauko Finalean.

Zuek eta haiek sartu dituzue gol gehien Txapeldunen Ligan. Gol askoko partida izango da?

Bi taldeoi gustatzen zaigu korri egitea. Ezin da asmatu, baina, itxuraz, partida bizi joango da.

Zein izango da gakoa?

Atezainek asko gelditzea. Atezain batek jaurtiketen %40 inguru gelditzen baditu, badakizu edo irabazi egingo duzula edo lehia betean ariko zarela. Atezainek gehiago gelditzeko, noski, defentsan sendo aritu behar duzu. Guk konfiantza osoa dugu gure atezainengan: biak oso ondo aritu ziren kanporaketetan.

«Euskal eskubaloiak daukan maila onaren erakusle da [hiru euskal jokalari aritzea Lauko Finalean]. Pozgarria da»

Bartzelona eta Magdeburg ariko dira beste finalerdian (18:00). Zer itxura du?

Nire ustez, Bartzelona da faboritoa txapeldun izateko: azken lau urteetan hirutan irabazi du titulua. Dika Mem albokoa, Emil Nielsen atezaina... Oso talde indartsua da. Baina Magdeburg txapeldun izan zen duela bi urte, finalerdietan Bartzelona kanporatuta.

Berlinen ez beste gainontzeko hiru taldeetan ariko da euskal jokalari bat: Antonio Bazan Bartzelonan, Sergei Hernandez Magdeburgen, eta zu Naoneden. 

Euskal eskubaloiak daukan maila onaren erakusle da hori. Europako Ligako Lauko Finalean ere Erik [Balentziaga] aritu zen Melsungenekin. Pozgarria da hori. Gainera, denak lagunak dira.

Etxekoak joango zaizkizu ikustera?

Bai. Argi zuten ezin zutela aukera hau galdu.

Zumaian badago ohitura Lauko Finalera joateko. Zu egonda, gehiago joango dira?

Iaz lagun pila bat joan ziren, baina aurten ez zuten ezer antolatu. Sailkatu nintzenean, batzuek sarrera erosi zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.