Larunbatean jokatu zuten Euskal Herriko Aizkora Txapelketa. Sei aizkolari onenak lehiatu ziren, eta erakustaldia eman zuten Berriozarren (Nafarroa). Oihana Fernandez de Barrena eta Nerea Arruti ziren txapela irabazteko faboritoak, eta lehia estua izan zuten; hainbestekoa, polemika piztu baita.
Pare-parean amaitu zituzten lanak, eta epaileek hamar minututik gora behar izan zituzten irabazlea nor izan zen jakinarazteko. Azkenean, Oihana Fernandez de Barrenari eman zioten txapela. Denbora ofizialen arabera, ehunen baten aldea atera zion Nerea Arruti bigarren sailkatuari: Fernandez de Barrenak 19.30,35eko denbora egin zuen, eta Arrutik 19.30,36koa.
Bada, epaileek erabakitakoarekin kexu agertu da Arruti, eta, gaur Euskadi Irratian jakinarazi duenez, helegitea jada aurkeztu du Euskadiko Herri Kirol Federazioan. «Gaizki ari naiz pasatzen. Polita izan behar zuena amesgaizto bihurtu da», esan du.
Arrutik azaldu duenez, hainbat bideo aztertu ditu, eta epaileek ezarritako denborak ez daude ondo: «Ez nago ados, inolaz ere. Nik eta beste batzuek kalkuluak egin ditugu, eta, gure ustez, txapelaren irabazlea gaizki dago. Probak ditugu, bideoak ditugu».
Epaileek Euskal Herriko Aizkora Txapelketan egindako lana eta izandako jarrera kritikatu ditu Arrutik. Azaldu du lanak amaitzean haren aurrean zeudenek esan ziotela irabazi egin zuela, baina, bat-batean, «istorioa aldatu» egin zela: «Epaileengana gerturatu nintzen ikusteko zer gertatu zen. Urduri nengoen, ez baitziguten ezer esaten. Galdetu nien ea zer gertatu zen kronometroarekin. Epaileek lana gaizki egin zuten; akats dezente egin zituzten». Horiek horrela, helegitea aurkeztea erabaki du.
«Nik ez dut gertatu zenaren errurik»
Fernandez de Barrenak bere kirol ibilbideko lehen txapela jantzi zuen larunbatean, baina, BERRIAri aitortu zionez, triste eta penatuta dago sortu den polemika dela eta. «Tentsio handiko momentuak izan ziren. Plazan giro txarra sortu zen, eta nik irabazi nuela jakitean poza hartu nuen, baina aho zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Orain, egun batzuetara, Arrutik eta haren ingurukoek sare sozialetan publikatu dute ez daudela ados erabakiarekin, eta horrek pena eman dit. Txapeldun ni izendatu baninduten, zerbaitegatik izendatu ninduten. Dena den, nik ez dut gertatu zenaren inongo errurik».