Ane Bergara. Athleticeko jokalaria

«Nire esperientzia eta balioak helarazi nahi dizkiot taldeari »

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ane Bergararentzat (Bera, Nafarroa, 1987) ez zen erraza izan aurreko sasoia. Bartzelonan apenas jokatu zuen. Orain, Athleticek ilusioa berreskuratzeko aukera eman dio.

Etxeko talde batera itzuli, eta lehen titulua jokatzeko, euskal kopa, derbia duzue bihar. Nolako helduko diozue Realaren aurkako neurketari?

Irabazteak, moralki indar handia emango liguke. Realak oso denboraldi txukuna egin zuen, eta jokalari onak fitxatu ditu; talde indartsuetatik, gainera: Valentzia, Atletico Madril... Talde polita dauka, eta kostako zaigu irabaztea. Baina gu ere ondo gaude. Esperientzia eta gaztetasuna ditugu, eta nahasketa hori beti da polita. Sasoi ona egin dezakegu.

Ofizialtasuna aldarrikatzeko aukera ona izango da biharkoa, ezta?

Bai. Guk gure aldetik dena jarriko dugu ekarpentxo hori egiteko.

Bartzelona utziko zenuela jakin zenuenean, zurrumurru asko egon ziren, tartean Realera itzuliko zinela. Zergatik aukeratu zenuen Athletic?

Ez da izan Realera itzultzeko aukerarik. Hedabideek atera zuten zurrumurru bat izan zen. Beste eskaintzaren bat izan nuen arren, Athletic izan zen hasieratik ni fitxatzeko interesa izan zuen talde bakarra. Asko eskertzen diot. Are gehiago kontuan hartuta Bartzelonako azken sasoia zaila izan zela, ez bainuen asko jokatu. Horregatik aukeratu nuen Athletic.

Zer moduz lehen aste hauek talde berrian?

Hagitz ongi. Jokalari aunitz ezagutzen nituen, eta harrera bikaina egin didate. Kirol mailan ez dut alde askorik sumatu. Biak klub handiak dira, baina, agian, Athleticen familia giro handiagoa dago. Kontent nago. Etxekoengandik gertu egotea ere inportantea da niretzat. Gainera, Gorputz Hezkuntza eta Irakasletza ikasi ostean, hirugarren karrera ikasten hasiko naiz: Fisioterapia. Ilusio handiz nago.

Horren gogorra izan zen aurreko sasoia?

Niretzat ez zen ohikoa hain gutxi jokatzea, eta ikasi egin behar duzu egoera horri aurre egiten. Hilabeteak pasatu ahala, ohitu egin nintzen, eta banekien zein zen nire egitekoa. Horri balioa eman nion. Ez jokatuta ere, taldeari lagundu niezaiokeela konturatu nintzen, eta horri balioa eman nion.

Ilusioa berreskuratzeko aukera eman dizutela sentitzen duzu?

Jokatzen ez duzunean, ilusioa gutxituz doa pixkanaka. Baina nik garbi izan dut beti lanak bere saria ematen duela, eta Athleticek ni fitxatu izana horren seinale da. Lehiatzeko irrikaz nago.

Zer eskatu dizu Joseba Agirre entrenatzaileak?

Zelaian nire esperientzia eta balioak helarazteko taldeari, eta atzean segurtasuna emateko. Nik ere hori nahi dut.

Liga datorren asteburuan hasiko da. Zein helburu duzue?

Ez dugu helbururik jarri nahi. Lortu behar dugu taldea iaz baino erregularragoa izatea, eta defentsan sendoago egotea. Izan ere, taldeak maila handia du aurrean. Zaila izango da Liga irabazteko borrokan egotea, baina lan ona egin eta borroka horretan bagaude, ez diogu uko egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.