Enara Gaminde (Laukiz, Bizkaia, 2007) duela gutxi bilakatu da adinez nagusi. Pilotan jokatzen, ordea, aspaldi da nagusi. Ia dena irabazi du: Emakume Master Cupeko binakako txapelketa, Plazandreak lehia, udako masterra eta Hiru Hiriburuak torneoa, besteak beste. Txapel bakarra falta zaio janzteko: lau eta erdikoa. Baina baliteke aurki irabaztea, finala jokatuko baitu Amaia Aldairen aurka, hilaren 21ean, Gernika-Lumon (Bizkaia).
Lehen aldiz jokatuko duzu Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala. Pozik?
Bai, oso. Aurretik, bitan galdu nuen finalerdietan, eta hirugarrenean sailkatu naiz finalerako. Ilusio handia piztu dit, irabazteko falta zaizkidan txapeletako bat baita.
Finala jokatzea zen helburua?
Beti gustatu izan zait lau eta erdian aritzea, eta pena nuen, inoiz ez bainuen jokatua finala. Baina aurten gehiago prestatu dut, Nazioen Ligan ere lau eta erdian aritzekoa bainintzen [urrezko domina irabazi zuen banaka eta binaka]. Horrek mesede egin dit Master Cupeko lau eta erdikora sasoiko iristeko.
Atzelaria zara, eta ez da ohikoa atzelariak lau eta erdian aritzea. Zergatik gustatzen zaizu modalitate hori?
Gaztetan atzean eta aurrean jokatzen nuen, eta, Master Cupen oso gazte hasi nintzenez, hartan ere lau eta erdian aritu izan naiz beti. Atzelaria izan arren, konfiantza handiz aritzen naiz. Gustatzen zait aurreko jokoa: dejadak eta bi paretak.
Zerk ematen dizu lanik handiena?
Aireko jokoak. Normala da, urte osoan atzean jokatzen baitut. Hala ere, ez dut aireko joko txarra; ezin naiz kexatu.
Ez zara edonola sailkatu finalerako: azken txapeldunari irabazi diozu finalerdietan, Goiuri Zabaletari.
Hala da, eta final-laurdenetan Itxaso Erasuni irabazi nion, Plazandreak txapelketako lau eta erdiko irabazleari. Biak ala biak oso aurkari gogorrak dira, eta haiei irabazi izanak konfiantza eman dit finalerako.
Neurria hartua diozu Zabaletari: Nazioen Ligan ere irabazi egin zenion, finalean.
Bolada kontua da hau, eta nik bolada ona harrapatu dut orain.
Txapelketa ia guztiak irabazi dituzu aurten.
Oso urte polita izan da orain arte. Master Cupeko txapelketarik garrantzitsuenak irabazi ditut: binakakoa, Plazandreak, udako masterra eta Hiru Hiriburuak. Torneo pribatuetan ere ondo aritu naiz. Oso pozik nago. Ea lau eta erdikoa irabazi eta urtea biribiltzen dudan.
Zure kirol ibilbideko garairik onenean zaude?
Bai: batetik, inoiz baino txapel gehiago lortu ditut aurten; eta, bestetik, oso gustura ari naiz, konfiantzaz eta maila onean. Inoizko urterik onena izaten ari da.
«Nik beti izan dut neure burua pilotari erregulartzat, baina aurten, agian, erregularrago nabil»
Zergatik ari zara horren ondo eta horren gustura?
Ez dakit, betiko moduan bainabil entrenatzen. Agian, azken urte erdian gehiago landu dut alor fisikoa. Halere, aurreko urtea ere oso polita izan zen, eta oso emaitza onak lortu nituen. Baina, aurtengoa are eta hobeagoa izan da orain arte. Ez da erraza hori gertatzea. Gaizki ohitzen ari naiz: badakit beti ez dela horrela izango.
Olatz Arrizabalagaren ustez, «erregularrago» zabiltza. Gauza bera uste duzu zuk?
Izan liteke, baina nik beti izan dut neure burua pilotari erregulartzat: partida guztietan ematen dut nire maila edo antzekoa; horrek konfiantza ematen dit. Baina aurten, agian, erregularrago nabil.
Esperientziak badu zerikusirik? 18 urte baino ez dituzu, baina jada lau urte daramatzazu profesionaletan.
Igarri egiten dut esperientzia handiagoa dudala. Hastapenetan, oso urduri egoten nintzen finaletan. Orain, berriz, ez naiz horren urduri egoten. Esperientziak ematen du lasaitasun hori.
Zertan hobetu duzu gehien?
Indartsuago jotzen dut pilota. 14 urterekin, egiteko nuen gorputza; orain, berriz, egina dut. Horrez gain, hobeto dakit zer egin aldiro. Baina oraindik asko dut ikasteko.
Gauza ederra da hori: oso ondo ari zara, eta oraindik 18 urte baino ez dituzu.
Hala da. Esperientzia izan arren, gaztea naiz oraindik ere, eta asko dut ikasteko eta hobetzeko. Horretan ari naiz.
Zertan hobetu dezakezu gehien?
Partidetan lasaitasunari eusten: lehia galdutzat ez ematen, eta azkeneraino borrokatzen. Batzuetan haserretu egiten naiz neure buruarekin, eta ihes egiten uzten diot partidari. Halakoetan lasaiago jokatu behar dut.
Nola daramazu presioa?
Ez da erraza presioari eustea; ni, gainera, oso zorrotza naiz neure buruarekin. Baina nahiko ondo eusten diot. Horri esker lortu ditut horren emaitza onak.
Kirol psikologo edo trebatzaileren baten beharra izan duzu noizbait?
Ez, baina noizbait pentsatu dut laguntza eskatzea; badakit on egingo lidakeela. Ez dut pausoa eman, baina etorkizunean agian emango dut.
«Espero dut lasai aritzea. Nik ez dut presiorik. Hark [Amaia Aldaik] ditu hiru txapel irabaziak; beraz, hura da faboritoa»
Arrizabalagarekin, Aldairekin eta Arrate Bergararekin entrenatzen zara. Nolakoak dira lan saio horiek?
Oso giro polita dugu, eta askotan barre egiten dugu elkarrekin. Lehia badugu, baina lehia sanoa. Lagunarteko entrenamenduak dira.
Pilotari oso onak zarete guztiak. Horrek mesede egin dizue hobetzeko?
Lauroi egiten digu mesede oso handia elkarrekin entrenatzeak: zure maila eta ondokoarena zer-nolakoak diren jabetzen zara, eta horrek lagundu egiten dizu hobetzen.
Aldairen aurka jokatuko duzu finala. Nolako entrenamenduak egingo dituzu harekin?
Berdin-berdinak izango dira. Agian, lehia pixka bat handiagoa egongo da, baina ez dut uste entrenamenduak asko aldatuko direnik. Harreman ona dut Amaiarekin.
Aurkari gogorra da.
Oso gogorra. Oso ondo jokatuta irabazi zion finalerdia Olatzi [22-11], eta horrek konfiantza eman dio. Sasoiko dago. Badakit partida gogorra izango dela eta onena eman beharko dudala.
Zertan da ona Aldai?
Oso ona da aireko jokoan, eta inoiz ez du amore ematen: pilota guztietara iristen da.
Zer egin behar duzu hari irabazteko?
Saiatu behar dut pilota ahalik eta gehien gerturatzen ezker hormara, hark ezkerrez jo dezan. Atzean eduki behar dut, eta, zuloa ikusten dudanean, jokaldia egiten saiatu.
Zuk lehen finala duzu. Hark, berriz, laugarrena. Baliteke hori igartzea?
Ez dakit. Espero dut lasai aritzea. Nik ez dut presiorik. Hark ditu hiru txapel irabaziak; beraz, hura da faboritoa.