Baikoko pilotaria

Martxel Iztueta: «Neure buruari sinetsarazi diot egunerokoan profesionala naizela»

Uda ikusgarria egiten ari da Iztueta: hamasei partida irabazi ditu, eta bi baino ez galdu. Hiru txapel jantzi ditu, hirurak Lasorekin. Gaur jantzi nahi dute laugarrena, Bermeon. Iztuetak «erabat egonkortuta» ikusten du bere burua Lehen Mailan.

Martxel Iztueta. GORKA RUBIO / FOKU
Martxel Iztueta. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
Tolosa
2026ko irailaren 16a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxetik gertu, Zabalarreta parkean geratu da kazetariarekin Martxel Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 2004). Parkearen erdian Atlasko zedro garai eta sendo bat dago. Haren pare dabil Baikoko atzelaria udan: garai eta ezin sendoago.      

Uda honetako pilotaria zara?

Ez. Nire ustez, Laso nabarmendu da gehien. Nik askotan jokatu dut harekin, eta oso gustura nago egin dudan jokoarekin. Asko gozatzen ari naiz.

Hemezortzi partida jokatu dituzu, eta hamasei irabazi dituzu, eta bi baino ez galdu. Datu ikusgarriak dira.

Bai, eta harrituta nago: datu izugarri onak dira. Uda hasieran ez nuen pentsatuko inola ere horren datu onak lortuko nituenik.

Zein izan da gakoa?

Nahiko sendo nabil, eta pilota gutxi galdu ditut. Horrela jokatuta aukera gehiago dago irabazteko. Horrez gain, askotan jokatu dut Unairekin, eta, hura bezalako pilotari batekin jokatuta, aukera gehiago dago irabazteko. Biok ibili gara irabazi eta irabazi, eta, horri esker, bolada on batean murgildu gara. Horrek zerikusia izan du.

Nola da Lasorekin jokatzea?

Gozamena da. Konfiantza handia transmititzen dizu: batetik, ez du oparirik egiten eta aukera txikiena aprobetxatzen du tantoa egin eta jokoaren joera aldatzeko; eta, bestetik, une oro sentitzen duzu haren konfiantza. Kantxatik kanpo, berriz, oso gertukoa da, eta asko babesten gaitu gazteok.

Elkarren osagarri zarete?

Izan liteke, baina erraza da harekin aritzea. Horren erakusle, hark irabazi ditu partida gehien binaka azken urtean: binakakoan, adibidez, ikaragarri ondo aritu zen Albisurekin. Nik harekin jokatzen dudanean sentitzen dut hark hutsuneren bat badu nik bete dezakedala. Baina hark sekulako lana egiten du.

Polita da Lasorekin jokatzea, baina ardura ere bada, ezta?

Noski. Badakizu zein ondo aritu den beste atzelari batzuekin, eta zuk ez duzu nahi zure jardunak hari kalte egitea. Hala ere, harekin jokatzeak askoz gehiago du onetik txarretik baino. Harekin jokatuta, aukera gehiago duzu irabazteko, eta hori beti da ona.

Hiru txapel irabazi dituzu harekin udan: Iruñeko sanferminetan, Donostian eta Bilbon.

Bai, eta oso zaila da hori, are gehiago udan: bikote gutxiago aritzen dira eta denak oso indartsuak baitira. Nahiko lan eginda eta larri irabazi ditugu txapelak.

«Debutatu berritan tokiz kanpo ikusten nuen neure burua, baina toki bat egin dut, eta garairik onenean nago»

Bai, baina denak burura.

Bai, eta sekulakoa da. Duela lauzpabost urte esan izan balidate horrelako uda bat egingo nuela, ez nuen sinetsiko. Oroitzapen oso polita dut hiru txapel horietaz. Sanferminetakoa izan zen bereziena, giroagatik. Konfiantza handia eman didate negurako.

Laugarren txapela irabaz dezakezue gaur, Bermeon, Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka. Zer itxura hartzen diozu finalari?

Gogorra, seguru. Ezkurdia eta Rezusta oso bikote sendoa dira; ez dute ezer oparitzen. Ea bolada onari euts diezaiokegun.

Ez duzu bakarrik jokatu Lasorekin. Etxeberriarekin eta Zabalarekin ere aritu zara Mastersean, ondo aritu ere: lehen postuan bukatu duzue ligaxka, eta finalerdietan ariko zarete. Horrek balioa ematen dio zure lanari.

Bai, eta oso pozik nago. Unairekin hainbeste partida jarraian irabazteak konfiantza handia eman dit, eta lasaiago, presioa gainetik kenduta aritu naiz. Peio eta Javi oso ondo aritu dira, eta oso ondo moldatu naiz haiekin. Mastersa da udako txapelketa nagusia, eta pozgarria da gutxienez finalerdietan egotea. Urrian jokatuko dugu azken txanpa. Orain, Bermeoko finalean eta sanmateoetako atarikoan dut jarria arreta.  

Lanketa berezia egin duzu sasoiko egoteko?

Bai. Indarrak neurtzen saiatzen nabil. Hasieran, pilota txikitu nahi nuen beti, eta hamaseigarren tantoan leher eginda geratzen nintzen. Orain, Zabaletari erreparatzen diot, hark oso ondo neurtzen baitu haren indarra.

Lantalde bat duzu inguruan?

Bai, alor guztiak ondo zaintzen saiatzen bainaiz. Urteetan Unai Legarretarekin aritu naiz lan fisikoa egiten, eta oso eskertuta nago harekin, asko ikasi baitut; baina orain Ernio gunean nabil, Juanma Moralesekin; oso gustura nabil. Mikel Olaetxearekin ere ordu pila bat egiten ditut frontoian. Saiatzen naiz jende onaz inguratzen.

«Oraindik ez nago atzelari onenen pare, baina espero dut eta sinesten dut haien mailara irits naitekeela»

Hori guztia lanabesik garrantzitsuena ahaztu gabe: eskuak.      

Noski. Eskuak asko zaindu behar dira. Monotakoekin eta beste material batzuekin aldaketak egon dira, eta gehienek hobera egin dugu.

Eskuek buruhauste dezente eragin dizkizute profesionaletan zabiltzanetik.

Bai, eta asko ikasi dut garai txar horietatik. Profesionaletan debuta egin nuenean, egunerokoan ez nintzen profesionala, afizionatu baten bizimodua eramaten nuen. Ondo prestatu behar duzu, eta gauza asko zaindu. Bigarren Mailako pilotariei erreparatu, eta ikusten duzu horiek ere asko zaintzen dutela beren burua, eta konturatzen zara tontakeriarik ez dagoela hemen, eta ez badituzu alor guztiak zaintzen oso zaila dela aurrera egitea. Nik, gainera, gorputzez oso eskas debutatu nuen, eta kosta egin zitzaidan girora egokitzea. Oso gaztea nintzen, eta zera pentsatzen nuen: «zer demontre egiten dut nik hemen». Baina, pixkanaka, jarri egin naiz, eta neure buruari sinetsarazi diot egunerokoan profesionala naizela. Gaur egun, nire tokia egin dut, profesionala naiz, eta garairik onenean nago.

Egonkortuta ikusten duzu zeure burua profesionaletan, eta, zehazki, Lehen Mailan?

Bai.

Mariezkurrena, Zabaleta, Albisu eta enparauen pare al zaude?

Jokoz oraindik ez nago atzelari onenen pare. Koska bat beherago nago, baina espero dut eta sinesten dut maila horretara irits naitekeela. Ez dut uste Zabaletak lor dezakeena lor dezakedanik, baina hobetu dezaket, eta hurrengo urteetan atzelari onenei kontra egin.

Zer falta zaizu?

Esan dituzun horiek baino koska bat beherago nago fisikoki: iraupen eta indar pixka bat falta zait. Teknikoki ere dezente dut hobetzeko, pilota jotzeko prestatzeko orduan batez ere. Jonek [Mariezkurrenak] asko hobetu du horretan: lehen, hiru pilotakadatik bat gozatzen zuen, eta, orain, hamarretik bederatzi. Lan handia egin du horretarako.

Udako emaitza onek neguari begira lagunduko dizutela esan duzu lehen. Pentsatzekoa da binakakoaz ari zarela. Zeure burua barruan ikusten duzu?

Bai. Ez dut zalantzarik. Ez dizut gezurrik esango. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA