Alex Uranga. Bodyboardlaria

«Neure burua bost onenen artean ikusteak indartsuago egin nau»

Hirugarren denboraldia osatu du Alex Urangak Munduko Bodyboard Zirkuituan, maila gorenean. Sailkapen nagusian bosgarren postuan amaituta, bere buruari jarritako erronka bete du.

ALEX URANGA.
Gorka Zabaleta-Baleike
Zumaia
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ohi baino lehenago amaitu da aurten Munduko Bodyboard Zirkuitua, baina Alex Urangak (Zumaia, Gipuzkoa, 1989) badu etxera pozik bueltatzeko arrazoirik, uda osoa munduko bazter batetik bestera ibili ostean: bosgarren postuan bukatu du. «Azterketak gainditzen direnean bezala, ondo egindako lanaren sentsazioa daukat; jarritako helburuak bete ditut». Portugaldik lehiaketaz aseta bueltatu da, buruari atseden pixka bat emateko premiarekin, baina gorputzak itsasoa eskatzen dio, eta ezin olatuen deiari muzin egin. Elkarrizketarako hitzordua itsasgoraren arabera jarri du; grabagailua itzali bezain pronto han sartu da, Itzurungo olatu artera.

Hirugarren denboraldia duzu maila gorenean, eta bosgarren postuan amaitu duzu urtea. Oso goian jarri duzu langa…

Denboraldi osoan oso erregularra izan naiz; aurten hori lortu dut. Lehenengo proban, Hawaiin, bosgarren sailkatu nintzen, eta horri eusteko kapaz izan naiz. Zirkuituko azken txapelketara, Sintrara (Portugal), sailkapen nagusia irabazteko aukera txiki batekin iritsi nintzen, eta sentsazio hori oso polita izan da.

Aurreko negua oso berezia izan zen Euskal Herrian, olatuak nahi adina izan zenituzten entrenatzeko. Hori nabaritu al duzu?

Bai, neguan oso ondo prestatzeko aukera izan nuen, ikaragarria izan zen. Horrek lagundu zidan zirkuituari indartsu heltzen, goian egoten. Eta horrek ikuspuntua erabat aldatzen dizu. Nire lehenengo bi urteetan maila gorenari eustea zen erronka, sailkapeneko azken postuei ihes egitea. Baina aurten, neure burua bost onenen artean ikusteak indartsuago egin nau. Energia gehiago ematen dizu, konfiantza duzu zeure buruarengan, eta zure surfa seguruagoa da, edozein olatu hartzeko gai zara.

Otsailean Hawaiiko proba jokatu zenean, artean ez zegoen garbi Munduko Zirkuituak aurrera egingo ote zuen.

Arazoak egon dira, bai. Iaz arte IBA izeneko erakundeak antolatzen zuen, baina krisi ekonomikoak ez zuen batere lagundu eta babesle asko galdu ziren. Azkenean, zorionez, bodyboarder batzuk sortutako APB erakundeak hartu du ardura, eta lortu da gutxienez bost proba antolatzea eta zirkuitua osatzea. Denon helburua izan da urtea alferrik ez galtzea, hainbesteko distirarik gabe, baina zirkuitua aurrera ateratzea. Hasieran zortzi probaz osatutako egutegia aurreikusi zen, azkenean bost izan dira, baina txapelketa ez da bertan behera gelditu. Datorren urterako hobetzea eta zabaltzea da asmoa. Tahitin, Maldivetako Errepublikan eta Frantzian probak antolatzeko aukera dago.

Hasieran egon ziren zalantza haiek medio, izen handia duten bodyboarder batzuek parte ez hartzea erabaki zuten. Haien falta sumatu al duzue?

Dudarik ez. Australiarren falta sumatu dugu batez ere, Dave Winchester, Jake Stone, Michael Novy… Haien partez brasildar gehiago sartu dira aurten, eta mailan nabaritu da. Txapelketak behar ditu, eta seguru datorren urtean bueltatuko direla.

Zuk behin baino gehiagotan eskatu izan duzu bultzada bat kirol honentzat.

Ez da ahaztu behar zirkuitua, berez, txapelketa pribatua dela. Horregatik, beharrezkoa da kirol honetan sinesten duen norbaitek hartzea gidaritza eta dirua jartzea. Bodyboardak badu etorkizuna, baina beste bultzada bat behar du, eta ez soilik munduan, Euskal Herrian ere bai.

Erakutsi duzu onenen artean zaudela. Nola ikusten duzu zure etorkizuna maila profesionalean?

Nik erakutsi dut hor goian egon naitekeela. Fisikoki eta mentalki indartsu ikusten dut neure burua. Egun dauzkadan aurkari asko beteranoak dira jada, eta belaunaldi berrian ondo kokatuta nago. Baina kirolaren egiturak sendotu behar dira. Bestela, dudak sortzen zaizkizu etorkizunari begira. Batzuetan pentsatzen duzu agian onena litzatekeela zure kasa lasaiago ibili, benetan nahi duzun lekuetan eta nahi duzun eran surfa egin, txapelketen menpe egon gabe… Baina pentsatzen dut aurrera egingo dugula eta aurretik urte on asko dauzkadala.

Nolakoa izan da zure aurtengo ibilbidea Munduko Zirkuituan?

Tarte handiegia egon da Hawaiitik Brasilgo probara, baina gero udan ez gara gelditu. Brasilen, Amaury Lavernhe eta biok geunden uretan, final-laurdenetan. Ni aurretik nindoan nabarmen, bi olatu onekin. Berak ez zuen bakar bat ere puntuatu. Baina zerbait arraroa gertatu zen. Argia joan zen, eta epaileek ezin omen zuten lanean jarraitu ordenagailurik gabe. Handik bi ordura, argindarra bueltatu zenean, olatu bakarra neukan markagailuan. Ordenagailuak itzali baino segundo batzuk geroago hartu omen nuen. Baina, hala izan bazen, niri zegokidan olatuak hartzeko lehentasuna. Laverheri eman zioten. Berak olatu on bat hartu zuen eta nik bat ere ez. Kanpoan gelditu nintzen, zer gertatu zen oso ondo ulertu gabe.

Baina Arican (Txile) izan zenuen arantza kentzeko aukera.

Aricara gogo handiarekin joan nintzen. Oso gustuko dut hango olatua. Ezker olatua da, indartsua, eta eroso sentitzen naiz. Pierre-Louis Costesen aurka galdu nuen finalaurrekoa. Oso ondo zihoan dena, olatuak etorri eta etorri ari ziren baina, bat-batean, azken hamar minutuetan itsasoa gelditu egin zen. Pierrek erabaki zuen beheko olatuak hartzea, ertzetik gertuago; ni aurrerago jarri nintzen eta, horrela, lehentasuna neukan olatu onak etortzean. Baina ez zen olaturik etorri… Hala ere, hirugarren izan nintzen. Oso emaitza ona izan zen.

Antofagastan (Txile) berriro bederatzigarren. Gutxienez, sailkapenari eustea lortu zenuen.

Antofagastakoa ezberdina izan zen: olatu txikia zegoen eta lan asko egin behar zen zerbait ateratzeko. Final-laurdenetan Uri Valadaok kanporatu ninduen. Egia esan, berak hasieratik asmatu zuen serie ona aukeratzen, eta nik olatu eskasagoekin moldatu behar izan nuen. Baina Sintrara, azken txapelketara, aukerekin iritsi nintzen.

Sintran bazenuen aukera txiki bat munduko txapeldun izateko ere. Baina oso zaila zen, ezta?

Aurretik nituen guztiek egin behar zuten kale eta nik txapelketa irabazi. Baina denboraldi amaierara iristea aukera horrekin, hori oso sentsazio ederra da. Pierre-Louis Costesek kale egin zuen; baina gainontzekoek, ez. Azkenean, Amaury Lavernhe taldekideak irabazi zuen txapela, eta ni bosgarren izan nintzen Zirkuituko sailkapen nagusian. Hawaiin hasi bezala.

Lehiaketa ohi baino lehen bukatu da. Zer gertatu da Frontongo (Kanariar uharteak, Espainia) txapelketarekin?

Bai, pena izan da Frontongo txapelketa bertan behera gelditzea. Oso berezia zen denontzat, azkeneko proba izanik han erabakitzen zelako txapeldun zein izango zen, eta, gainera, bodyboarda zer den inon baino hobeto ikusten delako. Ikusgarria da. Zoritxarrez, probaren bultzatzaile eta babesle nagusia hil egin da, eta dena airean gelditu da.

Hurrengo urterako zer helburu jarriko diozu zeure buruari? Akaso, Zirkuituko proba bat irabaztea?

Irabaztea beti da helburu, baina bai, bada garaipenen bat lortzeko garaia. Hala ere, ez da batere erraza. Zirkuituan badago jendea urte asko daramatzana, hirugarren amaitu izan duena sailkapen nagusian, eta oraindik probarik irabazi ez duena. Nik 2011n Reunion uhartean irabazi nuen, eta han zabaldu zitzaizkidan maila gorenerako ateak. Aurten, Nazareko (Portugal) proba berezia irabazi nuen eta horrek indar handia ematen dizu. Baina, bai, ea Munduko Zirkuituan beste garaipen bat lortzen dudan.

Txapelketa nagusiak amaitu dira, baina udazkenarekin batera olatuak datoz Euskal Herrira. Zer asmo dituzu?

Alde batetik, Amaury Lavernhe —taldekide du munduko txapelduna— eta biok bilduko gara, pare bat argazki erreportaje egiteko gure babesle nagusiarentzat. Lan horiek ere egin behar izaten dira. Eta, gero, hemengo olatuaz gozatu. Ur motoa erosi dugu, eta horrekin saiatu nahi dugu.

Olatu handiak hartzeko, surflarien moduan?

Bai, hemen ez da egin horrelakorik orain arte. Bodyboardean zailagoa da, motoak botatzen duen ur zorrotada aurpegira datorkizulako zuzenean. Motoak uzten duen arrastotik albo batera aterata joan behar da. Motoa erabil dezakegu olatuan abiada handian sartzeko, edo, bestela, olatuaren kontra joan eta jauzi handiagoak egiteko. Baina aurrena, erabiltzen ikasi behar da…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.