Amaitu da denboraldiaurrea, eta abian da denboraldia. ETE ligako eta TKE ligako arraunlariek aurrean dituzte lehiaz beteriko asteburuak, larunbat honetatik bertatik hasita. Bederatzi talde arituko dira lehian, iaz baino talde bat gehiago. Lehengo urteko mailari eutsi diote Deustok, Hernanik, Kaikuk, Ondarroak, San Juanek eta Zarautzek; heldu berriak dira Camargo (Espainia), Isuntza eta Portugalete. Zumaiak eta Astillerok (Espainia) aurreko denboraldian eskuratu zuten Euskotren ligan, maila gorenean aritzeko aukera.
«Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan sailkatzeak eman digu behar genuen konfiantza»
MADDI MAKAZAGA URRUZOLAZarautz taldeko arraunlaria
Maddi Makazaga Urruzola Zarauzko arraun elkarteko arraunlaria da. Pozez esan du bost urteren ondoren lehen aldiz izan dutela neguan entrenamendu «potenteak» egiteko aukera, eta txapelketetako lehen emaitzetan nabaritu dute: hirugarren izan ziren Euskadiko Txapelketan, eta bosgarren Espainiakoan. «Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan sailkatzeak eman digu behar genuen konfiantza».
Helburu hauek dituzte denboraldiari begira: goialdean ibiltzea eta gozatzea: «Entrenatzaileak esaten digu hankak lurrean eduki behar ditugula, baina ez dagoela amesteko mugarik». Gainerakoei lana emateko asmotan abiatuko dute sasoia, baina jakitun haiek ere antzerako asmoa izango dutela.
Hain zuzen, Arrate Grande Pocero Kaiku taldeko arraunlaria da, eta aurreratu du iaz baino gogo handiagoz abiatuko dutela liga: «Iaz lortu genuen lehian egotea, eta, aurten, hobeto egiteko gogoa dugu». Ez dute helburu zehatzik: «Baina dena ematera joango gara, eta ohorezko txandan egotea gustatuko litzaiguke. Hori bai, ondo bidean, irabazten badugu, hobeto».
«Motibatuta gaude, aurten ikusten dugulako lehia polita izango dugula, eta ikusten dugu geure burua talde horiekin lehiatzen»
ARRATE GRANDE POCEROKaiku taldeko arraunlaria
Ibaian eta erlojuaren kontra dute lehen estropada. «Azkeneko estropada guztiak itsasoan egin ditugu, eta ea zer moduz moldatzen garen; erlojuaren kontrakoa ere ez da modu onena aurretik ala atzetik goazen jakiteko, baina berdin borrokatuko gara».
Gazte Mailari eskerrak
Hori bai, Kaikukoek ez dute negu erraza izan; lurreko entrenamendu asko egin dituzte: «Zaila izan da trainerua uretara ateratzea, taldeko hainbat arraunlarik kanpoan ikasten dute, eta arazoak izan ditugu trainerua betetzeko». Eskertu du arraun taldeko zenbait Gazte Mailako arraunlarik lagundu dietelako trainerua betetzen.
Zarauzko arraun taldeak ere antzerako arazoak izan ditu azken bost urteetan: emakumeen trainerua sortu zenetik, maiatz edo martxo aldera osatzen zuten taldea, eta orduan hasten ziren uretara joaten, nekez. «Aurreko urtean, ekain hasieran, ezin ginen uretara atera. Aurten, baina, Gazte Mailako arraunlariak hasi dira traineruan, eta neguan ere atera ahal izan dugu uretara; indarra eta sendotasuna eman digu horrek».
Kaikukoak ere prest daude denboraldia hasteko: kanpoan ikasten ari diren gehienak itzuli dira jada, eta banku mugikorrean aritu diren beste batzuk ere bai. Taldea gogo handiz ikuste du Grandek: «Motibatuta gaude, aurten ikusten dugulako lehia polita izango dugula, eta ikusten dugu geure burua talde horiekin lehiatzen».
Iaz Zumaiak eta Astillerok lortu zuten maila gorenera igotzea, baina, Granderen hitzetan, oraindik ere badaude Gipuzkoako oso talde indartsu batzuk ETE ligan: «San Juan edo Zarautz, adibidez». Zarauztarrak ere nabarmendu du iaz os ondo ibili ziren beste talde batzuek ere oraindik bertan jarraitzen dutela: «San Juan, Kaiku…», aipatu ditu.
Tolosaldea indartsu ikusten dute
Makazaga eta Grande, arraunlariak izateaz gain, arraunzaleak ere badira, eta iritzia eman dute maila gorenean arituko direnei buruz. Biek ala biek indartuta ikusten dute Tolosaldea. «Ikusi da Euskadiko eta Espainiako txapelketetan Tolosaldea aurten gerra emango duela; eta Hibaika ere indartuta ikusten dut», adierazi du Makazagak. Grande ere iritzi berekoa da, uste baitu Tolosaldeak asko hobetu duela azken bi urteetan: «Frogatu dute lehiakorrak direla, eta borrokatu egingo direla».
Etzi Astilleron egingo dute ligako lehen jardunaldia, 12:00etan —TKE ligako lehen eta bigarren mailako taldeek ere izango dute estropada—. Erlojupeko estropada izango da, eta bi luze egin beharko dituzte arraunlariek. Igandean Pasai Donibanen (Gipuzkoa) arituko dira, 11:45ean. Hiru kaletatik arituko dira, eta hiru luze egin beharko dituzte.
Estropada guztiak Tele 7 katetik eta EKTBren Youtubeko kontutik ikusi ahal izango dira.
ETE liga
Klubak
Camargo
Deusto
Hernani
Isuntza
Kaiku
Ondarroa
Portugalete
San Juan
Zarautz
Estropadak
Etzi. Astillero
Igandean. Pasai Donibane
Ekainak 28. Donibane Loitzune-Ziburu
Ekainak 29. Portugalete
Uztailak 5. Zumaia
Uztailak 6. Sestao
Uztailak 13. Isuntza
Uztailak 19. Hernani
Uztailak 20. Portugalete
Uztailak 27. Santurtzi
Abuztuak 2. Ondarroa
Abuztuak 9. Camargo
Abuztuak 10. Donostia
Abuztuak 15. Castro
Abuztuak 16. Zarautz
Abuztuak 23. Bilbo