Euskal Herriko Itzulia

Nico Alustiza: ilusioz beterik Itzuliko tropelaren parte izateagatik

Euskaltel-Euskadik begiz joa du Euskal Herriko Itzulia. Nico Alustiza lehen aldiz ari da hartan. Sasoi hasierako lan onari eustea eta lehiakor izatea dute helburu bai taldeak bai Alustizak berak.

Nico Alustiza Euskaltel-Euskadiko txirrindularia ahalegin betean. GOMEZ
Nico Alustiza Euskaltel-Euskadiko txirrindularia ahalegin betean. GOMEZ
2026ko apirilaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindularitzaren goi mailan aritzea ez da erraza. Hemezortzi taldek dute UCI World Tour kategorian lehiatzeko tokia. Gainontzekoek gonbidapenak jaso behar dituzte kategoria horretako lasterketetan parte hartzeko. Halaxe gertatzen zaio Euskaltel-Euskadi taldeari. Kataluniako Voltan lehiatu eta gero, Itzulian ari da lehiatzen herenegundik. Jorge Azanzak zuzentzen duen taldearentzat, urteko lasterketarik garrantzitsuena da, Donostiako Klasikoarekin batera. Izan ere, gutxitan izaten dute onenekin buruz buru aritzeko aukera, eta ilusioa dute etxeko errepideetan ibiltzeko, lehiatzeko eta itxura ona emateko. Iazko denboraldi gorabeheratsuaren ostean, bestelako irudi bat eman nahi dute, eta ohiko lehiakortasuna berreskuratu.  

Nico Alustiza (Zumarraga, Gipuzkoa, 2003) da horretan ahaleginduko diren txirrindularietako bat. Orain hiru urte fitxatu zuen Euskaltelek. Ordutik, pedalkadaz pedalkada, bidea eginez joan da. Lehen bi urteetan egokitzen aritu zen. Batez ere abiaduran nabaritu zuen aldea. Tropela oso bizkor zihoala antzeman zuen, eta denek aurrean eta ondo kokatuta joan nahi zutela. Gainera,  askotan etapak amateurretan baino ordu eta erdi luzeagoak dira, eta hori ere antzematen zuen hanketan.

Baina beti esan du txirrindulari «sendoa eta burugogorra» dela, badakiela «sufritzen», eta horrek aukera eman dio estreinakoz Itzulian aritzeko. Herenegun egin zuen debuta, bakarka, erlojupekoan, eta Bilbon bildutako zaleen babesarekin. Ezustea izan zen harentzat Jorge Azanzak aukeratutako txirrindularien artean egotea: «Hasieran, Kataluniako eta Andaluziako itzuliak korritzea zen asmoa, baina, azkenerako, Itzulia ere egingo nuela esan zidan Jorgek». Sinetsi ezinda eta pozik hartu zuen berria.

Datozen egunetan gogotik ahaleginduko da nolako txirrindularia den erakusten. Ez ditu lasterketetako sailkapen orokorreko lehian sartzeko beharrezko ezaugarriak, baina ondo moldatzen da igoeretan, eta gero eta bizkorragoa da. Horrenbestez, litekeena da gai izatea etapa gogorretan lan ona egiteko. Herenegun, Bilbon jokatu zen erlojupekoan, 126. postuan sailkatu zen, Paul Seixas  (Decathlon) liderrarengandik 2.33ra. 

Gipuzkoarra izanda, Alustizak azken bi etapak ditu begiz joak: Eibarren eta Bergaran amaitzen direnak: «Han entrenatu ohi naiz, eta horiexen pizten didate ilusiorik handiena». Inguru horiek ongi ezagutzen ditu, eta haien ezaugarriez hitz egin du: «Eibarren jokatuko den etapa beste urte batzuetan baino luzeagoa izango da aurten, eta irabazi nahi dutenek ezingo dute hutsik egin amaieran». Bere helburuez ere mintzatu da: «Ihesaldi bat harrapatzea izango da xedea, ahalik eta denbora gehien aurrean emanda. Ea etaparen batean borrokatzeko beta dudan». Gozatu egin nahi du: «Itzulia telebistatik edo errepide bazterretik ikusten nuen: marea laranjaren parte nintzen. Orain errepidean egotea, onenekin lehiatzea eta zaleen animoak jasotzea izugarria da».

«Itzulia telebistatik edo errepide bazterretik ikusten nuen: marea laranjaren parte nintzen. Orain onenekin lehiatzea izugarria da»

 NICO ALUSTIZA Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

Bolada onean

Euskaltel-Euskadik eta haren pareko taldeek, baldin eta ezarritako helburuak bete nahi badituzte Itzuliaren moduko lasterketetan, ezinbestekoa dute bolada onean heltzea. Oraingo honetan lortu dute, eta taldea oraintxe zertan den azaldu du Alustizak: «Konfiantza dugu, eta, maila oso handia dagoela jakin arren, iruditzen zait gauza politak egin ditzakegula. Lehia horretan egon nahi dugu, eta den-dena emateko prest gaude horretarako».

Aurreko denboraldia ez zen ona izan talde laranjarentzat. Oraingoan, ordea, hobeto hasi dira. Martxoaren 22an denboraldiko lehen garaipena lortu zuten, Albaceteko Udaberriko Sarian. Axel van der Tuuk gailendu zen, eta Iker Mintegi izan zen bigarren. Taiwango Tourrean, berriz, talderik onenaren saria jaso zuten. Gainera, Jordi Lopez hirugarren izan zen sailkapen nagusian, eta Paul Hennequinek erregulartasunaren elastikoa irabazi zuen. Lopez bigarren izan zen bigarren etapan, eta Hennequin hirugarrenean eta laugarrenean. 

Hala, puntuak biltzen jarraitu nahi dute Kontinental mailan, iaz oso urruti geratu baitziren igotzeko postuetatik. Talde moduan ere ez dute atzean geratu nahi: «Ihesaldiren bat harrapatzen saiatuko gara, eta, buruz burukoren bat egokitzen bazaigu, hura irabaztea izango da helburua. Ea zorte apur batekin lehia horretan sartzeko aukera dugun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA