Hamar alpinista hil dira Broak Peak mendian, Pakistanen, elur jausi batek harrapatuta. Horietako bat Nirmal Purja eskalatzaile ezaguna da. Ostegunean izan zuten istripua, 6.600 metrotara, bigarren kanpalekutik hirugarrenera zihoazela. Purjak gidatutako espedizio agentziak gaur berretsi du hamar lagunak hil direla.
Nirmal Purja jatorri nepaldarreko alpinista eta militar britainiarra, Nims edo Nimsdai ezizenez ezaguna, mendiaren munduan aspaldi sortu den izar mediatiko handienetakoa zen, baina polemikaren erdian egon da beti. 2019an, 8.000 metrotik gorako munduko hamalau tontorretara igo zen zazpi hilabetean, baina estiloak mendi giroko jende askoren kritika harrotu zuen: oxigenoa erabili zuen mendi gehienetan, helikopteroarekin joan zen batetik bestera, eta xerpa talde indartsu batek ekipatzen zuen bidea bera iristerako.
2024an, berriz, xerpa entzutetsuaren aurkako salaketa egin zuten gutxienez bi emakumezkok, sexu jazarpenagatik, The New York Times egunkariak argitaratutako erreportaje batean.
Alpinistak berak esandakoaren arabera, 57 aldiz igo zen zortzimilakoetara. Gasherbrum II mendira igotzeko asmoz joana zen Pakistanera; duela bi aste lortu zuten hori, eta Broad Peakera igotzeko asmoa zuen orain.