Raul Garcia. Alaveseko jokalaria

«Nire lehentasuna Alavesen jarraitzea zen, eta pozik nago»

Aldaketa ugari izan ditu Alavesek iragan sasoitik. Entrenatzaileaz gain, beste hamasei jokalari ere fitxatu ditu. Talde gisara egokitzea izango da denboraldia aurrera ateratzeko gakoetako bat. Garcia gogotsu dago lehiarako.

«Nire lehentasuna Alavesen jarraitzea zen, eta pozik nago».
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Raul Garcia (A Coruña, Galizia, 1989) ezker alboko atzelariak ez zekien non jokatuko zuen aurtengo sasoian, baina, azkenean, Alavesekin urtebetez berritu du kontratua. Deportivoren harrobian hezitakoa da, eta iragan denboraldian igoera lortzeko garrantzitsua izan zen —39 partida jokatu zituen, eta bost gol sartu—. Lehen Mailara itzuli da, taldearekin batera, eta bertan geratu nahi du.

Liga gaur hasiko duzue. Nola sentitu zarete azken prestaketa astean?

Sasoi-aurrea hasi zenetik, aste hau iristeko gogoz ginen. Ilusio handiarekin egingo diogu aurre, nahiz eta badakigun oso partida zaila daukagula Atletico Madrilen aurka, hainbat denboraldi baitaramatza titulu guztiak irabazteko borrokatzen. Halere, puntuak ateratzeko motibaturik gaude.

Gaurko partidari aurre egiteko ondo prestaturik zaudete, orduan?

Baietz esango nuke. Egia da denboraldi-aurrea apur bat arraroa izan dela; fitxaketa asko egon da, eta horrek apur bat zailtzen du elkar ezagutzea. Oso entrenatzaile ona fitxatu dute; lan handia egiten ari gara, eta gero eta hobeto gaude. Nire ustez, liga hasierara ondo iritsi gara.

Zuk zeuk nola ikusten duzu lehen partida? Lehen Mailan Vicente Calderonen debutatu baitzenuen.

Bai, Coruñako Deportivorekin debutatu nuen han, eta, alde horretatik ere, berezia izango da han jokatzea. Espero dut gaur berriro ere Vicente Calderonen aritzeko aukera izatea.

Atletico Madril, hirugarren jardunaldian Camp Noun Bartzelonaren aurka... Lehen Mailarako itzulera zaila daukazue.

Maila handiko aurkarien kontrako hasiera daukagu, baina, azkenean, denen aurka jokatu behar dugu. Lehenago edo geroago iritsiko zitzaizkigun talde handiak, baina, liga honetan, talde horiek ez ezik, oso maila ona dute talde guztiek, eta edozeinen aurka oso zaila izango da puntuak lortzea.

Zuk Lehen Mailan jokatu duzu. Diferentzia handia dago Bigarren Mailarekin alderatuz?

Bai, zalantzarik gabe. Oso segundo gutxi dauzkazu baloiarekin zer egin pentsatzeko eta erabakiak hartzeko. Taktikoki ere talde guztiak oso landuak daude, eta oso zaila da talde bat despistaturik topatzea. Beti esaten dena: edozein oker kontrako gol bilakatu daiteke.

Uda gogorra izan da? Esan duzu arraroa izan dela jokalari asko iristen joan direlako.

Fisikoki ez da oso gogorra izan, baloiarekin lan handia egin baitugu. Korrika soilik aritu beharrean, baloiarekin aritu gara, edo taktikoki gauzak landuz... Baloiak apur bat engainatzen zaitu, eta, alde horretatik, ondo.

Zer moduz lehen hilabete hauek entrenatzaile berriarekin?

Gustura nago berarekin, baita egindako lan taktikoarekin ere. Erasoari begira, baloia eduki nahi du, atzetik jokatzen hasi. Alboko atzelari erasokorrak gustuko ditu; beraz, bikain niretzat. Orain arte gauza positiboak soilik esan ditzaket, eta postua irabazteko lanerako prest nago.

Taldea nola ikusten duzu hainbeste aldaketaren ondoren?

Nire ustez, oso talde ona osatu da, jokalari oso interesgarriekin, eta kalitate handikoekin. Lanik zailena orain dator, elkar ezagutzeko orduan. Unitate bakar batek bezala funtzionatu behar dugu. Iragan sasoian agian ez zegoen kalitate desberdintasunik jokalarien artean, antzeko maila genuen, baina talde gisara funtzionatzea lortu genuen. Udan, fitxaketa onak egin dituzte, jokalari on asko ekarri, eta, horregatik, uste dut gorantz joan behar dugula. Denbora kontuengatik batez ere, ezagutzea eta elkar hartzea zaila baita. Hori pixkanaka helduko da, eta, orduan, maila handia emango dugulakoan nago.

Hori izango da orduan denboraldiaren gakoa, ezta? Talde gisara ahalik eta azkarren aritzea.

Hala uste dut, bai. Zeure taldekideak ezagutu behar dituzu, nola mugitzen diren, baloiarekin zer duten gustukoen... Hori ezagutzean dena askoz errazagoa da.

Helburua mailari eustea izango da, noski.

Bai, noski; hankak lurrean eduki behar ditugu. Erronka polita da. Badakigu itzulera urtea zaila dela. Pazientzia beharko da, bolada txarrak hel daitezkeelako, eta hor izan beharko dugu buruz benetan indartsu. Egoera horiek iristean,zaleen laguntzarekin ateratzen saiatuko gara, eta zelaian dena utzi. Ikusiko dugu noraino hel gaitezkeen.

Alde horretatik, nola ikusten duzu liga? Behetik berdintsu xamar?

Baietz esango nuke. Guztien gainetik dauden talde batzuk daude, eta, gero, talde asko gaude, mailaz berdintsu, ez jaisteko borrokan. Hortik aurrera, lana ondo egin beharko dugu, ahalik eta azkarren helburua lortzeko. Anbizioak ere asko egiten du, eta polita da ikustea posible dela beste helbururen bat lortzea. Pazientzia eduki behar dugu, gogoa eduki, borroka egin, umilak izan... Alavesen lantzen ari diren balioak, hain zuzen ere.

Eta zu zeu pozik zaude kontratua berritu ondoren?

Bai, pozik. Azkenean, ekainean joan nintzenean, apur bat atzeratu zen dena, kirol zuzendaritzan izan ziren aldaketengatik eta entrenatzaile aldaketarengatik; baina nik kontratua berritu nahi nuen. Nahiko eskaintza eduki ditut, baina nire lehentasuna Alavesen geratzea zen, eta pozik nago. Taldearekiko sentipen bereziak ditut, nirekin apustua egin baitzuten. Lotura handituz joan da pixkana-pixkana, iragan sasoian lehen mailara igo arte.

Lehen Mailan finkatzeko gogoz egongo zara, bi aldiz azaldu ostean.

Azkenean, jokalari guztiek horretarako lan egiten dugu: futbolaren mailarik gorenean egoteko. Horixe falta zait, Lehen Mailan nahiko jokatzea, eta espero dut lortzea. Gogor lan egingo dut, eta ilusio handia daukat. Denboraldia luzea da, eta konpetentzia handia dago nire postuan, baina denontzako aukerak egongo dira, ziur. Nik ahalik eta gehien egingo dut taldearen onurarako, horrek ere pertsonalki lagunduko baitit.

Fisikoki nola zaude? Hasieratik egoteak onura egingo zizun.

Iragan sasoian asko kostatu zitzaidan, aurreko denboralditik lesio bat neukalako. Aurten, ondo hasi naiz, normaltasun osoz, eta hasieratik entrenatzailearekin egotea ere lagungarri izan zait.

Gainera, esan duzun bezala, haren futbol ideiak lagundu egiten dizu, zu erasokorra izanik.

Bai, hala da. Gora asko iristeko eskatzen digu. Gero, atzera bueltan, korrika bueltatzea tokatzen da, eta defentsan gogor egon, baina egia da, alde horretatik, berak eskatzen duenarekin eroso sentitzen naizela.

Esango zenuke zure kirol ibilbideko garairik gozoenean zaudela orain?

Agian bai, bai eman nuen mailagatik eta bai igoera lortzeagatik. Aurretik jokatu dut partidaren bat Lehen Mailan, baina egoera ez da berdina. Orain, jokalari hobea naiz, esperientzia handiagoa dut, eta hori erakusteko gogoz nago. Lehen Mailan jokatzeko balio dudala erakutsi nahi dut, eta gure helburua lortzeko taldeari dena eman nahi diot.

Orduan, pertsonalki hori eskatzen diozu denboraldiari, erregulartasuna eta Lehen Mailako jokalaria zarela erakusteko aukera, ezta?

Bai, hori da. Gauzak ongi irten daitezela nahi dut, horrela taldeari ahalik eta gehien laguntzeko. Nik neuk ere neure buruari frogatu nahi diot Lehen Mailan aritzeko balio dudala. Eta, noski, futbolari guztiok eskatzen dugun bezala, lesiorik ez izatea espero dut.

Zaleak ere pozik egongo dira, hamar urteren ondoren igota, derbi askorekin... garai polita da itzultzeko.

Bai, hemen pasatu den egoeraren ondoren, ia desagertzeko zorian, Lehen Mailara iristea oso handia da, bai taldearentzat, bai hiriarentzat, eta, noski, baita zaleentzat ere, haiek egon baitira beti hor. Proiektu polit bat egiteko aukera dago orain, zorrik gabe, eta espero dut jokalariok behar den maila ematea.

Eta, pertsonalki, ilusio berezirik? Deportivoren aurkako partidak, agian?

Bai, Riazorrerako itzulera batez ere. Oso-oso berezia izango da niretzat, familia osoarekin bertan, eta egun hori aspalditik dago markaturik egutegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.