Patinaje artistikoa

Naroa eta Izadi Ruiz: dirdira gurpil gainean

Ruiz ahizpek pasio bera dute: patinaje artistikoa. Getxoko Andra Mari klubean eman zituzten lehen pausoak, eta, 20 eta 16 urte besterik ez badute ere, nazioarteko txapelketetan lehiatzen dira.

Naroa eta Izadi Ruiz ahizpa patinatzaileak. BERRIA
Naroa eta Izadi Ruiz ahizpa patinatzaileak. BERRIA
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abenduaren 5a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasio bera dute Naroa eta Izadi Ruiz ahizpek (Getxo, Bizkaia, 2005 eta 2009): patinaje artistikoa. Gurpil gainean dirdira egiten dute. 20 eta 16 urte besterik ez badituzte ere, maila altua dute biek. Naroa Ruizek, ahizpa helduenak, Europako Kopa irabazi berri du maila gorenean, eta orain dela bi urte hirugarren egin zuen Europako Txapelketan. Taldeka, azken bi denboraldietan Munduko Txapelketa irabazi du. Izadi Ruiz, berriz, aurten Espainiako Txapelketan bigarren geratu da kadete mailan, eta, horri esker, Europako Txapelketan parte hartzeko aukera izan du: «Nire lehenengo nazioarteko txapelketa jokatu nuen, Italian. Sekulakoa izan zen, oso ondo pasatu nuen».

Jaioterrian eman zituzten lehen pausoak, Getxon. Hala ere, Naroa Ruizi hasieran ez zion arreta kirolak berak piztu, maillotak baizik. «Ikastolatik bueltan, Andra Marin egunero gelditzen ginen kiroldegian, eta beirate kanpotik entrenamendua ikusten nuen. Niri asko gustatzen zitzaidan neska batek zeraman maillot morea, eta egunero gurasoei esaten nien horrelako maillot bat jantzi nahi nuela. Jantziak hartu zuen arreta guztia, eta nire klaseko kide batekin batera izena eman nuen 7 urterekin». Horrelaxe hasi zen Naroa Ruiz, eta, hari segika, ahizpa txikia: «4 urterekin hasi nintzen, ahizpa hasi zelako, eta nik ere gustuko nuelako».

Naroa Ruiz style dance eta free dance probetan aritzen da bakarka. Getxotarrak azaldu duenez, style proba, solo dance diziplinako modalitate bat da. Patinatzaileari erritmo bat esleitzen zaio, eta nahitaezkoak diren elementu teknikoak egin behar ditu. Esaterako, pauso edo bira jakin batzuk. Bestelako mugimenduak ere badaude, musikarekin bat egin behar dutenak. Free dance modalitatea, berriz, libreagoa da. Patinatzaileak jauziak, piruetak, pausoak eta akrobaziak musikarekin konbinatzen ditu, nahitaezko elementurik egin beharrik gabe.

«Nire lehenengo nazioarteko txapelketa jokatu nuen, Italian. Sekulakoa izan zen, oso ondo pasatu nuen»

IZADI RUIZ Patinatzailea

Denboraldi honetan Naroa Ruizek Europako Kopa irabazi duen arren, ez dago «batere kontentu», ez duelako lortu Munduko eta Europako Txapelketetarako sailkatzea, «akats larri batengatik»: «Espainiako Txapelketa ez zen oso ondo joan. Musika gaizki zegoen muntatuta. Denboraldian zehar ez zidaten ezer esan, eta justu txapelketa garrantzitsuenean, puntu oso bat kendu zidaten, musika gaizki zegoelako. 50-70eko hamarkaden arteko rock abesti bat aukeratu behar genuen, eta nirea 70eko hamarkadatik aurrerakoa zen». Harentzat, «kolpe handia» izan zen Espainiako Txapelketan gertatutakoa, ondorioz ezin izan baita lehiatu ez Europakoan, ezta Mundukoan ere.

Naroa Ruiz Katalunian egon da azken bi urteetan, Skating Cunit klubean, Tarragonan (Herrialde Katalanak). Ez dago errendimendu altuko zentrorik, baina entrenatzen duen klubean ospe handiko entrenatzaileak ditu. Jo eta su aritu da. «Egun osoan entrenatzen gara. Prestaketa fisikoa ere egiten dugu. Astean lau egunean entrenatzen ginen; noizbait amaitu izan dugu gaueko ordu batean ere. Kataluniako jende asko joaten da klub honetara». Patinatzailearentzat gauzarik «gogorrena» bizitza alde batera utzi behar izatea da: «Herri batera zoaz, non ez dagoen jende mugimendu handirik eta zure lagunak patinatzaileak baino ez diren».

Oso kirol garestia

Argi dute zer den kirolaz gehien gustatzen zaiena: laguntasuna. Izadi Ruiz, ahizpa gazteena, Bilboko Irrisbizi klubean aritzen da. «Kirol honetan gehien gustatzen zaidana lagunak egitea da. Lagun oso onak ditut klubean, egunerokoan asko egoten gara batera». Ahizpa zaharrenak ere patinatzaileen artean sortzen den giroaz asko gozatzen du, batez ere taldekako ariketetan. Horrez gain, kirola maite du, «aske» sentitzen delako: «Ez dago patinen gainean jartzen zaren momentua bezalakorik. Zu bakarrik zaude pabiloi batean, prestatzen zara, musika entzuten hasten zara, konfiantza duzu egingo duzunaz, hamaika aldiz egin duzulako, eta, beraz, disfrutatzea besterik ez duzu».

Patinaje artistikoa egitea, baina, «oso garestia» dela nabarmendu du Naroa Ruizek. Izan ere, haren hitzetan, patinek 700 euro inguru balio dute, eta horri beste material guztia gehitu behar zaio: «Gurpil bakoitzak, adibidez, ehun euro balio du, eta, pistaren arabera, aldatu egin behar izaten ditugu. Desberdina da pista irristakorra bada, egurrezkoa edo zementuzkoa. Patinaren balazta ere aldatu egin behar da bi hilabetero, eta, azkenik, maillotak oso garestiak dira. 600 euro inguru ordaintzen dut bakoitza, eta maillot desberdinak behar dira bakarkako lanetarako, taldekakoetarako...».

«Gurpil bakoitzak, adibidez, ehun euro balio du, eta, pistaren arabera, aldatu egin behar izaten ditugu»

NAROA RUIZ Patinatzailea

Datorren urteari begira, Naroa Ruizek tarte batez atseden hartuko du, otsailean Italiara baitoa, Erasmus programa egitera. Getxoko patinatzaileak azaldu du kirol honetan herrialde onenak Italia, Espainia eta Portugal direla, baita Latinoamerikako herrialde batzuk ere, esate baterako, Kolonbia. «Triestera noa, Italia iparraldera. Klub indartsu bat dago bertan, eta hor entrenatuko naiz. Hala ere, disfrutatzera noa, eta irristaketa artistikoa beste plano batean geratuko da. Taldeka ez naiz lehiatuko». Izadi Ruizek, berriz, Bilbon entrenatzen jarraituko du. Datorren urtean junior mailara salto egingo du, eta zailagoa izango du gailentzea, urtebete helduagoko jendearen aurka lehiatuko beharko da eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.