Nola hobetu azken bi denboraldietan egindako lana? Erronka horixe izango du Athleticeko zuzendaritzak datorren sasoiari begira. Lau lehiaketa izango dituzte zuri-gorriek, eta ahalik eta multzo distiratsuena eraiki beharko du Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Athleticen filosofia kontuan izanik, uda parteak lasai antzekoak izan ohi dira Ibaiganeko bulegoetan, baina, joan den urtean bezala, aurten ere sua piztuta dago Nico Williamsen inguruan. Jokalariak bere teilatu gainean dauka pilota, eta hartzen duen erabakiaren bueltan mugituko da udako merkatua Athleticen.
Klub erraldoiak ate joka
Athleticek, 2030era arteko eskaintza
Joan den udan bizitako esperientziak ezer gutxirako balio izan dio Nico Williamsi. Zurrumurruak egunerokoak izan ziren iaz, batez ere Bartzelonaren ingurutik irtenak, eta jokalaria izan zen kaltetu nagusia. Burua nahasi besterik ez zioten egin zurrumurru horiek, eta, ondorioz, bere mailaren berri eman ezinda ibili da sasoi osoan. Kosta ahala kosta, horixe saihestu nahi zuen klubak, baina uda hasiera ez da erraza izaten ari. Bartzelonaz gain, klub erraldoiak ari dira ate joka: Bayern Munich eta Arsenal, esaterako.
Jokalariaren isiltasuna erabatekoa da, eta ez dago argi zer egingo duen. Athleticek garbi du gertutik lotu nahi duela jokalaria, eta kontratua 2027ra bitartekoa bada ere, hori luzatzea eskaini dio gazteari: gutxienez 2030era arte. Kasu horretan etete klausulak nabarmen egingo luke gora. Kirol arloari erreparatuta, erronka politak topa ditzake Nico Williamsek Bilbon, ez baita urteroko kontua Txapeldunen Ligan lehiatzea. Gainera, anaia izango da taldeko lehen kapitaina, Oscar de Marcosek erretiroa hartu baitu. Jakina da familiak zer-nolako pisua duen Nico Williamsen erabakietan. Edozer gertatuta ere, albiste ona litzateke gaia lehen baino lehen ixtea.
Atepean, zalantzak
Julen Agirrezabala, utzita?
Lehentasuna Nico Williamsen aferak badu ere, beste hainbat postutan erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu Gonzalez kirol zuzendariak. Atepean, esaterako. Orain arte, goi mailako bi atezain izan ditu bere esanetara Valverdek: Unai Simon eta Julen Agirrezabala. Ligan jokatu izan du lehenak, eta Kopan eta Europan bigarrenak. Ordea, gauzak alda daitezke aurrerantzean. Txapeldunen Ligan jokatu gabe konforme egongo da Simon? Kopan soilik lehiatzea aski izango du Agirrezabalak gustura egoteko? Erantzun beharreko galderak ditu mahai gainean klubak.
Bi atezainek erakutsi dute aski berme ematen dutela edozein lehiaketa jokatzeko, eta Agirrezabalak baditu eskaintzak Athleticetik ateratzeko. Utzita, edo salduta. Valentziak eta Espanyolek dagoeneko jo dute bere atea, eta ikusi beharko da gipuzkoarrak zer erabakitzen duen. Edo Athleticen partida gutxiago jokatzearekin konformatu, edo kanpora atera. Joango balitz, Alex Padilla berreskuratuko luke Athleticek, Mexikon ari baita utzita.
De Marcosen ordezkoa
Fitxatu, edo etxekoen alde
Atzeko lerroari dagokionez, bete beharreko postu bat badu Athleticek: eskuin hegalekoa. De Marcosen postua betetzea ez da lan erraza izango, baina baditu aukerak talde zuri-gorriak. Osasunatik Jesus Areso fitxatzea litzateke aukera bat, hamabi milioi euro ordainduta. Lezaman beheko mailetan lau urtez aritu zen nafarra, eta jokalaria berreskuratzea Gonzalezen buruan egon daiteke. Dena den, zalantzak izango ditu, Hugo Rincon sasoi distiratsua osatzen ari baita Mirandesen, Athleticek utzita. Gutxienez denboraldiaurrean Valverderen esanetara aritzeko baimena irabazi du gazteak, eta jakina da gai dela Lehen Mailan aritzeko. Eskuin hegaleko bat ez ezik, defentsaren erdiko jokalari bat ere behar du klubak. Unai Egiluz, Unai Nuñez eta Aymeric Laporte ageri dira agendan. Azken horrek aukera gutxi du etxera itzultzeko.
Aurrean, iraultzarik ez
Robert Navarro fitxatuko du
Zelai erditik aurrera ez da iraultzarik izango, eta joan den sasoiko jokalariak izango dira berriz protagonista. Postu horiei dagokienez, Athleticek utzita hainbat jokalari aritu dira Bigarren Mailan: Unai Vencedor, Racingen; Adu Ares, Zaragozan; Urko Iruretagoiena Izeta, Mirandesen; Nico Serrano, Sportingen, eta Javi Marton, Albaceten. Ziurrenik inork ez du tokirik izango Valverderen multzoan. Aitzitik, Robert Navarro iritsiko da taldera, Mallorcan sasoi polita osatu ondoren. Oihan Sanceten ordezko naturala izango da Navarro. Nico Williamsek Athleticen jarraitzen badu, ez da beste aurpegi berririk egongo erasoan. Joaten bada, Aimar Oroz eta Borja Sainz fitxatzen ahaleginduko da kirol zuzendaria, ahaztu gabe Lezamako harrobia dela jaten ematen duena.